Urtarrilaren 17an izango da Ataria  Bertso Jaialdia

Ataria 2025eko abenduaren 4a

Andoni Egaña, Maider Arregi, Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal, Xabat Illarregi eta Onintza Enbeita ariko dira bertsotan, eta Amaia Agirre izango da gai jartzailea.

Urte hasierarekin batera, Atariak bertsoarekin duen urteroko hitzordua etorriko da. Urtarrilaren 17an izango da 18:00etan, ohi bezala Leidor aretoan, eta Andoni Egaña, Maider Arregi, Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal, Xabat Illarregi eta Onintza Enbeita bertsolariak ariko dira taula gainean, Amaia Agirreren esanetan.

Atariak Harituz Tolosaldeko bertsozale elkargunearekin eta Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkartearekin batera antolatzen du bertso jaialdia. Gainera, Tolosako Udalaren laguntza du, eta Mahala etxeak ere babestu du ekitaldia. Datorren astean jakinaraziko da sarreren salmenta noiz eta nola egingo den. Hori bai, urtero moduan, atarikideek lehentasuna izango dute. Batetik, lehendabizi harpidedunek  izango dute sarrerak erosteko aukera; eta, bestetik, prezio baxuagoan eskuratu ahalko dituzte. 

Adi, beraz; jaialdiaren harrera onaren erakusle, segituan saltzen baitira sarrera guztiak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!