Tolosako Box.A elkartean dauka tailerra Txus Garcia Calvok (Beasain, 1998) eta bertan orduak ematen ditu erraldoiak eta buruhandiak egiten; negu edo uda izan, hotz edo bero, pasioz bizi du bere ofizioa. Konpartsetan erraldoiak dantzatzen hasi eta artisau bezala bukatu du.
Aspalditik al datorkizu erraldoi eta buruhandiekiko afizioa?
Txikitatik datorkit. Beasainen ateratzen zirenean haiei begira liluratuta geratzen nintzen. Donostiara ere joaten ginen Aste Nagusian, propio erraldoiak ikustera.
Eta noiz izan zen zure lehen aldia konpartsa batean?
Lehenengo aldiz 13 urterekin dantzatu nuen erraldoi handi bat. Beranduago, 16 urte nituela sartu nintzen Tolosako Erraldoi eta Buruhandien konpartsan eta ordudanik bertan nabil. Duela lau bat urte, nire herrian, Beasainen, konpartsa berpizteko lanean hasi ginen.
Tolosako Erraldoi eta Buruhandien konpartsan ikasi zenuen dakizun guztia?
Guztia ez dakit, baina konpartsa batek barrutik nola funtzionatzen duen ikasi nuen. Gauza asko egiten dira bertan, beste herrietan egiten ez direnak. Badu fama Euskal Herrian.
Hainbestekoa?
Bai. Beste konpartsen ondoan ondo posizionatuta dago Tolosakoa. Baina hori dena egindako lanaren emaitza da, ez baitugu alferrik igandero entseatzen. Enpeinu dezentekoa jartzen dugu erraldoiak behar bezala dantzatzen.
Zein sekretu du erraldoi bat ondo dantzatzeak?
Esango nuke inportanteena ilusioarekin egitea dela. Gero behar duzu oreka pixka bat, karga handi xamarra baitute erraldoiek. Gutxi gorabehera, hemengoek, 60 kilo inguru pisatzen dute, horregatik hiruzpalau lagun txandakatzen gara erraldoi bakoitzarekin. Guztira 20 lagun ibiltzen gara Tolosakoan.
Neska bezainbeste mutil aritzen zarete konpartsan?
Ez, gehiago gara mutilak. Hala ere, pixkanaka hasi dira neskak ere mundu honetan sartzen, baina kosta egiten da, hala ere.
Zein da gutxieneko adina konpartsa batean sartzeko?
Normalean 16 urterekin hasten dira neska-mutilak, eta hortik gora, berriz, ez dago mugarik, norberak erabakitzen du erretiroa noiz hartu. Jabetuta gaude gaztetxoen artean lilura handia sortzen dutela erraldoi eta buruhandiek, eta lehenbailehen hasi nahi izaten dutela. Horregatik, ahal denetan, umeekin saioak antolatzen ditugu pisu txikiagoko erraldoiekin probatu dezaten.
Tolosako konpartsaren esperientzia ikusita sortu duzue Beasaingoa?
Bai. Aurretik Beasaingo Ekaitz konpartsan saskibaloi taldekoak ibiltzen ziren erraldoi eta buruhandiekin baina ez zuten mugimendu handirik. Gu duela lau urte sartu eta oso gustura gabiltza, martxa handia daramagu eta urtean sei bat alditan ateratzen gara. Sei erraldoi dauzkagu eta zortzi buruhandi. Azkeneko biak duela bi urte sortu nituen nik: Antonio Lakasa eta Maria Andrea. Beasaingo geltoki burua eta geltokian bertan zegoen tabernako zerbitzaria ziren, hurrenez hurren.
Noiz hasi zinen erraldoiak egiten?
18 urterekin edo. Ikasketak utzi eta mundu honetan sartu nintzen buru-belarri. Lehendabizi buruhandi eta erraldoiak zaharberritzen hasi nintzen, eta gero hasi zitzaizkidan enkarguak egiten berriak egin nitzan.
Nonbait ikasi al zenuen erraldoigile izateko?
Erabat autodidakta naiz. Egin eta egin ikasi dut, ez inork erakutsita. Akatsa egin eta hura zuzendu, metodo hori jarraituta lortu dut prozesua hobetzea. Bihotzak agintzen didana egiten dut gehienetan, nire intuizioari jarraitzen diot.
«Erabat autodidakta naiz. Akatsa egin eta hura zuzendu, metodo hori jarraituta lortu dut prozesua hobetzea»
Zein abilidade behar du erraldoigile batek?
Buztinarekin ondo moldatu behar duzu eta aurpegiaren formei erreparatzen abila izan behar duzu.
Fisionomista ona zara?
Jendearen aurpegieran dezenteko arreta jartzen dut. Pertsona bati begiratu eta askotan haren aurpegiera erraldoi batentzat aproposa dela iruditzen zait.
Erraldoiak errealistagoak dira eta buruhandiak fantasiatsuagoak?
Bai, oro har, bai. Erraldoiak serioagoak izaten dira eta buruhandiak gehiago dira marrazki bizidunen tankerakoak. Niri errealismoa gehiago gustatzen zait, erosoago ibiltzen naiz erraldoiak egiten. Niretzat pertsonaia bat gorpuztea erronka handi bat da.
«Niri errealismoa gehiago gustatzen zait, erosoago ibiltzen naiz erraldoiak egiten buruhandiak egiten baino»
Nondik abiatzen zara erraldoi edo buruhandi bat diseinatzerakoan?
Informazioa bilatzen dut. Erabakitako pertsonaiaren inguruko dokumentazioa aztertzen dut. Batzuetan badaude haiei ateratako argazkiak, baina beste batzuetan ez, eta, orduan, asmatu egin behar izaten dut, irudimena erabilita.
Beti proposatzen dizute zein pertsonaia egin?
Normalean konpartsek ideia bat izaten dute eta horrekin datozkit. Hala ere, badira okasioak non nik ere egiten dudan proposamena. Horrelakoetan bozeto bat baino gehiago prestatzen dut, eta gero, konpartsari aurkezten dizkiot, egokiena iruditzen zaiena aukeratu dezaten.
Zein material erabiltzen duzu erraldoiak eta buruhandiak egiteko?
Gorputz euskarri baten gainean buztinarekin aurpegiari forma ematen hasten naiz; kiloak eta kiloak erabiltzen ditut horretarako. Bolumena sortu ahala, forma hartzen dute begiek, ahoak, sudurrak eta hazpegiek. Proportzioak zaindu behar izaten dira, eta ongi gera dadin pixka bat esajeratu behar izaten da. Behin hori amaituta daukadanean, bi zati egin eta silikonazko molde bat ateratzen diot. Lehortzen denean atera eta zuntzarekin estaltzen dut. Gero margotzearen fasea dator: oliozko margoak erabiltzen ditut horretarako; difuminatzeko egokiak dira eta kalitatezko bukaera ematen diote erraldoiari.
Pintatzeko fase horri neurria hartzen zaila al da?
Oreka bilatu behar izaten da eta errealismoa bilatu. Niri bereziki gustatzen zait margotzearen prozesu hori, asko erlaxatzen nau.
Buruaz ari gara, baina gero soina eta eskuak ere egin behar izaten dizkiozue erraldoiari.
Bai, hori da. Eskuak egitea da seguruena parterik zailena. Mugimendua eta gihar asko islatu behar izaten dira eta ez da batere erraza izaten eskuak natural irudikatzea.
Jantziak zuk egiten dituzu?
Iruñeko lagun batek, Gabriel Jimenezek egiten dizkit jantziak. Nik diseinatzen ditut, baina berak aukeratzen ditu oihalak. Horrekin batera osagarriak ere asmatu behar izaten ditut, askotan, erraldoiaren esentzia hor egoten baita. Irudikatzen al duzu koroarik gabeko erregerik, adibidez? Detaile horiek asko zaindu behar dira eta umeek, gainera, izugarrizko arreta jartzen dute horretan. Geroz eta tramankulu eta kolore gehiago, orduan eta gehiago asaldatzen dira umeak.
Zenbat denbora behar izaten duzu erraldoi bat egiteko?
Hilabeteetakoa. Ordu asko pasatu behar izaten dira erraldoi bat egiteko, eta gorabehera asko pasa behar izaten ditugu. Bi erraldoi ertain egiteko hiru hilean egin ditzaket, baina handiak egiteko urte erdi baino gehiago behar izaten dut.
Asko hondatzen dira erraldoi eta buruhandiak?
Erabiliaren erabiliaz bai. Kolpeak har ditzakete, erorketak izan. Euriak ez die kalterik egiten, ez behintzat zuntzezko hauei.
Orain arte zein erraldoi egin dituzu?
Legazpirako lau erraldoi ertain egin ditut, Beasainerako bi erraldoi handi, Ibarrarako beste bi handi, eta Donostiako Alde Zaharreko eta Gasteizko konpartsa batzuentzat ere aritu izan naiz.
Horietako baten batekin harro sentitzen zara bereziki?
Ibarrarako egin nituen Bartolo eta Bartolarekin, esango nuke. Aurretik zeudenak zahartuta zeuden eta berriak egiteko eskatu zidaten. Mantendu nahi izan zuen erraldoi zaharren esentzia eta potoloak egin nituen. Horrelakoak ez dira asko ikusten, eta horregatik nago harro egindako lanaz. Ansoainerako egin nituen bestelako lau erraldoi ertain eta oso gustura nago, baita ere, hango lanarekin.
Eta egin duzun buruhandiren bat bereziki gustuko duzuna?
Ez ditut hainbeste egin, baina Asteasukoak aipatuko ditut. Hiru egin nituen: gargola bat, sorgin bat eta muskerra. Oso politak geratu ziren. Gauza ezberdinak egitea oso motibagarria egiten zait.
Erraldoi ertain eta handien artean zein da diferentzia?
9 urtetik gorako umeentzat pentsatutakoak dira ertainak, ez dute hainbesteko altuerarik izatean —ez dira hiru metrora iristen— eta arinagoak ere badira. Orain, adibidez, bi erraldoi ertain egiten ari naiz Beasaingo konpartsarako —Maria Lopez de Igartza eta Martin de Loinaz—. Beti izan dut mundu hau umeei erakusteko bokazioa eta eskola bat sortu nahian nabil, txikitatik gaztetxoei erraldoi eta buruhandien harra sartzeko.
«Umeei erakusteko bokazioa dut eta eskola bat sortu nahian nabil, txikitatik gaztetxoei erraldoi eta buruhandien harra sartzeko»
Animatzen al dira gaztetxoak?
Bai, animatu dira batzuk Beasainen. Tuteran badago horrelako eskola bat, baina hemen gertuan ez. Beraz, lasai asko etorri daiteke guregana Gipuzkoa aldean afizio duen umea.
Nolakoa da erraldoi bat lehenengo aldiz ateratzen aldia?
Oso berezia eta hunkigarria izaten da niretzat estreinaldiaren une hori.
Zeure burua artistatzat daukazu?
Bai, oso artistatzat, gainera. Artistatzat eta artisautzat, aldi berean. Ia dena eskuz egiten dut. Orain 3D inprimagailu bat erabiltzen dut osagarriak eta diseinatzeko, belarritakoak edo bitxiak egiteko. Baina gainerako guztia eskuz egiten dut, pazientzia handiz.
Ondo ordainduta dago zuen lana?
Arteari, oro har, ez zaio behar bezainbesteko balioa ematen, eta bizimodua ateratzea kosta egiten da. Hala ere garrantzitsuena norberak bere buruarengan sinestea da, egindako lanari balioa ematea eta justua den prezioa jartzea azken emaitzari.
Asko zarete erraldoigile bezala aritzen zaretenak Gipuzkoan?
Oso gutxi. Besteren bat ezagutzen dut, baina bestela tradizio handiagoa dute Nafarroa aldean. Gure artean, zorionez, harreman ona dugu, eta elkarri asko laguntzen diogu.
«Antzerki mundu hori asko interesatzen zait, eta pentsatzen dut zabaldu egin behar dugula geure begirada»
Etorkizunerako zein da zure asmoa?
Erraldoi eta buruhandien munduan jarraitu nahi nuke baina eremu zabalagoan. Zergatik ez txertatu erraldoiak ikuskizunetan? Antzerki mundu hori asko interesatzen zait, eta pentsatzen dut zabaldu egin behar dugula geure begirada. Orain kalera atera eta dantzatu egiten dugu, betikoa, baina uste dut bultzada bat eman diezaiokegula mundu honi eta beste esparru batzuetan aritu.