Datorren asteburuan jarriko da abian XII. Migel Soroa Oroimenezkoa. Garaje Tolosan egin da aurkezpena, aurtengo babesleetako bat. Aurten besteetan baino beranduago hasiko da, egunotan Euskal Pilotako Nazioen Liga jokatzen ari delako Bilbon. Abenduaren 7an jokatuko da lehen jardunaldia, eta igandero izango dira partidak Beotibar pilotalekuan. Jaialdiak 16:30ean hasiko dira, eta maila bakoitzeko partida bana jokatuko da.
Txapelketa honen helburuetako bat, pilotari handi berriak sortzea dela esan dute antolatzaileek, eta pilotariek lehiarekin disfrutatzea. Txapelketa aurrera eramateko babesleak ezinbestekoak direla esan ondoren, aurtengo babesle nagusia den CMO Valves enpresako buru Iker Diezek hartu du hitza: «Pilota gero eta garrantzitsuagoa da Tolosan, eta oso pozik gaude txapelketa hau babesteagatik». Aurkezpenean Anjel Mari Peñagarikanok pare bat bertso abestu ditu, besteak beste, pilotariei animoak emanez.
Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak ere hartu du hitza, eta Soroa pilota txapelketa Tolosan jokatzea herriarentzat garrantzitsua dela nabarmendu du. «Oso lotua dago pilotara Tolosa, eta ahal dugun neurrian babesten saiatzen gara». Eskerrak eman dizkie antolatzaileei, «ez delako lan erraza hamabi urtetan arrakasta honekin txapelketa antolatzea». Pilotariei, berriz, indarra eman eta zorte ona opatu die.
Ohi bezala, hiru mailatan jokatuko da txapelketa: promesa maila, lehen maila eta elite maila. Bakoitzean bi multzo daude, eta multzo bakoitzean bost bikote. Multzo bakoitzean bi bikote daude buru direnak eta horiek final-laurdenetako ligaxka jokatuko dute zuzenean. Multzo bakoitzean ligaxka jokatuko duen hirugarren bikotea beste hiru bikoteen artean aterako da: zerrendako azken bikoteak azken bigarrenarekin jokatuko du eta irabazleak zerrendako beste bikotearen kontra jokatuko du. Partida horretako irabazlea pasako da final-laurdenetako ligaxkara.
Finalerdietarako multzo bakoitzeko bi lehenengoak sailkatuko dira, eta multzo bakoitzeko lehenengoak bestearen bigarrengoaren kontra jokatuko du. Finalerdietako jardunaldietako bat otsailaren 1ean jokatuko da, eta bestea otsailaren 8an. Finalak otsailaren 15ean jokatuko dira, Zaldunita egunean.