Ekonomia zirkularra modelatzen erakusketan lanbide heziketako hamaika ikastetxetako ikasleek sortutako eskulturak bildu dituzte, tartean, Tolosako Peñascal zentrokoak. Ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak sustatu du, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen esparruan, eta ikasleek birziklatutako eta pieza artistiko bihurtutako materialetatik sortutako eskulturak biltzen ditu.
Proposamen honen helburua da eredu zirkular baterako trantsizioan hezkuntzak betetzen duen funtsezko eginkizuna ikusaraztea. Eskuzko lanaren, esperimentazioaren eta berrikuntzaren bidez, gazteek erakusten dute posible dela hondakinei bigarren bizitza ematea eta balioa duten baliabide bihurtzea.
Jasangarritasuneko diputatu Jose Ignacio Asensiok balioa eman dio ikasleen eta irakasleen inplikazioari sormena, prestakuntza eta ingurumen-kontzientzia uztartzen dituen proiektu batean: «Ekonomia zirkularra ikasgeletan hasten da. Eskultura bakoitzak dagoeneko martxan dagoen kultura-aldaketa bat islatzen du: hondakinak aukeratzat hartzen dituen gazteena. Horrelako ekimenek aukera ematen diete belaunaldi berriei gaitasun teknikoak eta ingurumenekoak garatzeko, eta trebetasun horiek ezinbestekoak izango dira beren etorkizun profesionalerako gero eta jasangarriagoak diren sektoreetan».
Edizio honetan ikastetxe hauek parte hartu dute: CIFP Kardala LHII (Mutriku), Izarraitz Lanbide Heziketa LHII (Azkoitia), Peñascal Kooperatiba (Tolosa), Ortzadar Ikastetxea (Donostia), Oteitza Lizeo Politeknikoa (Zarautz), CPIFP La Salle Berrozpe LHIPI (Andoain), Mendibil Formazio Zentroa BHIP (Irun), Meka Lanbide Eskola (Elgoibar), Oñati BHI (Oñati), Aretxabaleta Lanbide Eskola (Aretxabaleta) eta Easo Politeknikoa (Donostia).
Eskulturek askotariko ikuspegiak erakusten dituzte, hala nola kontsumoari buruzko hausnarketa artistikoak eta naturaren eta industriaren arteko orekaren irudikapen sinbolikoak. Peñasacaleko ikasleen kasuan, Tximeletaren efektua eskultura sortu dute. Horrekin, keinu txiki batek mundua mugiarazi dezakeenaren ideia adierazi nahi izan dutela esan dute, «eta aldi berean, ekonomia zirkularraren espiritua ospatu: zaharra berritu, hondakina edertu, bizitzak berriz konektatu».
Ekonomia zirkularra modelatzen erakusketa jendearentzat zabalik egongo da Hondakinak Prebenitzeko Europako Aste osoan, eta materialen balioari, gure ohituren inpaktuari eta etorkizun jasangarriagoa eraikitzeko gazteek duten zereginari buruz hausnartzera gonbidatuko du.