Orixe BHIko eraikin berria inauguratu dute

Ataria 2025eko azaroaren 28a

Eusko Jaurlaritzak 14.055.846,96 euro inbertitu ditu, eta, irailaz geroztik, ikastetxearen eskola-jarduera jasotzen du. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua izan da inaugurazioan.

Ekitaldi instituzionalaren buru izan da Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua, eta berarekin batera Itziar Errasti ikastetxeko zuzendariak, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak, Amaia Urcelay Hezkuntza Saileko lurralde ordezkariak eta zuzendaritza taldeko eta hezkuntza komunitateko ordezkariek parte hartu dute. Hasieran ikasleek agurra dantzatu dute, eta ondoren inaugurazioan parte hartu dutenek eraikinaren hainbat gune bisitatu dituzte: liburutegia, Ikaslab gela eta musika gela, besteak beste. Teilatu laua ere bisitatu dute, bertan jarrita dauden eguzki-plakak ikusteko.

Bisitan, sailburuak azpimarratu du Orixe berriaren inaugurazioa «mugarri bat» dela «Hezkuntza Eraiki 2030en barruan», Hezkuntza saila estrategia horrekin ari baita aldatzen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza-azpiegiturak. Adierazi duenez, «kontua ez da soilik eraikinak eraikitzea, baizik eta gure ikasleak elkarrekin bizi, ikasi, erlazionatu eta etorkizunera begira dauden espazioak sortzea».

2022ko azarotik 2025eko uztailera bitartean aurreko eraikina eraitsi eta DBHko eraikin berria eraiki zuten. Bertan, Bigarren Hezkuntzako ikasgelak, laborategiak, teknologia, informatika, musika eta plastikako ikasgelak, liburutegia, bitan banatzeko espazioak, gimnasioa, kirol pista estalia eta kanpoko patioak daude. Espazio horiek guztiak ingurune argitsu, eroso eta malgu gisa eratu dira, eta lankidetza-lana eta ikasleentzako hezkuntza-esperientzia motibagarriagoa bultzatzeko sortu dira. Ikastetxeak Gorosabel eraikin historikoa ere eusten dio, Batxilergorako erabiltzen dena, eta bolumen berriari lotuta, bi espazioen arteko ibilbide eroso eta seguruak ziurtatzen dituen pasabide estalia dago.

Eraikin berriaren elementu berezienen artean, hall nagusian dagoen anfiteatro motako harmailak nabarmentzen dira, hezkuntza-komunitatearen topagune bihurtu dena. Gune honek ikasleei irekitako bilerak, aurkezpenak, proiekzioak eta jarduerak hartzeko aukera ematen du, eta gelako dinamika batzuk emateko, irakurtzeko eta ikasgelatik kanpo egiten diren hezkuntza-jardueretarako ere erabiltzen da, haien moldakortasuna aprobetxatuz. Sailburuaren hitzetan, «harmaila hau ez da arkitektura-baliabide polita soilik; espazio honek eraikina definitzeko modua sinbolizatzen du: ikastetxearen eta bere hezkuntza-komunitatearen eguneroko bizitzaren zerbitzura».

Sailburuaren esanetan, Orixeko eraikin berriaren inaugurazioa hobekuntza nabarmena da Tolosako hezkuntza komunitatearentzat, eta Hezkuntza Eraiki 2030ek euskal hezkuntza sistema osoan markatzen duen norabidearen adibidea. Azpiegiturak modernizatzeko eta berritzeko estrategia horrek «hezkuntza-esperientziaren, ekitatearen eta ongizatearen zerbitzura» jartzen ditu eskola-espazioak, gogorarazi du Pedrosak, eta azpimarratu du hezkuntza-zentroak «ikasleek egunerokotasunean nola bizi duten eragiten duten inguruneak direla: nola ikasten duten, nola erlazionatzen diren eta nola sentitzen diren lagunduta».

Itziar Errasti Orixe BHIko zuzendariak gogora ekarri du pasa den ikasturtean institutuaren 50. urteurrena ospatu zutela. «Oraingoan etapa berri bat hasten gara eraikin berri hau inauguratuta. Gure nahia da etxe hau ikasle guztiek euren talentuak ezagutzeko, trebetasunak garatzeko eta ametsak bilatzeko lekua izatea da». Hezkuntza aldaketa sozialaren motorra dela gaineratu du, eta Orixen «prestakuntza integralaren» aldeko apustua egiten dutela, «ezagutza transmititzeaz gain, elkartasuna, erantzukizuna eta espiritu kritikoa bezalako balioak sustatuz». Eraikin berriak ikasteko eta irakasteko prozesuak hobetzeko aukera emango diela esan du, «metodologia aktiboak aplikatuta eta ikaslea bere ikaskuntza prozesuaren protagonista izaten lagunduta. Horrela, ikaskuntza sakonago bat lortu ahal izateko».

Eraikin «oso atsegina» dela dio: «Gune zabalak ditu, irekiak, espazio komunak, argitsua... Ezaugarri horiek lagunduko digute eraikin honetan giro goxo, segurua eta erosoa sortzen. Oraindik hasi berriak gara, irailean hasi genuen ikasturtea, eta komunitate osoak, batez ere irakasleek eta ikasleek, gure eraikina gure egiteko erronka dugu aurretik». Helburua bai fisikoki eta bai emozionalki «eskola seguru bat» izatea da. Eskolaren publikotasuna nabarmendu du Errastik: «Gure bokazioa da komunitateari gure baliabideak zabaltzea eta eskaintzea: hemengo azpiegiturak eta zerbitzuak eskualdera zabaldu nahiko genituzke, eta epe ertain-labur batean herriaren eskura jartzea gustatuko litzaiguke».

Azkenik, zuzendariak biziki eskertu nahi izan du proiektua posible egin duten pertsona guztien lana eta dedikazioa: agintariak, Hezkuntza arduradunak, arkitektoak, langileak, gure eskutik etorri diren familiak... «Esker mila ere obrak iraun duen bitartean zuen etxean jaso gaituzuen ikastetxeei: Samaniego, Tolosaldea, Hizkuntza Eskola, Paper Eskola... Horiek gabe hau ez zen posible izango». Bertako langile eta irakasleei ere, eskerrak eman dizkie «zuen pazientzia, bokazio eta emanagatik. Zentro honen bihotza zuek zarete, eta zuen lana ezinbestekoa da gure gazte hauek gidatzeko eta inspiratzeko».

Orixe BHIko eraikin berria martxan jarrita, Hezkuntza Sailak beste urrats bat eman du ikastetxe moderno, ekitatibo eta jasangarrien aldeko apustuan. Hezkuntza Eraiki 2030 estrategiak hezkuntza-eraldaketaren bihotzean kokatzen ditu azpiegiturak, eta «ikastetxeetan inbertitzea Euskadiko ikasleen ongizatean, elkarbizitzan eta etorkizuneko aukeretan inbertitzea» dela ulertzen duen eredua gauzatzen du.

Argazkiak: Tolosako Udala eta ATARIA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!