Abenduaren 5ean piztuko dituzte Tolosako Gabonetako argiak

Ataria 2025eko azaroaren 28a

Tolosako Gabonetako argien iazko pizte-ekitaldiko irudia. JOSU ARTUTXA

Plaza Berrian izango da ekitaldia 19:00etan, musika eskolako ikasleek girotuta. Argi berriak estreinatuko dituzte aurten, esaterako, Mari Domingiren irudia osatzen dutenak udaletxean.


Tolosako Udalak datorren ostiralean, abenduak 5, piztuko ditu herrian zehar jarritako Gabonetako argiak. Azken urteetan egin bezala, ekitaldi txiki bat antolatu du Plaza Berrian; 19:00etan hasiko da. Eduardo Mocoroa Udal Musika Eskolako akordeoi, biolin eta txistu ikasleek girotuko dute ekitaldia. Urteroko ohiturari jarraituz, haiek arduratuko dira argiak pizteaz. Gainera, argiztatutako panpinak jarriko dituzte plazan, herritarrek argazkiak egiteko. Euria eginez gero, kioskoan egongo dira.

Aldaketak izango dira aurtengo argiterian. Iaz amaitu zen orain arteko kontratua, eta lizitazio berria egin du udalak. Orain arteko enpresa berak lortu du esleipena, baina zenbait aldaketa izan dira kontratu berrian, eta argi berriekin argiztatuko dute herria. Aldaketa gehiago ere proposatu zituen udalak. Esaterako, aurreko urteetan baino leku gehiagotan jarri dituzte argiak, eta udaletxean Mari Domingi irudikatzen duen argiztatutako irudia ere jarriko dute; orain arte, Olentzerorena bakarrik jarri izan dute. Kasu guztietan, kontsumo baxuko Led argiak erabiliko dituzte.


Amaitzeko, udalak aurreratu du aurki emango duela Eguberrietako egitarauaren berri.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!