Kalean da 'Lur,' Juantxo Zeberiok Maddi Oihenartekin egindako diskoa

Ataria 2025eko azaroaren 28a

Musikari tolosarrak eta Barkoxeko (Zuberoa) abeslariak hiru urtez landu dute proiektua, eta hamaika kantuz osatutako lana argitaratu dute. Palestinako oihua euskal doinu bihurtzen den lurraldea omen da 'Lur'.

Juantxo Zeberio Etxetxipia musikari tolosarraren eta Maddi Oihenart abeslari barkoxtarraren lan berria da Lur. Gertakari «berezia» dela adierazi du Promo Musika sustatzaileak. Izan ere, 15 urte igaro dira elkarrekin azken diskoa kaleratu zutenetik. Bada, hiru urte eman dituzte elkarrekin lanean, Lur denborarekin eta lasaitasunez sortzen, eta hamaika kantuz osatutako bilduma kaleratu dute. «Hiru urte Gazako minaren oihartzuna entzuten. Oihenartek bere lurraz hitz egiten du diskoan. Eta gure lurraz hitz egitean, saihestu ezina da lur gabeak sartzea, saihestezina da Palestinaz hitz egitea», azaldu dute.

Hiru esanahi eman dizkiote Lur izenari:

  • LUR. Tradizioa eta abangoardia eskuz-esku.
  • LUR. Patxadaz egindako lan bat; gertakari arraro bat gaurko musika-eszena frenetikoan.
  • LUR. Palestinako oihua euskal doinu bihurtzen den lurraldea.

Musikalki, bien diskorik berezienetakoa da. «Kantu bakoitzak mundu sonoro propio bat osatzen du bere baitan. Sinplea bere oinarrian, baina konplexua aldi berean, gizakiaren sakonera begiratzen duena. Hari sekzio ederrak, gitarra elektrikoa, harpa, bateria, elektronika ukitu finak eta abar luze bat aurki daitezke bere baitan. Bere txikian, disko handi bat da». Zeberiok sortu ditu konposizio eta moldaketak. «Harrigarriak, baina pausatuak aldi berean, kantuaren alde beti».

Zenbait kolaboratzaile izan dituzte diskoan, besteak beste, Olaia Inziarte, Miren Narbaiza eta Julen Achiary. Tolosako zenbait musikarik ere kolaboratu dute, tartean, Ana Arsuaga Verde Prato kantautoreak, Miren Zeberio biolin-jotzaileak, Itsaso Etxebestek baxu elektrikoarekin eta Karlos Aranzegi bateria-jotzaileak. We Are Standard taldean ezagun egin zen Jon Agirrezabalagak egin ditu nahasketak.

Bideoan entzungai duzue Lili bat aurrerapen-kantua, Joseba Sarrionandiaren hitzekin Mikel Laboak egindako abestiaren bertsioa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!