Tolosako Intujai espazioaren (Gudari kalea 16, baxua) urteurrena ospatuko dute asteburu honetan. Horretarako, bi ekitaldi izango dira. Lehena, bihar izango da. Gala berezia egingo dute 19:30ean, eta Urtzi Gorostiagak, Beñat Zubizarretak eta May Gorostiagak parte hartuko dute. Helduei zuzendutako saioa izango da, euskaraz eta gaztelaniaz. Igandean, berriz, Oier Jurado magoak Delivery magia ikuskizuna egingo du, 17:00etan. Familientzako saioa izango da, eta euskara hutsean egingo du.
Abenduan ere beste bi saio izango dira Intujai espazioan. Abenduaren 12rako (ostirala), Jam poetikoa ikuskizuna antolatu dute; helduei zuzendutako saioak izango dira, euskaraz nahiz gaztelaniaz, eta 20:00etan hasiko da ikuskizuna. Kepa Fernandez de Larrinoak Estos ojos afilados saioa egingo du, Ekaitz Goikoetxeak Zirriborro bat eta May Gorostiagak Ochipelago. Txabeli Sierra biolin-jotzaileak musikarekin girotuko ditu saioak. Egun bat beranduago, Guachiplin txotxongilo-konpainia nikaraguarrak Navidad y otras historias desde Nicaragua ikuskizuna egingo du; 17:00etan hasiko da. Familiei zuzendutako saioa da, eta gaztelaniaz egingo dute.
Sarrera doakoa izango da lau egunetako ikuskizunetarako, baina izena aurrez ematea eskatu dute Intujai teatro konpainiako ordezkariek. Horretarako, 678 990 162 telefono zenbakira deitu behar da.