Oinarrizko infantil mailako taldeak garaipena lortu du asteburuan Castello de la Planan jokatutako oinarrizko taldekako Espainiako Txapelketan. Ostiralean egindakoa euren lehen parte hartzea izan zen maila horretako txapelketa batean. Henard Penilla, Maddi Asenjo, Intza Aldasoro, Aiuri Sodupe eta Irune Diego gimnastek ariketa bikaina sinatu zuten, eta horri esker txapeldun izendatu ziren. Maila berri batean estreinatzea erronka handia izan bada ere, taldeak maila gorena eman eta izandako denboraldi ikusgarriari urrezko amaiera eman dio.
Egun berean lehiatu ziren kadeteak ere: Lujan Diez, Ellen Mills, Enara Jaka, Maren Alonso eta Uxue Ormazabal gimnastek 6. postu bikaina eskuratu zuten 118 taldeen artean, eta zegokien diploma jaso zuten, egindako lan sendoaren erakusgarri. Urduritasunak nabariak izanik, lan bikaina egin dute denboraldian zehar, eta beren garaikur zerrendari bigarren diploma bat gehitu diote.
Asteburuak jarraipena izan zuen igandean, klubeko taldeek Espainiako Kopako hirugarren fasean parte hartu baitzuten. Lehiaketak erkidego bakoitzeko bi talde onenak biltzen ditu, eta Tolosa CF klubak junior eta senior kategorietan talde bana aurkeztu zuen.
Arene Amondarain, Haizea Aldasoro, Uxue Morea, Ane Iraola eta Aroa Madina gimnastekin junior taldea maila absolutuan egindako debut arrakastatsuarekin nabarmendu zen. Lehiaketa estuan, 6. postu bikaina eskuratu zuen 25 talderen artean.
Bestalde, senior taldearekin Olaia Etxeberria, Ibai Lekue, Naroa Asenjo, Irune Suarez eta Nahia Esnaola gimnastak aritu ziren. Maila sendoa erakutsi zuten eta 11. postua lortu zuten 31 talderen artean.
Bi taldeek helburu nagusia bete dute: Espainiako Txapelketarako sailkatzea, datorren abenduan Madrilgo WiZink Center ospetsuan jokatuko dena. Gimnasta guztientzat izango da maila absolutuko lehen parte hartzea Espainiako Txapelketan, eta ilusioz, gogo handiz eta lan nekaezinez prestatzen ari dira.
Klubak adierazi duenez, «harrotasuna ez datorkie soilik emaitzetatik, baizik eta egunero gimnastek erakusten duten konpromisoa, ahalegina eta pasioa dira balio handiena». Era berean, bihotzez eskertu dituzte euren babesleak —CMO Valves, Garaje Tolosa eta Udarko Promo—, baita talde teknikoa eta familiak ere: «Haien laguntza ezinbestekoa baita bide hau posible egiteko».