«Guri benetako poztasuna ematen digu hamargarren ediziora iristeak», esan du Aitor Vacas Irristaka taldeko patinatzaileak. «Urte asko izan dira proba hau aurrera ateratzen, eta beste urte batez egingo da kirol ekitaldi polit hau Tolosan».
Egutegiaren data zailetan antolatzen dute proba, hainbat klubetako patinatzaileak atseden hartzen ari direlako edo denboraldiaurrea hasi dutelako. Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako patinatzaileek parte hartu ohi dute, eta baita Euskal Herritik kanpo etorritakoak ere. «Gipuzkoan horrelako proba oso gutxi egiten dira. Azken urteetan Euskal Ligako antzeko probak egin dira Bizkaian eta Araban, eta Gipuzkoan proba bat antolatu dugu azken bi urteotan. Baina kiroldegi batean, indoor formatuan eta txapelketa moduan, oso proba gutxi egiten dira Euskal Herri zein estatu mailan. Lehen esan bezala, poztasuna ematen digu proba antolatzen jarraitzeak».
Hiru mailatan banatuko da ekitaldia. Lehen mailan 2017 eta 2014 artean jaiotakoek parte hartuko dute, baina hau lehiaketatik kanpo geratuko da, eta ez da sailkapenik izango. Bigarren kategorian, 2013 eta 2010 artean jaiotakoek parte hartuko dute. Neskek eta mutilek bananduta parte hartuko dute, eta sariak emango dituzte. Hirugarren mailan 2009 urtean eta ondoren jaiotakoek parte hartuko dute, eta hor ere emakumezkoek eta gizonezkoek bananduta parte hartuko dute, eta sariak emango dituzte. Guztira Irristaka taldeko 20-25 patinatzailek parte hartuko dute, hiru kategorietan. Bestalde, hiru zatitan banatuko dira probak: abiadurazkoa, lau itzulikoa; iraupenezkoa, bederatzi eta hamabi itzulikoak; eta azken proba erreleboena izaten da, 12 eta 18 itzuli artekoak, adinaren arabera.
Probak ikusgarritasun handikoak dira: «Oso politak dira. Indoorra oso teknikoa da, eta zortea izan dugu azken urteetan maila handiko patinatzaileak etorri zaizkigu, eta horrek ematen dio ikusgarritasun puntu hori. Bihurguneak nola egiten dituzten oso polita izaten da, eta nahiz eta ez ezagutu, oso polita da ikusteko».