Tolosa, Estrasburgon eredu

Ataria 2025eko azaroaren 26a

Europako Kontseiluak gonbidatuta, hitzaldia egin du Andu Martinez de Rituerto alkateak Tolosako gobernantza-eredu deliberatiboaren inguruan.

Tolosako gobernantza-eredu deliberatiboa hizpide izan dute goizean Estrasburgon (Frantzia), Europako Kontseiluaren egoitzan. Demokrazia deliberatiboari buruzko Europako konferentzia egin dute, Europa demokrazia deliberatiboaren bidez: hiriak eta eskualdeak ekinean! izenburupean.

Europako Kontseiluak berak gonbidatuta, bertan izan dira Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatea eta Garikoitz Lekuona Komunitatea eta Gobernantzako arduradun teknikoa. Alkateak hitzaldi laburra eman du goizean, Tolosako esperientziaren nondik norakoak azaltzeko. Lehen hitzak euskaraz egin ondoren, ingelesez eman ditu azalpenak. Segidan, mahai inguru batean parte hartu du, Zviahel (Ukraina) eta Mostar (Bosnia eta Herzegovina) hirietako ordezkariekin batera. Demokraziaren arriskuen aurrean, deliberazio bidezko esperientziek ematen dituzten aukeren inguruan aritu dira.

Herritarren Batzarra

Zehazki, Tolosako Herritarren Batzarraren esperientzia kontatu du Andu Martinez de Rituertok, eta balioa eman dio prozesuak hastapenetik izan zuen erabateko adostasun politikoari, eta tartean gobernu aldaketa izan arren, eman zaion segidari: «2021. urtean proposamena jaso genuen, eta hiru alderdiok egin genuen bat, herritarrak engaiatzeko esperientzia aberasgarria zelako. Bi agintalditan zehar gauzatu dugu esperientzia, eta segida eman zaio», azaldu du.

Prozesuaren ondorioetan ere sakondu du alkateak. Azpimarratu du EHUk prozesuari buruz egindako ebaluazioan parte hartzaileen ahalduntze- eta konfiantza-mailaren gorakada direla ondoriorik agerikoenak. «Sentitu dute entzunak izan direla, eta gaitasun handiagoa dutela udal politiketan ekarpenak egiteko», esan du. Nabarmendu du barne-mailan ere nabaritu dela: «Eskari eta proposamenak kontuan hartzen dituzte sailetako teknikariek; euren lanketetan ikuspegi hori txertatzea lortu da. Nolabait, agendan daude ekarpen horiek». Horrez gain, tokiko nahiz kanpoko eragile sozial, publiko eta komunitarioekin harremana sendotu dela adierazi du.

Irakaspenak ere azaldu ditu alkateak, lau puntutan: «Azpiegitura zibikoetan eta horiek gidatuko dituzten profesionaletan inbertitzen jarraitzearen garrantzia; udal sailen jarraipena prozesu osoan zehar; marko juridiko baten beharra, zailtasun administratiboak gainditu ahal izateko; eta esperientzia komunitarioak beste esparru batzuetara zabaltzearen garrantzia».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!