Tolosako Udala kezkatuta dago gaikako bilketaren tasak beheranzko joera izan duelako azken bost urteetan: 2021ean % 67koa zen tasa, eta gaur egun, berriz, % 62koa. Maiatzean Tolosaldeako Mankomunitateak egindako karakterizazioaren emaitzek erakutsi dute, halaber, organikoaren eta errefusaren edukiontzietan behar ez diren hondakinak botatzen direla.
Horregatik, eta Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea baliatuta, bi kanpaina jarriko ditu martxan udalak Tolosaldeko Mankomunitatearekin elkarlanean. Alde batetik, edukiontzietan hondakinak egoki botatzeko informazio praktikoa emango dute; eta bestetik, txakurren pixak garbitzeko botilak banatuko ditu udalak txakur jabeen artean.
Aimar Agirresarobe Ingurumen zinegotziak esan du kanpaina abiatu dutela zenbait jarrera desegoki areagotu direla ikusita: «Baliteke horietako batzuk ezjakintasunarekin lotura edukitzea, horregatik jarri dugu arreta bilketa puntuetan». Herriko 25 tokitako edukiontzietan jarriko da informazioa.
Edukiontzi marroiaren kasuan, poltsa konpostagarriak doan eskuratzeko kokalekuak zein diren gogoraraziko da. Bi makina daude txartel bidez poltsak eskuratzeko: kultur etxeko pasabideetako batean eta zezen plazan. Gorosabel eraikinean dagoen Hondakinen Bulegoan ere badaude eskuragarri eta bertan eska daiteke makinetarako txartela.
Errefusaren kasuan tamaina handiko hondakinak zein egunean atera behar diren eta eskaera zein telefono edo webgunetan egin behar den azalduko da. Hondakinak ateratzeko aurrez 943 676 216 telefonora hots egin edo, bestela, Tolosaldekomankomunitatea.eus webguneko formularioa bete beharko da.
Bestalde, txakurrek herriko kale eta paretetan pixarik egin beharko ez luketela gogoratzeaz gainera, udalak eskatu du halakorik gertatuz gero, ura eta ozpina nahastu eta txakurrak pixa egitean botatzea, errazago garbitu eta usaina hedatu ez dadin. Isurkariarentzako botilak banatuko ditu udalak, animaliekin zerikusia duten herriko lau establezimendutan.
Hiru hitzordu larunbatean
Larunbatean, Hondakinak Prebenitzeko Azoka Berezia egingo dute Trianguloa plazan. Hilean behin Berdura plazan eta Zerkausian egiten den bigarren eskuko gauzen azoka, larunbat honetan goizez ere egingo dute, 10:00etatik 14:00etara. Horrekin batera, herritarrek egoera onean utzitako objektuen salmentarako postua ere egongo da Trianguloan, ordutegi berean; herritarrek ez dute postuan egon beharko salmenta egiteko baina objektuak 09:30etik aurrera utz ditzakete bertan. Amaitzeko, LabPaper Tolosa elkarteak artisau papera egiteko tailer bat ere eskainiko du 11:30etik 13:30era azoka bereziaren barruan.
Karakterizazioaren emaitzak
Organikoaren eta errefusaren karakterizazioan dago daturik esanguratsuena: organikoaren edukiontzi marroian jasotakoaren % 18 ez da organikoa. Errefusaren edukiontzi grisean biltzen denaren ia % 40 ere ez da errefusa: % 28,7 organikoa da, eta beste % 11 edukiontzi horian bota beharreko ontzi arinak.
Hondakin-sortzaile berezien kasuan —jangelak, jatetxeak, tabernak...— datu adierazgarriak daude. Atez ate jasotzen bada ere, gehienek oraindik ez dute organikoa eta errefusa bereizten. Aldiz, nabarmentzekoa da bereizketa egiten dutenek oso ondo egiten dutela. Sektorearekin gaia aztertu nahi du Udalak, ohituretan eragiteko neurriak hartzeko.
Hondakinak modu desegokian sailkatzeak hondakinen tratamenduen kostua handitzen duela ere ohartarazi du Ingurumen Sailak. Organikoan bildutako tona bakoitzeko, 145 euro ordaintzen dira; errefusaren kasuan, berriz, 233 euro. Organikoa gutxi bilduz gero, edo errefusa asko bilduz gero, kostuak gora egiten du. Europako araudiaren aldaketa tarteko, gainera, bilketa-zerbitzu osoa tasen bidez estaltzera derrigortuta daude Udalak. Hortaz, zerbitzua garestitzeak tasa are gehiago igotzea dakar, guztion kalterako.
«Gipuzkoa mailan herri gehiagotan gertatzen ari den joera orokortua da, baina ezin gara erlaxatu. Tolosaren kasuan, 2024ko datuei erreparatuta, errefusa egoki sailkatuz gero, % 27 murriztuko litzateke bilketaren gastua: 485.000 eurotik, 353.000 euro ingurura. Horrek esan nahi du hondakinen tasa 50 euro inguru jaitsi ahalko litzatekeela. Badugu hobetzeko potentziala, baina ezinbestekoa da gaiaz kontzientzia hartzea eta ohituretan eragitea. Denon esku dago. Gaikako bilketa garrantzitsua bada ere, azpimarra jarri beharko genuke hondakinen sorrera murriztean ere, izatez, hondakin hoberena sortzen ez dena baita», adierazi du Agirresarobe Ingurumen zinegotziak.

