2026ko ordenantza fiskalak, onartuta

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko azaroaren 26a

Usabal industriaguneko esparru bat berriro landa-eremu izatera igaroko da. Argazkia: Tolosako Udala.

Urriko osoko bilkuran onartu zituen udalbatzak; kasu gehienetan, % 2,7ko igoera orokorra aplikatuko da tasa, zerga eta prezio publikoetan.

Tolosako udalbatzak 2026ko ordenantza fiskalak eta prezio publikoak onartu zituen urriko osoko bilkuran. Kasu gehienetan, Hego Euskal Herriko inflazioaren datuetan oinarrituta, % 2,7ko igoera orokorra aplikatuko da tasa, zerga eta prezio publikoetan.

Salbuespenetako bat Ondasun Higiezinen Zergarena da, izoztu egingo baita. 2026tik aurrera, gainera, familia ugariei bizikidetza unitatearen sarreren araberako hobaria emango zaie. Udal gobernuaren aldeko botoekin eta oposizioaren aurkako botoekin hartu zuten erabakia.

Bihotza Agirre EAJko zinegotziak eman zituen bilkuran erabakiaren aurka bozkatzearen azalpenak. Adierazi zuen kontribuzioa bera aldatzea eskatu zutela, hau da, herritarrek ordaindu beharrekoa izoztea; ez zerga-tasa, diru kopuru absolutua baizik. «Zerga-tasa % 1 jaistea eskatu genuen. Udalak gaur egun daukan osasun finantzarioa oso ona dela iruditzen zaigu, eta guretzat pena da hau egin ez izana».

Estitxu Kortejarena Kontu Hartzailetza eta Diruzaintza zinegotziak erantzun zion Agirreri: «Altu dago, eta horregatik proposatu genuen jaistea». Gaineratu zuen urtez urte joango direla, «zuhurragoa» iruditzen zaielako. «Urte luzetako kontua da. Gerakina topera egon da lehenago ere, aurreko zortzi urteetan, eta ezin da erabili zergak jaisteko».

Udalbatzak aho batez onartu zuen zenbait ordenantza fiskal % 2,7 igotzea: trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga, hiri-izaerako lurren balio gehikuntzaren gainekoa, zerbitzu publikoak eskaini eta jarduerak burutzeagatiko tasa, herri jabari publikoaren erabilera pribatiboari lotutakoa eta zerbitzuak eman edo jarduerak egiteagatik ordaindu beharreko prezio publikoak arautzen dituena.

Taxiei dagokienez, % 3,1eko igoera aplikatuko da, Tolosaldeko Taxiaren Jardunbide Bereziko Zonaldeko ordezkariek eta Agitax taxi elkarteak hala proposatuta. Udalak esan duenez, Agitaxek Gipuzkoarako egin duen ustiapen kostuen ikerketan oinarrituta aplikatu da igoera.

Hobariei buruz, eztabaida
Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren kasuan, hobariak izan dira hizpide. Udal gobernuaren aldeko botoekin onartu da zerga arautzen duen ordenantza fiskala aldatzea, hau da, % 95eko hobaria izatea Alde Zaharrean, Santa Klara eremuan –eraberritzeari eta irisgarritasunari lotutakoak– eta Euskal Herria plazan eta inguruan egindako obren kasuan.

EAJ eta PSE-EE alderdiek erabakiaren aurka bozkatu zuten. Agirrek hartu zuen hitza berriro, erabakia azaltzeko. «Pozik» daudela esan zuen, egin zituzten hiru proposamenetatik bat, hobariak gehiengoa izatea, txertatu delako.

Bestetik, 36 urtetik beherako herritarrei hobariak aplikatzea eskatu zuten jeltzaleek, modu progresiboan, errentaren arabera. «Egingarria» iruditzen zitzaiela esan zuen Agirrek: «Badakigu diru laguntza asko daudela, baina etxebizitza arazoa ez da bi egunetan konponduko; ekintza bat baino gehiagorekin elikatu beharrekoa dela iruditzen zaigu».

Azkenik, Osasun sailak eta Hezkuntza sailak egiten dituzten obren hobariak gehiengora igotzea eskatu zuen Agirrek: «Instalazioak, eraikuntzak eta obrak interes berezikoak edo udal-onurakoak izendatzen badira, zerga honetan hobaria ematea baimentzen du Foru Arauak. Ogasunean esan digute Tolosa dela Gipuzkoan hezkuntza arloan hobaririk aplikatzen ez duen herri bakarra».

EH Bilduri «egokia» iruditu zitzaion gazteei begira proposamena. «Baina zerga honen helburua ez da pertsonei ematea, eraikinari berari baizik», gaineratu zuen Kortejarenak. «Ogasunean esan ziguten ez duela izan behar eraikinak berak interes sozialekoa, ekintza bera izan zitekeela, eta gazteek etxebizitza erosi eta berritzea interes sozialekoa iruditzen zaigu», erantzun zion zinegotzi jeltzaleak. Joxe Mari Villanueva PSE-EEko zinegotziak begi onez ikusi zituen EAJk egindako eskaerak: «Eraikitzaileak baziren, ez dut ulertzen zergatik ez diren onartu».

Sarrerak eta gastuak orekatzearen beharra azpimarratu zuen Kortejarenak. «Une honetan ez daukagu zorrik, eta gerakinak inbertsiotarako dira. Herri bakoitzak bere hobari-sorta dauka, eta guk ez dugu beste herri batzuetan jasotzen dutena adina diru jasotzen zenbait zergetatik. Adibidez, merkatari txikiei ematen diegun hobaria ez dut inon topatu».

Zerbitzu-kontratuak
Tolosako udal eraikinen eta hiri altzarien garbiketarako zerbitzu-kontratua beste urtebetez luzatzea ere onartu zuten, aho batez. 2021ean sinatu zen kontratua, milioi bat euroko balioarekin. Bi urteko iraupena zuen, urtez urte luzatzeko aukerarekin, hiru urtera arte. Hau, beraz, azken luzapena izango da.

Kontratua luzatzeaz gain, azken urtean eraikitako eta publikora irekitako elementu berriak txertatzeko zerbitzu-kontratua aldatzea onartu zuten. Belate eta Larramendi auzoen arteko pasabideko igogailuen eta Beotibar frontoiko komun automatikoaren garbiketa txertatu dute.

Etxez etxeko laguntza zerbitzua ematen duen Matia Goxara SLU enpresari hitzartutako zerbitzu-kontratuari dagokion behin betiko bermea, 97.511 eurokoa, itzultzea ere aho batez onartu zuen udalbatzak.

Usabal industriagunea
Bestetik, udalbatzak aho batez onartu zuen Usabal auzora daraman errepidearen eta SAM lantegiaren artean dagoen Tolosako HAPOko 23.1 Industria Garapen berria azpi-esparrua berriro landa-eremu izatera pasatzea. Hala, eremuko bizilagunek egindako eskakizun bati erantzun dio udalak.

Gaur egun, hiri lurzoru moduan sailkatzen du HAPOak, industria erabilerarako zona gisa kalifikatuta. 2009an, HAPOa onartu zenetik, ordea, udalak ez du gauzatu bertan aurreikusita zegoen garapena. Hori dela eta, ordura arteko egoerara itzultzea erabaki dute. Hiri-lurzoru finkatu gabea izatetik, ez-hirigarria izatera pasako da, nekazaritzako, abeltzaintzako eta landazabaleko landa-guneen mailakoa.

Arrameleko biribilgunea
Arramele zubiko behin betiko biribilgunea egiteko nahitaezko desjabetzearen izapidetzan, Balio justua elkarren arteko adostasunez finkatzeko aktan jasotako zenbatekoa ere onartu zuten, alderdi guztien babesarekin. Ander Figuerido hirigintza zinegotziak osoko bilkuran adierazi zuen «laster» egingo dituztela lanak. Proiektua aurrera eramatea onartu eta ordainketa egin ondoren, 15 egun izango ditu udalak espazioa okupatzeko. «Horrek ahalbidetuko digu obraren lizitazioa martxan jartzea», esan zuen zinegotziak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!