Gure Zirkuak Tolosan amaituko du zortzigarren bira

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko azaroaren 26a

Gure Zirkuako kideak, Abadia Saria jaso zuten unean.

Hego Euskal Herriko bederatzi herritan 116 emanaldi egin ondoren, abenduaren 26an helduko da Tolosara ikuskizuna; hamar emanaldi iragarri dituzte urtarrilaren 4ra bitarte. Sarrerak salgai daude Gurezirkua.eus webgunean.

Iker Galartza amezketarra eta Joseba Usabiaga tolosarra buru dituen Gure Zirkua proiektuak maiatzaren 4an hasi zuen zortzigarren bira, Getxon (Bizkaia). Algortako portu zaharrean hamaika emanaldi egin ondoren, Zornotzara (Bizkaia) lekualdatu zuten karpa; maiatzaren 23tik ekainaren 14ra bitarte egin zituzten emanaldiak bertan, hamabost guztira. Ekainaren 20tik uztailaren 5era bitarte, berriz, Eibarren (Gipuzkoa) izan ziren, Arrateko gainean; hamaika emanaldi egin zituzten bertan. Hiru herri horietan lehen aldiz izan da Gure Zirkua.

Udan, dagoeneko klasiko bilakatu diren bi herritan izan da euskarazko lehen zirkua. Uztailaren 11tik 26ra Lekeition (Bizkaia), eta abuztuaren 1etik 23ra Orion (Gipuzkoa); hamalauna saio egin zituzten. Arrakastaren erakusgarri, abuztuaren 12rako agortu ziren Orion egiteke zituzten saioetarako sarrerak.

Uda amaieran, Nafarroa aldera joan ziren zirkuko kideak. Irailaren 6tik 20ra bitarte, hamar emanaldi egin zituzten Donezteben. Hilaren 26tik aurrera, berriz, Uharte Arakilen izan ziren. Berez, urriaren 11ra bitarte hamar emanaldi egitea aurreikusten zuten, baina astebetez luzatu zuten egonaldia, lau emanaldi gehiago egiteko.

Azkenik, udazkenean, lehen aldiz izan da zirkua Arabako lautadan. Urriaren 24tik azaroaren 8ra bitarte, hamaika emanaldi egin zituzten Agurainen. Azken asteotan, berriz, Usurbilen daude, Urbil merkataritza gunean. Azaroaren 14an jarri zuten karpa bertan, hilaren 29ra bitarte egoteko asmoarekin, baina lehen hamar saioetako sarrerak azkar agortu zirela eta, beste sei emanaldi iragarri zituzten; abenduaren 7ra arte egongo dira bertan.

2025a etxean amaituko du Gure Zirkuak, Tolosan; 2026ari ongi etorria ere bertan emango dio. Urtero moduan, San Esteban auzoko Gure Zirkugunean egingo dituzte emanaldiak; oraingoz, hamar aurreikusi dituzte. Abenduaren 26an izango da lehena, eta azkena, urtarrilaren 4an. Atzo iragarri zituzten emanaldien datak eta orduak, eta gaur jarri dituzte sarrerak salgai Gurezirkua.eus webgunean.

Honako egun eta orduetan izango dira Gure Zirkuaren emanaldiak Tolosan:

  • Abenduak 26, ostirala: 12:00etan eta 18:00etan.
  • Abenduak 27, larunbata: 12:00etan eta 18:00etan.
  • Abenduak 28, igandea: 12:00etan eta 18:00etan.
  • Urtarrilak 2, ostirala: 17:00etan eta 21:00etan.
  • Urtarrilak 3, larunbata: 17:00etan.
  • Urtarrilak 4, igandea: 17:00etan.

Haur eta nerabeentzat, ikastaro trinkoa

Gabonetarako, hiru eguneko zirku ikastaro trinkoa antolatu du Gure Zirkuak, 2019an edo lehenago jaiotako haur eta nerabeentzat. Zirku diziplina orokorrak landuko dituzte. Abenduaren 29an, 30ean eta 31n izango dira saioak Gure Zirkugunean, eta bi ordutegi jarri dituzte aukeran: 09:30etik 11:00etara edo 11:30etik 13:00etara. Ikastaroaren prezioa 50 eurokoa da, eta esteka honetan dagoen galdetegia beteta eman daiteke izena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!