Euskararen Eguna 25

Abenduko lehen egunetarako Euskararen Eguna ospatzeko ekitaldiak antolatu dituzte Tolosan

Ataria 2025eko azaroaren 25a

Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, egingo duten giza mosaikoa izango da ekitaldi nagusiena; 18:00etan izango da, Plaza Zaharrean.

Abenduaren 3an ospatuko da Euskararen Eguna, eta urtero bezala, egun horren bueltan hainbat ekintza izango dira eskualdean, besteak beste, Tolosan. Udalak, Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak elkarrekin antolatu dute egitaraua, eta honako ekitaldi hauek biltzen ditu:

  • Esnatu ala hil liburuaren aurkezpena. Abenduaren 1ean, 18:30ean, Esnatu ala hil liburua aurkeztuko dute Galtzaundiren egoitzan (Plaza Berrian). Iñaki Iurrebasok eta Garikoitz Goikoetxeak irailean argitaratu zuten liburua, eta hari buruzko nondik norako nagusiak azalduko dituzte.

  • Familia euskaldunentzako saioa. Haurren erabileran nola eragin, estrategia praktikoak lantzeko saioa izango da abenduaren 2an, 17:30ean, Galtzaundiren egoitzan. UEMA-ko teknikariek emango dute saioa. Azaroaren 19an, gisa bereko beste saio bat egin zuten guraso erdaldunekin.

  • Mosaikoa. Abenduaren 3rako, Euskararen Egunerako, antolatu du Galtzaundik ekitaldi nagusia. 18:00etan izango da Plaza Zaharrean, eta tolosarrek giza mosaiko bat egingo dute. Goiburu hau izango du: Euskararen etorkizuna jokoan. Eskualdeko 28 herrietan egingo dute mosaikoa, datozen egunetan. Ondoren, adierazpen bat irakurriko dute.

  • Nokaren galera. Abenduaren 4an, Andragoran, Nokaren higatzeaz eta galeraz bi hitz hitzaldia emango du Uxoa Elustondok. Emakumeentzat izango da saioa, eta 18:00etan hasiko da.

  • Durangoko Azoka. Abenduaren 5ean hasiko da Durangoko Azoka, eta bigarren egunerako, hilaren 6rako, autobusa antolatu du Galtzaundik. Tolosan, 10:15 aldera egingo du geldialdia, Santa Klarako geltokian. Aurrez, Amasa-Villabonan, Iruran eta Anoetan geldituko da, eta ondoren, Alegian eta Ikaztegietan. Itzulerako autobusa 20:00etan abiatuko da Durangotik.

Ondorengo lekuetan eman daiteke izena autobuserako, abenduaren 3a baino lehen: Alegiako kultur etxean, Anoetako Kukulore liburu dendan, Ikaztegietako ostatuan, Irurako Ikastolan, Galtzaundiren Tolosako egoitzan, Villabonako Eizmendi kirol dendan eta Zizurkilgo Ernio bidea 9 zenbakiko udal bulegoetan.

Prezioa 16 eurokoa da (galtzaundikide edota atarikide direnek, 14 euro). Galtzaundiren egoitzan izena emanez gero, txartelak eskudirutan edo bizum bidez ordaintzeko aukera egongo da. Gainerako tokietan, ordea, eskudirutan soilik eros daitezke tiketak. Joaterik ezin dutenei ez zaie dirua itzuliko, antolaketatik egitasmoa bertan behera uzten ez badute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!