Bihar hasiko dira Tolosako egutegiak banatzen

Ataria 2025eko azaroaren 24a

Ostiralean egin zuten Tolosanklisk lehiaketaren sari banaketa udaletxean. Argazkia: Tolosako Udala.

Zerkausian egingo dute banaketa, 09:30etik 12:30era bitarte, eta asteazkenean eta ostegunean ere banatuko dituzte, ordutegi berean. Datorren urteko gaia ere iragarri dute antolatzaileek: Mugimendua.

Ostiralean egin zuten Tolosako udaletxeko udalbatza aretoan udalak antolatutako Tolosanklisk lehiaketako sari banaketa. Belaunaldiak izan da 2026ko egutegiaren gaia. Tolosankliskeko edizio honetara 133 argazki aurkeztu dituzte herritarrek, eta horietatik 12 hautatu dira, urteko hilabete bakoitzeko bana. Horiez gain, azalerako hautatutako argazkia iragarri da: Fernando Pradiniren Putzu islada. Pradinik 600 euroko saria jaso du egutegiaren azala apaintzen duen argazkia aurkezteagatik. 

Honako hauek dira, aldiz, egutegia hilabetez hilabete apainduko duten irudien egileak eta argazkien izenburuak:

  • Azala: Putzu islada. Fernando Pradini.
  • Urtarrila: Bidean direnak. Irati Sorondo Andueza.
  • Otsaila: Txaranga bat, belaunaldi asko. Javier Zabala Acosta.
  • Martxoa: Oroimenaren kulunka. Fernando Pradini.
  • Apirila: Etorkizuna. Arantza Iruretagoyena Martin.
  • Maiatza: Marrak eta puntuak. Lur Zaldua Aristi.
  • Ekaina: Sua. Javier Ortiz.
  • Uztaila: Buztinlariak belaunaldiz belaunaldi. Javier Zabala Acosta.
  • Abuztua: Komunikazioa. Miren Amorrortu Fernandez.
  • Iraila: Hiru belaunaldi. Javier Zabala Acosta.
  • Urria: Tolosako Historia! Andoni Lizeaga.
  • Azaroa: Belaunaldiak irudietan betirako. Javier Zabala Acosta.
  • Abendua: Olentzeroren zain. Jantziek lotzen gaituzte. Llivia Escola Hernandez.

Egutegia azaroaren 25ean, 26an eta 27an banatuko dute Zerkausian, goizeko 09:30etik eguerdiko 12:30era. Tolosarrek bertan jaso ahal izango dute euren alea. Soberan geldituz gero, hurrengo egunetan izango dira eskuragarri kultur etxean eta musika eskolan. 

Sari banaketa ekitaldian, bestalde, datorren urteko gaia iragarri zuten antolatzaileek: Mugimendua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!