Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna 25

Indarkeria matxistaren aurka kaleak hartu behar direla esan du Tolosaldeko Itaiak

Ataria 2025eko azaroaren 24a

2022ko azaroaren 25ean Tolosaldeko Itaiako kideek Tolosan egindako manifestazioko irudia.

Manifestazioa antolatu du biharko; 20:00etan aterako da Tolosako Euskal Herria plazatik. «Ideia faxistak, matxistak, arrazistak zein klasistak kaleak hartzen ari dira, eta horrek errealitatea are gordinago bilakatzen du», esan dute.

Faxismoaren eta matxismoaren aurka borroka egingo duen indar politikoa «eraikitzeko beharra» aldarrikatu du Tolosaldeko Itaiak, eta esan du norabide horretan lanean diharduela egunero. «Zentzu horretan, azaroaren 25a borroka eguna da, matxismoaren aurka kalera ateratzeko eguna. Eraso zein erasotzaileen inpunitatearen eta normalizazioaren aurka borroka egingo dugu». Hala, biharko manifestazioa antolatu dute Emakumeen Antolakunde Sozialistako eskualdeko kideek. 20:00etan hasiko da Tolosako Euskal Herria plazan.

Aurreratu dute faxismoari eta matxismoari lekurik utziko ez diotela oihukatuko dutela bihar, eta borrokarako eta antolakuntzarako deia zabalduko dutela. «Faxismoaren gorakadari eskutik lotua doa matxismoaren hedapena, ideologia hori baita, hain zuzen ere, matxismoaren normalizazioan sakontzen duena. Beraz, lehentasunezko eginbeharra da ideia faxista, arrazista eta matxista horiei aurre egitea. Batzuek modu baketsuan aurre egin behar zaiela sinetsarazi nahi digute; guk, ordea, argi eta garbi diogu kaleak hartzeko unea dela».

Egunero egunkarietan indarkeria matxista kasuak «barra-barra» irakurtzen ditugula adierazi dute: «Urrutira joan gabe, eskualdean bertan duela bi urte Adunako prostituzio etxeko 18 emakume askatu zituzten, eta duela hilabete batzuk atxilotu zuten bertako arduraduna. Bestalde, aurtengo San Joan jaietan bortxaketa saiakera baten berri izan genuen. Ezin ahaztu, noski, osteopataren erasoak, Usabal kiroldegiko erasoa, ezta klubetik kanporatutako entrenatzailearen kasua ere. Eguneroko titular dira indarkeria matxista kasuak. Honek ez du etenik».

Hori gutxi ez, eta indarkeria matxista «ukatzen» duenik ere badela salatu dute. «Ideia faxistak, matxistak, arrazistak zein klasistak kaleak hartzen ari dira, eta horrek errealitatea are gordinago bilakatzen du. Ikusi besterik ez dago sare sozialak eta komunikabideak nolako bozgorailu izaten ari diren diskurtso hauen hedapenerako. Indarkeria matxista, eta, beraz, emakumeon zapalkuntza ukatzen dute. Salaketa faltsuez dihardute, eta komeni zaienean, mezu arrazistak zabaltzeko darabilte indarkeria matxista».

Aldi berean, kalean «normalizazioa, desmobilizazioa eta axolagabekeria» nagusi direla nabarmendu du Itaiak: «Indarkeria matxistak gure egunerokoa zapaltzen jarraitzen du, modu askotara: prostituzio sareak, familiaren baitako indarkeria kasuak, erailketak, egunerokoan jasan beharreko gutxiespen zein irain mezuak… Matxismoa normalizatzen ari da, eta ironikoa badirudi ere, indarkeria matxistaren aurkako borroka maila sozialean apalduta dago. Kaleak berreskuratzeko garaia da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!