Iñaki Salvador omendu dute Xexili Eguneko kontzertuan

Ataria 2025eko azaroaren 24a

Tolosako Giro Arte dultzaina taldeko musikari eta zuzendariak erretiroa hartu du; ostiral iluntzean Leidorren egin zuten kontzertuan omendu zuten taldekideek eta udal musika bandak.

Iñaki Salvador Goikoetxea Tolosako Giro Arte dultzaina taldeko musikari eta zuzendariak espero ez zuen oparia jaso zuen ostiral iluntzean, Leidor aretoan egin zen Xexili Eguneko kontzertuan. Aurten, Tolosako lau musika taldek parte hartu zuten: Hodeiertz abesbatzak, Tolosako Udal Txistulari Bandak, Giro Arte dultzaina taldeak eta Tolosako Udal Musika Bandak.

Salvadorrek bere taldearekin kontzertua amaitzerako, taldekideek omenaldia zuten prestatuta, erretiroa hartu berri duen zuzendariarentzat. Lehenik, Sergio Zeberiok hitz egin zuen, taldearen izenean. Esker hitzak izan zituen Salvadorrentzat, eta anekdotaren bat edo beste ere gogora ekarri zuen. Ondoren, dultzaineroek txapela bat oparitu zioten zuzendariari, eta udal musika bandak oroigarria eman zion. Opariak banatu eta gero, bi obra jo zituzten bi taldeek elkarrekin: Alegre amanecer eta Bailan los gigantes.

Gainerakoan, nabarmentzekoa izan zen dultzainero eta txistulari taldeek egindako saioak. Gutxitan aritzen diren moduan, gonbidatuekin batera egin zuten kontzertua. Dultzaineroek, biolina, pianoa eta baxu elektrikoa izan zituzten lagun; txistulariak, berriz, Anoetako landatarrekin batera aritu ziren. Markos aitak, eta Aitor eta Markos semeek aho-soinua jo zuten.

Bestalde, Tolosako Udal Musika Bandak bi obra estreinatu zituen: A Tribute To Amy Winehouse eta Persis Overture. Azkenik, Hodeiertzek kantu ezagunak interpretatu zituen, besteak beste, Pier Paul Berzaitzen Baratze bat.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!