Ordu erdi luzea behar izan dute Asuncioneko langileek manifestazioaren ibilbidea burutzeko; 12:00etan atera dira Trianguloa plazatik eta euren erreibindikazioak ozen irakurri dituzte Plaza Zaharrean: «Asuncion klinika, subrogazioa orain!».
Manifestazioaren hasierako pankartak argi laburtu du gaurko deialdiaren helburua: «Tolosaldeko osasungintza % 100 publikoa, zerbitzu guztiekin eta Asuncion klinikako langileen subrogazioarekin». Deitzaileek behin eta berriz eskatu dute «Tolosaldearentzat % 100 publikoa izango den eta zerbitzu guztiak izango dituen ospitalea», eta horretarako ezinbestekotzat dute Asuncion klinikako langileen subrogazioa.
Manifestariek inguratzen zitzaizkien herritar guztiei luzatu diete esku-orria euren eskaerekin, eta uneoro borrokarako deia egin dute. «Borroka da bide bakarra; langileak subrogatu; osasunarekin negoziorik ez eta Asuncion publifikatu» bezalako mezuak oihukatu dituzte protestak iraun bitartean.
Langileek azken urteotan herritarrekin batera egindako bidea gogoratu nahi izan dute: «Tolosaldeko ospitale publikoaren aldeko aldarrikapenetan murgilduta egon gara». Eta hasieratik, zehaztu zituzten hiru aldarrikapen nagusi horietatik «bat bera ere» ez dutela bermatuta diote.
Horregatik, Alberto Martinez Osasun sailburuaren eta enpresaren kontra jo dute LAB eta ELA sindikatuen deialdian: «Asuncionen lanean dauden 350 langileek ez dute inolaz ere bermatuta lanean jarraitzea. [...] [Osasun sailburuak eta enpresak] mahai gainean, hitzez, jarri duten proposamenak soluzio partziala eta denboran mugatua eskaintzen du eta ez dugu ontzat ematen».
Subrogazioa posible dela sinetsita Donostiako Onkologikoaren adibidea ekarri dute gogora: «Onkologikoko langileak subrogatuak izan dira eta gaur egun Osakidetzako langileak dira». Asuncioneko langileek Tolosako klinikan prozedura berdina aplikatzea eskatu dute gaur Tolosan.
Gainera, aldarrikapenen bitartez, beste behin plan funtzionalari egin diote erreferentzia: «Plan funtzionalik ez daukagu, eta beraz, xehetasunak falta zaizkigu». Edonola ere, langileek zerbitzu guztiak izango dituen eskualdeko ospitalea bihurtzea eskatzen dute. Eta horretarako ezinbestekotzat dute Asuncioneko langileen subrogazioa edo Asuncion klinika publifikatzea.
Plaza Zaharra lepo beteta LAB eta ELA sindikatuek manifestazioan parte hartu duten guztiei eskerrak amaitu dute, eta adierazi dute Tolosaldeak behar duen osasungintza publiko baten alde borrokan jarraituko dutela.