Trianguloa plaza izango da gaur jaiaren erdigune, han egin baita Babarrunaren Festako azoka berezia, 09:00etatik 14:00etara. Hestebeteak, gaztak, barazkiak, gozoak eta, nola ez, babarrunak erosteko aukera izan da ekoizleek jarri dituzten 23 postuetan.
Lanean, goizean goiz hasi dira sukaldariak, Tolosako Babarrunaren Ekoizleen XXXI. Lehiaketako parte-hartzaileen babarrunak prestatzen. 06:30ean hasiko dira, eta aurten 26 ekoizlek hartu dute parte. Ekoizleen lehiaketako epaimahaikideak Kontxi Dorronsoro, Andoni Riaño, Lidia Olaizola eta Eli Belaunzaran izan dira. 11:00etan hasi dira dastaketarekin eta 13:00 aurretxoan eman dute euren erabakiaren berri.
Tolosako Babarrunaren Ekoizleen XXXI. Lehiaketa
- Alberto Labaka (Albiztur) Iriarte baserria. 200 euro, garaikurra eta txapela.
- Joxe Mujika (Legorreta) Toki-eder baserria. 150 euro eta garaikurra.
- Sebas Gartziarena (Berastegi) Ibaiondo etxea. 100 euro eta garaikurra.
08:30ean, Gure Kaiola Elkartearen XXXVII. Lehiaketa Gastronomikoari hasiera eman zaio, San Frantzisko pasealekuan, Artxiboaren aurrean. Aurten 24 bikote aritu dira lehian. Lehiaketa gastronomikoan kozinatu diren babarrunak aurreko urteko ekoizleen lehiaketako irabazlearenak izan dira, urtero bezala; aurten, beraz, Sebas Gartziarena berastegiarrak jarri ditu. Lehiaketa gastronomikoko epaimahaian, berriz, Gure Kaiola Elkarteko bazkide beterano eta lehenengo irabazle izandakoa egon da: José Luis Peciña. Berarekin batera, ondorengo sukaldariek osatu dute epaimahaia: Enrique Fleischmann, Izaskun Olariaga, Sonia Tapia eta Jokin Zabalak.
Gure Kaiola Elkartearen XXXVII. Lehiaketa Gastronomikoa
- Rosa Maria San Jose eta Rafael Diaz (Irun) 400 euro.
- Mikel eta Alberto Aragon (Ibarra) 200 euro.
- Migel Mari eta Manu Gorostiaga (Ibarra) 100 euro.
Emakume sukaldari onenak Rosa Maria San Josek100 euro jaso ditu eta Aragon anaiak izan dira Tolosaldeko lehen sailkatuak.