Tolosaldeko ospitale publikoa

EH Bilduk bat egin du Asuncion Klinikako langileek deitutako manifestazioarekin

Ataria 2025eko azaroaren 21a

Osasun publikoaren alde 2023an Tolosan eginiko manifestazioa.

Koalizioaren ustez, Klinikaren eta langileen etorkizuna argitzea «beharrezkoa» da eskualdeko osasun arretarekin dagoen arazoa konpontzeko.

Tolosaldeko EH Bilduk babesa adierazi die Asuncion Klinikako langileei, biharko, larunbata, Tolosan deitutako mobilizazioaren harira. 

Eskualdeko osasun sistemaren etorkizuna oraindik argitu gabe dagoela esan du EH Bilduk, eta Asuncion Klinika eta bertako langileen etorkizuna argitzea beharrezkoa dela «Tolosaldean osasun arretarekin dugun  arazoa benetan konpontzeko». «Tolosaldeko herritarrei  bermatu behar zaien kalitatezko osasun eskubidea ziurtatzeko, osasun langileak zaindu eta euren etorkizuna argitzeko bermeak ezinbestekoak dira».

Bestalde, eraiki asmo duten ospitale berriaren inguruan, gaur-gaurkoz ez dagoela plan funtzionalik, «ezta beharrezko azterlanik ere» gogoratu du koalizioak. «Zehaztasun falta horrek ezinegona sortzen du herritarren eta langileen artean. Eskualderako osasun arreta erabat publikoa, kalitatezkoa eta euskalduna bermatzeko beharrezkoa da Osasun sailak, behingoz, planteamendu sendo eta egingarri bat mahai gainean jartzea, datu eta azalpen argiekin».

Hain justu, EH Bilduk Osasun sailburuaren agerraldia eskatu du Legebiltzarrean «beharrezko argipen eta azalpenak eman ditzan». Asuncion Klinikako langileen agerraldi bat ere eskatu asmo dute, «beren kezkak eta aldarrikapenak osasun batzordean azaldu ditzaten».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!