Tolosaldea IKTko igerilariak bikain aritu dira absolutu mailako Espainiako Txapelketan

Ataria 2025eko azaroaren 21a

Espainiako Txapelketara joan ziren Tolosaldea IKTko kideak: Beñat Bidaola, Ilargi Sarria, Nahia Garrido, Igor Arrigain eta Uhaitz Aranbarri.

Bartzelonan egin zen azaroaren 13tik 16ra 25 metroko igerilekuan, eta eskualdeko igerilariek hainbat final eta maila altuko probak egitea lortu zituzten. Igor Arrigain, Nahia Garrido, Uhaitz Aranbarri eta Ilargi Sarria izan ziren bertan, Beñat Bidaola teknikariarekin batera.

Nahia Garrido nabarmendu zen gehien, eta egindako hiru probetan laugarren postua lortu zuen. 50 metro bizkar proban Espainiako 18 urteko markarik onena lortu zuen, eta horrekin batera Euskadiko errekor absolutua, 27,62ko denborarekin. 200 metro bizkar proban Euskadiko errekor absolutua bi aldiz hobetu zuen, eta arratsaldeko finalean egindako 2.06,89ko denboran utzi zuen. 100 metro bizkar proban ere maila bikaina erakutsi zuen 59,44ko denborarekin.

Igor Arrigainek ere maila txukunean igeri egin zuen parte hartutako bi probetan: 200 metro bular eta 100 metro estiloetan. 28, eta 37. postuak lortu zituen, hurrenez hurren, eta denboraldia egoera onean hasi duela erakutsi du.

Uhaitz Aranbarrik ere txapelketa dotorea burutu zuen, lesio batetik bueltatu ondoren bere marketan igeri egitea lortu baitu: 200 metro estiloetan 28. postua eta 200 metro libre proban 49. postua lortu zituen.

Ilargi Sarriak ere bikain lehiatu zuen Bartzelonan, eta taldeko gazteena izanik esperientzia hartzeko txapelketa garrantzitsua izan da. 50 eta 100 metro bular probak igeri egin zituen, eta 24. eta 29. postuak lortu zituen.

Beraz, Tolosaldea IKTko igerilariek hasiera ona eman diote denboraldiari eta jada hurrengo txapelketan pentsatzen hasiak dira: azaroaren 29an eta 30ean egingo da Euskal Herriko Kopa, eta nesken taldeak abenduaren 19an, 20an eta 21ean  Pontevedran izango du lehenengo mailako Espainiako Kopa.

Zubeldiatarrek Getxoko klubarekin parte hartu dute

Joseba Zubeldia tolosarra Getxo Igeriketa Bolue klubera joan da entrenatzaile lanak egitera, eta bertara joan dira bere hiru seme-alaba igerilariak ere. Getxoko klubarekin parte hartu zuten Espainiako Txapelketan, eta emaitza esanguratsuak lortu zituzten. Unai Zubeldiak estilo librean parte hartu zuen, eta 50 metroko proban 16. postua lortu zuen (22,67), 100 metrotan 22. postua (49,69) eta 200 metrotan 55. postua (1.54,37). Mattin Zubeldiak bizkar estiloan igeri egin zuen, eta 50 metrotan 22. egin zuen (25,53), 100 metrotan 12. postua (54,13) eta 200 metrotan final nagusian sartu eta 7. postua lortu zuen (1.57,19). Malen Zubeldiak estilo probetan parte hartu zuen, eta 100 metrotan 11. egin zuen (1.03,83), 200 metro estiloetan 13. postua (2.16,95) eta 400 metro estiloetan 10. postua (4.53,54).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!