Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak hainbat zerbitzu eskaintzen ditu. Horietako bi dira aholkularitza juridikoa eta aholkularitza psikologikoa. Lehenengoan Kistiñe Lujanbio eta Ane Iturbe abokatuak aritzen dira, eta bestean Maite Blanco psikologoa. Aholkularitza psikologikoa emakumeei zuzendutako informazio eta aholkularitza indibiduala da, eta astean behin izaten da, aste batean asteazken arratsaldez, eta hurrengoan ostegun goizez. Sei saio izaten dira pertsona bakoitzarekin. «Horrek mugatu egiten du ematen den arreta», esan du Blancok. «Ezin da sei saiotan prozesu sakon bat egon. Beraz, gehienetan euste lan bat izaten da, beharra zein den enfokatzea, korapiloren bat askatzen laguntzea...».
Andragoran badago beste zerbitzu bat, Clara Wolframek dinamizatzen duena: indarkeria jasan duten edo jasaten ari diren emakumeentzako taldean elkartzeko espazio bat. «Horrek iraunkortasun handiagoa du, ez duelako epe jakin bat», zehaztu du Blancok. «Askotan talde iraunkor horretara bideratzen ditut emakumeak. Nik lehen arreta egin dezaket, lehenengo laguntza eman, baina gero talde horretara bideratzen ditut, hor denbora luzeagorako babesa ematen zaielako». Gehienetan indarkeriaren gaiarekin lotutako arazoak artatzen ditu Blancok, eta tarteka beste gai batzuk ere bai, adibidez, doluari buruzkoak.
Batzuetan bi saiorekin zerbitzua bukatutzat ematen da, baina oso gutxitan izaten da hori. «Emakume batzuek lorpen handiak egin izan dituzte sei saioetan, baina egoera oso hauskorra denean, emakumea ez denean sostengatzen, ohiko sei saioez gain beste lau saio gehiago egin daitezke salbuespen moduan». Emakume asko aldundiko zerbitzuen zain daude, eta hori iritsi bitartean, Andragoran sostengua ematen saiatzen dira.
Zerbitzura joaten direnei buruz «emakume izatearekin lotuta daudenak» direla dio Blancok, «bizitzen ari diren horretan guztian emakume izatea zeharkakoa delako». 2024an aholkularitza psikologikoan egon ziren 41 emakumeetatik 30k indarkeria matxista bizi izan dute noizbait. «Honek erakusten du oraindik emakumeen aurkako indarkeria gizartean botere desoreka mantentzeko tresna bat dela. Batzuek gaur egun indarkeria egoerak bizi izan dituzte eta beste batzuek iraganean bizi zituzten; edonola ere, denei egunerokoan eragiten die, beraien askatasuna, segurtasuna eta ongizatea mugatzen die». Kontsulta pribatua du Blancok, eta Andragorara iristen diren kasuak gogorragoak direla dio. «Badago jendea ezin dena pribatura joan, ezin duelako ordaindu. Hona etortzen diren emakume askok bizitza konplikatuak dituzte, egoera oso zaurgarri eta gogorrekin». Batzuek esaten diote Blancori berarekin bakarrik hitz egiten dutela gai horiei buruz.
Tarteka larrialdi egoerak bideratzen dituzte, eta agenda moldatu behar izaten dute kasu horiek artatzeko. Ondorengo kasuetan izan ohi da: etxetik alde egiteko erabakia hartu dutenak, edo epaiketa azkarra izan dutenak eta hurrentze agindua jarri denean. «Egoera berri batean daude bat-batean, eta horri arreta jarri behar zaio». Larrialdi kasu bat etortzen denean, euste emozional bat izaten dela dio: «Behar dute hustea, eta behar dute gertatzen ari denaren irakurketa egitea. Niri askotan tokatzen zait etortzen den emakumea lasaitzea: esaten dute munduko gauzarik okerrena gertatu zaiela, eta nik esaten diet gertatu dena ez dela modurik egokiena izan, baina hemendik aurrera hobeto egongo direla». Batzuetan ez da bere erabakia izan egoera aldatzea; baliteke bizilagunak deitu izatea, adibidez. «Horrelakoetan tokatzen da haiei prozesuaren irakurketa beste leku batetik egitea. Momentu horietan askatzen laguntzen eta akonpainamendua ematen zaio».
Indarkeria matxista jasan duen norbait tratatzerakoan, momentuko egoera ikusi behar dela dio Blancok: «Ezberdina da salaketa jarri berri duen pertsona bat edo oraindik etxean bizi dena gizonarekin eta tratu txar psikologikoa jasaten ari dena». Kasuistika amaigabea omen da. «Askotan biktimek haien burua ahaztuta dute, oso manipulatuta daude. Ahalduntze prozesua egiten saiatzen gara, atentzioa bere barrura bideratzen: nola sentitzen den, nola dagoen, zer behar dituen... Eta horretan laguntzen. Batzuetan erabakiak zailak dira, urteetako dinamikak daudelako, eta kasuan kasu joan behar da».
Gehienetan ez du teoriarik azaltzen, bizipenetatik jotzen du. «Ahalduntzeak suposatzen duena da emakumeak beraiek euren bizitzaren ardura hartzea. Hau da, haiek konturatzea zer egiten duten edo zer ez duten egiten bizitzen ari diren horri aurre egiteko». Emakume askok ez daukate dauden tokitik ateratzeko ahalmenik, eta horretan lagundu behar zaie: «Hain gaizki daude, hain manipulatuta... Nik esaten diedana ulertu dezakete, baina gero hori nola sentitzen duten... Hainbestekoa da dependentzia emozionala, ez dela erraza askatzea. Dinamika indartsuak izaten dira. Urte pila bateko kontua izan daiteke». Drogamenpekotasun bat bezalakoa da: «Drogatik ezin da inor atera bost-sei saiotan. Botere harremanak daude tarteko, dependentzia emozionala... Asko dago lantzeko».
Xantaia emozional handia jasotzen dutela gaineratu du: «Gizonak askotan leporatzen dio emakumeari bere oldarkortasunaren edo portaeraren errua, eta emakumea, hain dago ahul eta menpeko, bere burua zalantzan jartzen duela, eta bere gain hartzen duela errudun sentimendua». Horregatik ematen dio Blancok garrantzia irakurketa aldatzeari: emakumea mezu hori jasotzen ari da uneoro, eta beste irakurketa bat jaso dezake. «Baina ez da erraza».
Hausnarketa bat egiten du: «Jendeari galdetzean ea ezagutzen duen indarkeria matxista jasan duen emakumeren bat, askok ezetz esango dute, baina denok ezagutzen dugu norbait, jakitun ez izan arren». Indarkeria ez da soilik etxe barruan jotzea edo garrasiak, mota asko daude. «Oso ezkutuan daudenak izan daitezke, adibidez, jeloskortasuna. Inkesta bat eginez gero, esango genuke ez dugula inor ezagutzen, baina arakatzen hasita, indarkeria uste duguna baino gehiago ematen da». Andragorak aholkularitza psikologoa eskaintzea «sekulakoa» dela dio, eta emakumeak animatu ditu bertara joatera eta gutxienez bertako zerbitzuak ezagutzera. «Batzuetan, datozenerako oso egoera larrian daude, eta hobe izaten da horrenbeste ez itxarotea».
Espazio segurua
Izenak dioen moduan, aholkularitza juridikoan aholkuak ematen dituzte Lujanbiok eta Iturbek. Bi astez behin eskaintzen da aholkularitza juridikoa, asteazken arratsaldetan, eta txandaka aritzen dira Lujanbio eta Iturbe.
Andragora bezalako espazio bat egotea Tolosaldean izugarrizko aukera dela esan du Lujanbiok, «eskaintzen diren zerbitzuengatik, babes espazioa delako, segurua, beste inon hitz egiten ez direnak bertan hitz egiten direlako, eta horrek asko esan nahi du». Andragora Tolosan dago, baina eskualdeko beste herrietatik ere emakumeak artatzen dituzte, eta horretan indarra jartzen dutela esan du Iturbek: «Horretarako bitartekariak erabili izan dira; izan ere, herri txikietan horrelako egoera batean dagoen pertsona batengana iristea oraindik eta zailagoa delako. Ahalik eta urrutien iristea helburu nagusia izan da hasieratik».
Egoten diren egunetan lau saio izaten dituzte, eta haiek ere agenda moldatu behar izaten dute larrialdi kasuak artatzeko. Emakumeek erabakiak azkar hartu behar dituztenean izan ohi dira larrialdi kasuak: etxetik atera ala ez, salaketa jarri ala ez, haurrekin baldin badaude indarkeria egoera horiek nola kudeatu... Hainbat gai jorratzen dituzte zerbitzuan: banantze-eskaerak, dibortzioak, ezkontza-deuseztasunak, babes-neurriak, urrunketa-neurriak, salaketak, bitartekaritza, familia eta lana bateragarri egitea, lan-eskubideak... «Ez dira gai estankoak izaten, nahasketa egoten da», esan du Lujanbiok. «Adibidez, norbait dibortzio batengatik dator, familia haustura bat dago, baina indarkeria ere badago, arazo ekonomikoa ere bai...». Hitz egiterakoan haustura horretatik hitz egiten dutela gaineratu du Iturbek: «Sentimendu edo emozio batek beste batera eramango ditu».
Aholkularitza juridikora denetariko emakumeak joaten dira, askotariko maila ekonomikokoak edota jatorritakoak. Andragora nola ezagutu duten galdetzean, erantzuna oso zabala izaten da: batzuek etxea bera ikusi dutelako, beste batzuek gizarte zerbitzuetatik bideratu dituztelako, beste batzuek inguruko jendearen bitartez... «Horrelako zerbitzuen berri eskuorrien bidez eta prentsaren bidez zabalduko dira, baina ahoz ahokoak asko egiten du. Zabaltzen laguntzen duena ondo hartuko dugu», esan du Lujanbiok. Hasiberritan emakume gutxiago joaten ziren, baina gaur egun geroz eta beteagoak daude saioak. «Hasieran etortzen zirenak ahoz aho zerbitzuaren berri izaten zutelako izaten zen, eta batez ere militantzia feministagatik», azaldu du Iturbek. «Gaur egun gero eta profesional gehiagok guregana bideratzen dituzte: gizarte zerbitzuetatik jaso ditugu, Osakidetzatik ere bai, eta horrek esan nahi du proiektua saretzen ari dela. Horrek indarra ematen dio».
Andragorako zerbitzuetatik ere bideratzen dituzte emakumeak. Aholkularitza juridikotik ikusten badute bertara joan den norbaitek behar emozionalei eusteko beharra duela, azaldu egiten diote zer zerbitzu dauden. «Bi zerbitzuetan dauden emakume asko ditugu. Bai guk aholkatu diegulako aholkularitza psikologikora joatea, edo Maitek guregana bidali dituelako», zehaztu du Lujanbiok. «Andragora ez da leku estanko bat. Hona etortzen direnak badakite zer zerbitzu dauden, edo horien berri jasotzen dute». Aholkularitza juridikoan ez dago saio kopuru jakin bat, beharren arabera izaten da. «Abokaturen batekin prozesu bat abiatzen dutenean, gero guregana ere bueltatzeko aukera dute horren berri emateko eta nola doan ikusteko».
Familia arloko gaiak dira gehien jorratzen dituztenak: dibortzioak, aurretik dibortziatuak egon baina arazoak dituztenak, likidazioak,... Gehienetan indarkeria matxistaren bat izaten dela diote: «Agresio sexual asko daude, bikote harremanetan eta ezkondutakoen artean ere bai. Genero indarkeria ekonomikoa ere asko ikusten da, baita indarkeria bikarioa ere, haurrak daudenean. Lan arloko indarkeria ere bai. Izaten dira kasuak ezkonduta urte asko daramatzatenak eta bizitza guztian indarkeria jaso ondoren, bukatzea erabaki dutenak; etxetik ateratzean, beste kontu bat da nora doazen».
Andragora espazio segurua dela diote, eta zerbitzuetara joaten diren emakumeek ez dute nahi izaten besteek jakitea bertan egon direnik. «Profesionalen aurrean daude, eta guk sekretu profesionalaren bitartez egiten dugu lan», esan du Iturbek. «Ezezaguna izate horrek laguntzen die esan behar dutena esaten, eta guk ez dugu inor epaitzen, ulertzen dugulako emakumeek ahal dutena egiten dutela. Etortzen diren emakume batzuek esaten digute hori edo beste gaizki egin zutela, eta guk esaten diegu ahal zutena egin zutela egoera horretatik ateratzeko».
Zerbitzuen bitartez bidelagun izan nahi dutela diote, eta hasierako aholkularitza horretan emakumeak eroso sentitzea. «Konfiantzazko klima hori sortzea oso garrantzitsua da. Seguru sentitzen dira. Haiek seguru sentitzea, entzunak izatea, gauzak ulertzea... hori da gehien eskertzen dutena». Beraiengana joaten den emakumea zer egoeran dagoen erakusten die horrek, eta zer behar dituen momentu horretan. «Askotan bide judizial bat irekitzea urte luzetako bidea dela kontuan hartu behar da».
Prozesu judizialei buruzko informazioa ulertaraztea ez da erraza izaten. «Prozesuak ez dira errazak, eta emakumeak informazioaren jabe izan behar du, hark zer pauso sendo eta seguru eman ahal dituen ikusteko», azaldu du Lujanbiok. «Hainbat etortzen dira prozesu judizialen inguruko kontrastea egiteko, prozesua hasita dute abokatu batekin, eta ondo doan ikusi nahi dute». Abokatuek «ongi tratatzen ez dituztenak» badirela diote, «izan ofiziozkoak edo pribatuak. Ez badute inongo prestakuntzarik feminismoan, genero indarkerian... emakumeak ez dira entzunak sentitzen. Hori ere gertatzen da».
Prozesu juridikoak aurrera eramateko abokatuen bitartez egin behar da, Andragoratik kanpo. Horretarako, aukera desberdinak daude: lehentasunez, doako justiziarako aukera eskaini eta azaltzen zaie, eta bigarrenez, abokatu partikularra aukeratzeko aukeraz informazioa ematen zaie.
Aholkulariek diote epaitegiko prozedurak, metodologiak eta espazioek ez diotela batere laguntzen salaketa jartzen duen emakumeari. «Laguntzak diziplina anitzekoa izan behar du, eta denok batera aritu beharko ginateke: psikologoak, abokatuak, gizarte langileak, fiskalak, epaileak... Eta egoera horretatik oso urruti gaude», esan du Lujanbiok. Prozedura oso zurruna dela nabarmendu dute: «Salaketa modu batera jarri behar da, prozedura legeak markatutakoa da, epeak daude, urruntze aginduak ematen dira baldin eta egoera jakin bat ematen bada.... Epaileek ez dituzte betaurreko moreak jantzita, eta horrek ez du laguntzen».
Andragorak beste hainbat egitasmo antolatzen ditu, eta azkenetako bat izan da Querer telesailaren emanaldia eta horri buruzko mahai-inguruak, ikuspuntu psikologikotik zein juridikotik. Lujanbiok eta Iturbek telesaila ikustea gomendatzen dute, «bereziki prozedura judizial bat ikusten delako hasieratik. Epaiketa bera irudikatzen da, eta pertsonaien profilak oso ondo jorratuta daude. Gainera, hainbat indarkeria mota daude islatuta». Iturbek gaineratu duenez, «oso garrantzitsua da gai juridikoak espazio feminista batean lantzea, modu komunitarioan. Hausnarketa espazio batetik, bakoitzak duen ekarpenetik abiatuta, eta uste dut oso espazio interesgarria sortzen dela. Emakumeak garen heinean gaiek hainbat alorretatik eragiten digute, eta horietako bat alor juridikoa da». Gai horietaz hitz egiteko espazioak asko eskertzen direla esan du Lujanbiok.
Andragorak egiten duen lana nabarmendu dute. «Gure artean bizi diren, gure bizilagun diren emakume eta familia horiek askotan egoera larriak bizitzen ari dira, eta gu horren lekuko gara. Hemen lan egiten dugu, hemen babesten saiatzen gara, baina kontutan izan behar dugu komunitate batean bizi garela». Zentzu horretan, akonpainamendu juridikoaz eta psikologikoaz gain, horrelako egoera bati aurre egiterakoan komunitatea «oso garrantzitsua» dela diote: «Sare bat behar dugu horrelako egoerei aurre egiteko. Gizartean bizi gara, eta emakumeok gizartean artatuak izan behar dugu».
Andragorako zerbitzuak
Aholkularitzak
· Aholkularitza juridikoa, Ane Iturberekin eta Kistiñe Lujanbiorekin. Asteazkenak, bi astetik behin, 16:00-20:00.
· Aholkularitza psikologikoa, Maite Blancorekin. Txandaka, aste batean bat, eta hurrengoan bestea: ostegun goizak 10:00-15:00 eta asteazken arratsaldeak 16:00-21:00.
· Ikasketak eta prestakuntza ibilbideak homologatzeko aholkularitza, Bidez Bide Elkartearekin. Hilabeteko lehenengo asteartea, 16:00-20:00.
· Aholkularitza laborala, etxeko langile zein enplegatzaileentzat, SOS Arrazakeriarekin. Astelehenetan, bi astetik behin, 16:15-18:30.
Elkarguneak
· Kafe Tertulia, jatorri anitzeko emakumeen elkargunea. SOS Arrazakeriak dinamizatuta, asteazkenero, 17:00-19:00.
· Indarkeria matxista laguntza taldea. Clara Wolframek dinamizatuta, asteazkenero, 10:00-12:00.
· Ama Sarea. Nahia Alkortak dinamizatua, hilabeteko lehenengo astelehenean, 18:00-20:00.
Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxearekin harremanetan jartzeko:
Helbidea: Emakumeen Plaza 1. 20400 Tolosa.
Telefonoa: 943 00 89 67 / 747 49 64 69.
Posta elektronikoa: andragora@andragora.eus.
Webgunea: Andragora.eus.




