Igora Films ekoiztetxeko sortzailea da Iñaki Gereñu Odriozola (Tolosa, 1983), baita Euskal Telebistako argazkilari ofiziala ere. Lanez gainezka dabilen arren, Goitik aurrera bidaia hitzaldia emango du gaur Aranburu jauregian. 19:00etan hasiko da Katapulta Plataformak sustatutako ekitaldia, Tolosako Udalaren kolaborazioarekin, eta Kutxa Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntzarekin.
Zeri buruz hitz egingo duzu gaurko saioan?
Berez, sormen-prozesuaz hitz egiteko eskatu zidaten, baina nire kasuan ikus-entzunezko lan bakoitza eta bidaia bakoitza proiektu diferente bat da. Ez dut sormen-prozesu bera izaten horietarako. Orduan, ibilbideaz hitz egingo dut. Droneen eta ikus-entzunezkoen munduan lanean nola hasi nintzen azalduko dut, baita lehen dronea noiz eta zergatik erosi nuen ere. Horrez gain, kontatuko dut proiektu handietan hasi nintzela lanean; lehen hilabetean Europan zehar aritu nintzen Inditex etxearentzat.
Lanari lotuta, egin ditudan bidaien inguruan ere hitz egingo dut, baina, batez ere, esperientziez. Ez ditut bidaiak osorik kontatuko; ezagututako pertsonez, haiekin izandako bizipen on zein txarrez eta zorioneko momentu berezi eta bakarrez hitz egingo dut. Drone batek bizitza nola aldatu didan azalduko dut. Gaur egun lanerako ezinbesteko erreminta bilakatu zait.
'Goitik aurrera bidaia' izenburua jarri diozu. Zergatik?
Aproposa iruditu zitzaidan. Ate berri bat irekitzen zaidan bakoitzean igaro egiten dut, atzera begiratu gabe. Etengabe aurrera noanaren sentsazioa daukat, baina droneari esker goitik begira aritzen naiz. Droneak markatu dit aurrera egiteko modua.
Istorioak, ikasketak eta bizipenak kontatuko dituzu. Bakarren bat aurreratzerik bai?
Duela pare bat urte, urtebeteren buruan, hiru aldiz izan nintzen Islandian. Sumendietako irudiak egiten aritu nintzen. Bertako bolkanologo batekin eta suhiltzaile banarekin ibilbide pribatu bat egin nuen, eta azalpen ugari eman zizkidaten. Jendeak sartu ezin zuen tokietan sartu nintzen irudiak egitera. Pribilegiatu hutsa izan nintzen.
Esperientzia gehiago ere azalduko ditut: Jordanian pasaportea kendu zidatenekoa eta galdutako dronea bilatzen aritu ginenekoa, Nepalen polizia nire bila hotelera etorri zenekoa edo Islandian gauean furgonetatik atera eta, ordu eta erdiz hotzez egon bitartean, aurora borealak ikusi nituenekoa. Bidaietako momentu onenak, askotan, inprobisatuak izan dira. Irudi ikusgarriez eta esanahi handikoez baliatuko naiz esperientziak kontatzeko.
Nola antolatzen duzu bidaia bat? Lehenik, tokia bera irudietarako aberasgarria den aztertzen duzu?
Ez ditut asko prestatzen. 20 herrialde baino gehiagotan egon naiz. Bidaia gehienak lanak baldintzatuta egin ditut. Hala ere, jakitun naiz sare sozialak erakusleiho handia direla, eta eduki jakin bat lortzeko bidaiak ere egin izan ditut, gerora nire lana sustatu ahal izateko. Hiru drone eta bi motxila sartzen ditut motxiletan. Vietnamera oporretara egindako bidaia batean, argazki konkretu baten bila joan nintzen, eta ez nuen lekua topatu. Hiru egun igaro nituen beldurra ematen zuen herri batean, inorekin hitz egin gabe. Ez nuen ezer jan, txakurra jaten zutelako, eta ez nuelako nahi. Beraz, ez zen esperientzia ona izan.
Sormenak zenbateko pisua du zure egunerokotasunean?
Orain bideo gutxiago sortzen ditut, eta gehiagotan aritzen naiz kamerari. Nire bezero nagusienak Irusoin ekoiztetxea eta Euskal Telebista dira. Une honetan, 10 Totem programa osorik ekoizten ari naiz. Zer eta nola grabatu erabakitzeko ardura izaten dut, eta hori dut gustukoen, argazki-zuzendari aritzea, alegia. Sormenak pisua du lan horretan, baina baita alderdi teknikoak ere.
Esparru bat baino gehiagotan aritzen zara lanean. Dronea duzu gogokoen?
Dronea erreminta bat besterik ez da, kamera edo tripodea diren bezala. Lanari esker pertsona ugari ezagutu eta harremanak egin ditut eta askotariko proiektuetan parte hartu dut. Jakin-min handiko pertsona naiz, eta beti ari naiz gauza berriak ikusten eta ikasten. Nola grabatzeak baino gehiago asetzen nau zer grabatzeak; hori da gogokoen dudana.
Aurten, adibidez, espazioan dagoen satelite bat grabatzen aritu gara, AVS enpresak egindakoa. Irudiak egin aurretik, satelitearen funtzionamendua ezagutu eta eskuekin ukitzeko aukera izan genuen, eta horrelako bizipenek asko betetzen naute. Zorionekoa naiz, pasioz bizi dudalako nire ofizioa, eta ez zaidalako astuna egiten.
Drone batek zure begiratzeko modua eta bizitza erabat aldatu dizkizula esan duzu. Nola aldatu dizkizu, bada?
Ekonomikoki egonkortasuna lortu dut. Abenturazalea naiz, emozioak behar dituen pertsona bat, errutinatik kanpo bizi behar duen horietakoa, eta hori guztia droneak ematen dit. Nire ogibidean mirari bat topatu dut.
Arotzek mailua bezain erraz erabiliko duzu drone bat.
Dronearen eta erabileraren arabera. Drone bakoitza diferentea da, eta bakoitzak irudi jakin batzuk egiteko balio du. Baina, oro har, bai. [Barreak]
Begirada zorrotzeko abenturazalea zara. Zer helbururekin egiten dituzu lanak?
Oraindik ez dakit oso ondo zer den topatu nahi dudana. Dakidana da nire lana zein bidetatik eraman nahiko nukeen. Duela gutxi, laster ETB 1 katean emango duten Piztiak fikziozko telesailean aritu naiz lanean. Kamerari nagusia izan naiz, eta droneekin egindako irudiak ere nireak dira. Argazki-zuzendari izatera bideratu nahi dut nire burua, eta, ahal bada, fikzioan. Ordu asko pasa ditut nire kontura teknikak ikasten, eta ekarpen handiena alor horretan egin dezakedala uste dut.
Musika munduan ere ari zara. Orain gutxi, berriz, bakarkako ibilbideari ekin diozu. Zerbait kontatzerik bai?
Martxoan hamar kantuz osatutako diskoa argitaratzeko asmoa daukat. Bakarka egin dut diskoa, baina Belako taldeko Lander Zalakainen laguntza izan dut. Bateria jo du berak; nik, berriz, sintetizadorea, gitarra eta ahotsa. Zuzeneko kontzertuetan biok ariko gara. Sorpresak ere badira, kolaborazio modura, baina ez dut ezer aurreratu nahi. Abenduan edo urtarrilean argitaratuko dut lehen aurrerapen-kantua. Musika elektronikoa da, zenbait efekturekin, baina gitarra asko entzuten da kantuetan. Malenkoniatsua da, eta aldi berean, dantzagarria.
Aurrera begira, musikarekin jarraitzeko asmoa al duzu?
Egunez egun joan nahi dut; hala ere, egia da musika-proiektua seriotasun handiarekin lantzen ari naizela. Nire ustez apustu sendoa da, eta ikusiko dugu zer erantzun izaten duen. Musika terapia modura hartu izan dut, lanez gainezka egon izan naizelako, eta edozer egiten nuela ere lanaz pentsatzen hasten nintzelako. Musikari esker, erabat deskonektatzea lortzen nuela jabetu nintzen. Ohartzerako, hamar abesti egin ditut.