Larunbatean, Musikarien Eguna ospatuko da, eta aurten ere, eskualdeko musika eskolek bat egingo dute ospakizunarekin. Tolosan, Eduardo Mocoroa Musika Eskolak zenbait ekitaldi antolatu ditu, baita Tolosako Udal Musika Bandak eta Udal Txistulari Bandak ere.
Ohikoa izaten den bezala, egunean bertan eta bezperan kalejirak egingo dituzte herriko kaleetan zehar. Ostegunean, musika eskolako ikasleen bandak, harizko instrumentuen taldeak, akordeoi taldeak eta txistu taldeak kalejirak egingo dituzte. 19:00etan abiatuko dira musika eskolatik. 20:00etan, Plaza Berrian elkartuko dira talde guztiak, kantu bateratu bat jotzeko.
Larunbatean, Tolosako Udal Musika Bandaren eta Udal Txistulari Bandaren txanda izango da. Musika bandak Xexili Eguneko kalejira egingo du, 11:30ean Gorriti plazatik abiatuta. Alde Zaharreko kaleak zeharkatuko dituzte bandako kideek, Plaza Berrian amaitu aurretik. Udal txisktulari banda ere kalez kale ibiliko da eguerditik aurrera, Babarrunaren Festako erromeria ibiltaria girotzen.
Xexili Eguneko kontzertua, ostiralean
Ostiralean, herriko lau musika taldek Xexili Eguneko kontzertua egingo dute Leidor aretoan, 19:30etan hasita. Urtero bezala, udal musika bandak antolatu du emanaldia, eta aurten, Hodeiertz abesbatza, Tolosako Udal Txistulari Banda eta GiroArte Dultzaina Taldea ariko dira bandaz gain. Urteko kontzertu bereziena izan ohi da taldeentzat, besteak beste, obra berriak estreinatzeko baliatzen baitute hitzordua.
Hodeiertz abesbatzak, Victor Galvanen zuzendaritzapean, Baratze bat, Izar ederrak eta Juramento abestiak interpretatuko dituzte.
Udal txistulari bandak, lau abesti eskainiko ditu, horietatik lehena txistulariek bakarrik interpretatua, Mungia (III. Kontrapasa). Gainerako hiru kantuetarako Landatarrak izango dituzte lagun, aho-soinuarekin. Elkarrekin Markos Landaren Albiztur, Nere emazteari eta Funtzioa kantuak eskainiko dituzte.
GiroArte Dultzainero Taldeak, berriz, lau kantu interpretatuko ditu; Caprichos para dos, Capricho Vasco, Suite de Habaneraseta Bidekoa. Hauek ere ez dira bakarrik egongo oholtza gainean, eta horiekin batera egongo dira Mikel Atxega baxuarekin, Maddi Garikano biolinarekin, Ana Iparragirre pianoarekin, Maitane Iturriotz trikitixarekin, eta Iraide Begiristain panderoarekin.
Azkenik, udal musika bandak hiru obra interpretatuko ditu, Enrike Arostegik gidatuta: Shostakovichen Festive Overture, Amy Winehouseren kantuen bilduma bat eta Persis. Azken biak, lehen aldiz joko ditu.