ELKARRIZKETA

«Munduan ez dago halako babarrunik»

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko azaroaren 21a

Estitxu Sudupe Tolosako Babarruna Elkarteko lehendakaria. J.A.D.

Bihar ospatuko da Tolosan Babarrunaren Festa. Azken asteotan, maiatza amaieran ereindako hazien fruituak biltzen aritu dira Tolosako Babarruna Elkarteko ekoizleak. Lan handia izaten ari dira asteotan, eta beste behin ere, ekoizle gazteen beharra dutela nabarmendu du Estitxu Sudupe Tolosako Babarruna Elkarteko lehendakariak.

Donostiako Kursaalen egiten diren kongresuetako operazio burua da Estitxu Sudupe (Urretxu, 1974). Horrez gain, Tolosako Babarruna Elkarteko lehendakaria da, 2022az geroztik. 2017an egin zen bazkide; betidanik gustatu izan zaio baratzean aritzea, eta lehen sektorea babestu nahi zuen. Urtero, Tolosako San Esteban auzoko Gorregi baserrian alokatuta dituen lursailetan ereiten ditu perla beltzaren haziak. Aurtengo babarruna «kalitate handikoa» dela esan du.

Aurten uzta ez da atzeratu, ezta?

Duela bi urte ohi baino beranduago hasi ginen uzta biltzen, nahiz eta Babarrunaren Festa ohiko datan egin ahal izan genuen. Iaz, uzta atzeratu egin zen, eta horrek azaroan egin ohi den ospakizuna abenduan egitea eragin zuen. Aurten, berriz, aurreikusi baino astebete beranduago egingo da Babarrunaren Festa, baina babarrunak izango ditugu ordurako. Bilketan aritu gara azken asteotan.

 

Nolakoa izan da aurtengo ekoizpen-prozesua?

Guztiok erein ditugu ohi baino beranduago babarrunak. Udaberria oso euritsua izan zen, eta itxaron egin behar izan genuen lurra goldatu behar izateko. Maiatza erdialdera erein ordez, ekaineko lehen egunetan erein genituen. Horrek apur bat atzeratu zuen prozesua.

Azken asteetan uzta biltzen aritu zarete. Nolakoa da aurten Tolosako Babarruna?

Itxura oso ona dauka. Hazia ona denean, eta ondo zaindu edo mimatzen duzunean, beti izaten da ona. Toki batzuetan beste batzuetan baino gutxiago jaso da. Izan ere, ekaina erdialdean eurite eta luizi indartsuak izan ziren eskualdean, eta kalteak eragin zituzten zenbait baratzetan. Kantitateari dagokionez, gutxiago izango ditugu, baina kalitatean ez du eraginik izan.

Zeintzuk izaten dira babarrunak ekoizteko eman beharreko urratsak?

Lurra goldatu ondoren, plastikoa jartzen dugu, zuloak egiten ditugu eta haziak ereiten ditugu. Lurra ongarritu ere egiten dugu, nahiz eta batzuetan ez den beharrezkoa izaten, urtez urte, babarruna soilik ereinda, landarearen errizomak nitrogenoa sortzen duelako eta lurrean uzteko gai delako. Behin hazia ereinda, hagaxkak jartzen ditugu, bi metro eta erdiko edo hiru metroko distantziara, eta ondoren, hagaxken artean sarea jartzen dugu. Azken honek, babarrunaren landarea kiribiltzen laguntzen du. Aske geratzen dira landarearen fruituak, eta haize gehiago pasatzen denez, gaixotasunak izateko arriskua oso txikia da.

Lan horiek egin ondoren, uda guztian zehar landareak zaintzen ditugu; gaitzik edo zomorrorik sartu ote zaien gainbegiratzen dugu. Dena ondo bidean, udazkenean sartzean sastrakaz garbitzen ditugu landareak. Eta azkenik, urrian eta azaroan babarrunak biltzen ditugu.

Landareak ez dira ureztatu behar?

Berez, ez. Baina, azken urteetan, udan bero handiak egin izan dituenean, ureztatu behar izan ditugu.

Bero sapek eta euriteek ez dute laguntzen, ezta?

Ez. Azken urteetan ikaragarri ari gara nabaritzen klima aldaketaren eragina. Bizpahiru egunetan bero zakarra izaten denean, 37-40 gradu inguruko tenperaturekin, lorea lehortu eta erori egiten da. Landareak, bizirauteko, berriro sortzen du lorea. Ondorioz, bizirik gelditzen diren loreak urrian biltzeko moduan egoten gara, baina lore berrien kasuan azarora arte itxaron behar izaten dugu. Uzta guztia aldi berean biltzea litzateke egokiena.

Behin uzta bilduta, elkartearen lantegira eramaten dituzue babarrunak, bertan poltsatan sartzeko.

Ekoizle guztien babarrun zakuak eramaten ditugu hara. Hango langileek babarrunak aletu eta galga batean jartzen dituzte; tamaina txikikoak erori egiten dira, eta soilik tamaina txukuna dutenak igarotzen dira galgatik. Ondoren, zinta batera joaten dira babarrunak, eta zatarrak, puskatutakoak eta ondo lehortuta ez daudenak kentzen dituzte. Kalitate gorenekoak bakarrik aukeratzen dituzte. Jarraian, bi egunez izozten dira babarrunak, zomorroak haztea ekiditeko. Azkenik, merkaturatu aurretik, poltsatan sartzen dituzte.

Udazkeneko hilabeteak lan karga handikoak izaten dira, beraz?

Bai. Batez ere urria eta azaroa, eta urtearen arabera, abendua ere bai. Abenduan ere nahiko lan izaten dugu. Urtean zehar kudeatzaile bat egoten da elkartean lanean, baina hilabete hauetarako langile gehiago behar izaten ditugu.

2017an sartu zinen elkartean. Nolatan animatu zinen?

Galdera ona. Izan ere, nire ogibideak ez dauka zerikusirik lehen sektorearekin, baina betidanik gustatu zait baratzean aritzea. Ama izan nintzenean, ordea, barazki propioak ekoizteko grina areagotu zitzaidan. Horregatik, nekazaritza ekologikoari buruzko zenbait ikastaro egin nituen Fraisoro Eskolan. Han esan zidaten babarrun elkartea bazkide bila zebilela, eta animatu egin nintzen. Elkarteko kide izateko gutxienez 1.000 metro koadro erein behar dituzu —haziak elkarteak ematen dizkie ekoizleei—, eta ondoren, ekoitzitakoa elkartera eraman behar duzu. 

2017an Urretxun hasi nintzen babarrunak ereiten, eta 2018an eta 2019an Urretxun eta Tolosan ereiten nituen. 2020az geroztik, Tolosan bakarrik ereiten ditut. Urretxuko baratzea beste barazki batzuk ereiteko erabiltzen dut orain. Tolosan, San Esteban auzoko Gorregi baserrian sortu zitzaidan aukera. Lursailak prest zeuzkatela esan zidaten, eta alokatu egin nizkien. Gaur egun hemen bakarrik landatzen ditut babarrunak, eta oso pozik nago.

Zer oroitzapen duzu elkartean egindako lehen urteez? Urduri sentitu zinen?

Asko gustatzen zait espero ez zaituzten toki batean egotea, eta hori gertatu zitzaidan. Akaso nirea ez da askok lan honetan aritzeko buruan duten profila, baina oso gustuko dut estereotipoak haustea. Hala ere, ez nintzen horregatik sartu elkartean. Baratzegintza asko gustatu izan zait betidanik.

«Akaso nirea ez da askok lan honetan aritzeko buruan duten profila, baina oso gustuko dut estereotipoak haustea»

Hasieran zalantza asko nituen, eta beti ari nintzen galderak egiten. Laguntza ikaragarria jaso nuen bueltan. Lehen egunetik besoak zabalik hartu ninduten bazkide guztiek. Horri esker, ez nuen urduritasunik izan. Aurreneko asteetan harrituta begiratzen ninduten askok, baina berehala sentitu nintzen taldearen parte.

2022az geroztik elkarteko lehendakaria zara. Zer suposatzen du horrek?

Praktikan teorian baino karga arinagoa du lehendakari izateak. Lana, berez, ez da astuna. Postuaren izenak pisu handiagoa du elkartean izaten dudan lanak baino, eta gustura ari naiz.

Nolakoa izaten ari da ia hamar urteko ibilbidea elkartean?

Oso pozik ari naiz lanean. Tarteka, gainera, bisitan etortzen naiz Gorregira, eta horrek asko asetzen nau. Ekoizpen aldetik, gorabeheratsua izaten ari da. Lehen bi sailetan ekoizten nituen babarrunak, eta orain bakarrean. 2021ean egin nuen errekor pertsonala. Bi sailetan 640 kilo babarrun bildu nituen. Aldiz, 2022an, sail bakarrean askoz kilo gutxiago bildu nituen.

Zenbat?

118 kilo. Sekulako aldea da. Eguraldiaren arabera asko aldatu izan da ekoizpena.

Eta iaz?

Ez zen urte txarra izan. 180 kilotik gora bildu nituen.

Zer itxura du aurtengo bilketak?

Kantitatez ez da sekulako bilketa izango, baina kalitate aldetik bai. Ekaineko eurite eta luiziek, ordea, eragin handia izan zuten nire lursailetan.

Zerk egiten du berezi Tolosako Babarruna?

 

Babarruna, oro har, elikagai ezin hobea da, eta gaur egun toki askotan ereiten da. Tolosakoa Gipuzkoako edozein tokitan erein eta hazi daiteke, betiere, kontrolpean. Beltza da, eta erdian puntu zuri bat dauka; lekari lotzen zaion puntua da. Munduan ez dago halako babarrunik; berezkoa du Tolosakoak, eta berezitasun hori mantendu izan du.

Txikitatik al duzu baratzerako zaletasuna?

Bai. Nire amamak baratzea zeukan, eta beti laguntzen nion. Horregatik, asko gustatu izan zait beti, nahiz eta nire ogibideagatik gerora beste bide batzuk hartu ditudan. Grina eta zaletasuna handia direnean, ez dago oztoporik. Gaur egun baratzea nire gimnasio bilakatu da, baita psikologo ere; nire elikagairik onena da.

 

«Gaur egun baratzea nire gimnasio bilakatu da, baita psikologo ere; nire elikagairik onena da»

Zenbat ekoizlek osatzen duzue elkartea?

40 inguru gara, Gipuzkoan zehar banatuta, eta denok eramaten ditugu bildutako babarrun guztiak elkartera. Ekoizle berriak sartzen dira tarteka, baina batzuek utzi ere egiten dute.

Azken urteotan errelebo aldaketaren beharra azpimarratu izan du elkarteak. Oraindik ere beharra daukazue?

 

Bai. Guretzako oso garrantzitsua da tolosarrek babarrunarekin duten erlazioa ez galtzea, herritarren identitatearen parte delako. Adineko asko ari da lehen sektorean lanean, eta belaunaldi aldaketa beharrezkoa da zenbait tokitan. Gure elkartearen kasuan, tolosarren identitatea mantentzea ere bada helburua. Ondorioz, deialdia egin nahi dugu ekoizle berriak animatu daitezen, batez ere, gazteak. Esperientzia oso polita da. Lursail txiki bat nahikoa da hasteko. Erraza da, eta edozein zalantza izanez gero, berehala argituko dugu. Edonork babarrun haziak erein nahi baditu, besoak zabalik hartuko dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!