Urteurren gozo-gozoa

Aitor Arroyo Askarai 2025eko azaroaren 14a

Tolosako Zerkausian ospatu zuten atzo iluntzean Gorrotxategi etxearen 100. urteurrena. Hainbat instituziotako ordezkariak eta jende andana bertaratu ziren ekitaldira.

100 urte bete ditu Gorrotxategi etxeak, eta Tolosako Zerkausian ospatu zuten atzo arratsaldean. Mukuru betetako espazioan, esker oneko hitzak izan zituzten familiako hirugarren eta laugarren belaunaldiek, hurrenez hurren, Rafa eta Armintz zein Joanes Gorrotxategik. Hitzordu berezia izaki, turroi berri bat ere prestatu zuten propio, hain zuzen, trufa zuriz, limoiz eta limaz eginikoa.

Hainbat instituziotako ordezkariak izan ziren bertan, eta turroi berria estreinakoz mozteaz arduratu ziren Nerea Eizagirre futbol jokalaria, Edurne Pasaban mendizalea, Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendaria eta Laboral Kutxako ordezkaria. Gorrotxategi aita-semeek euren aurretik gozogintzan aritutako senideak ere izan zituzten gogoan, eta hunkituta nabarmendu zuten haientzako omenaldia ere bazela atzokoa.

Era berean, hitza hartu zuten Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak eta Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta bozeramaileak. Herrian gozogileen sendiak duen garrantzia seinalatu zuen lehenak, eta lanbidearekin duten «grina» ere nabarmendu zuen. Ubarretxenak, bestalde, kontatu zuen aspalditik dutela ohitura etxean Gorrotxategiren turroiak jateko, eta «ilusio berezia» egiten ziola ekitaldira gonbidatu izanak.

Julen Telleria kazetariak gidatu zuen ekitaldia, eta izan zen emoziorako unerik ere, besteak beste, propio sortutako bertso bat abestu baitzuen Jon Maia bertsolariak. Era berean, Jakitea elkarteak antolatuta tokiko produktuak dastatzeko aukera eman zuten eskualdeko zenbait ekoizlek, horien artean, Larraulgo Zirta ostatua, Hika bodega eta Barriola harakina.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!