Uzta berriarekin etorriko da Tolosako Babarrunaren Festa

Ataria 2025eko azaroaren 13a

Azaroaren 22an, ekoizleen lehiaketa eta Gure Kaiolaren Lehiaketa Gastronomikoa ospatuko dira, festaren barruan. Berrikuntza nagusia dantza-erromeria ibiltaria izango da: trikitilari, dultzainero, txistulari eta dantzariak kalez kale ibiliko dira, herria festa giroan murgilduz.

Elkarlanean antolatu dute azaroaren 22ko Tolosako Babarrunaren Festa. Egun osoko egitaraua egongo da, ohiko ekitaldiekin eta berrikuntzekin. Tolosako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Babarrun Ekoizleen Elkarteak, Babarrunaren Kofradiak eta Gure Kaiola elkarteak herritarrak festarekin bat egitera gonbidatu dituzte: «Heldu da Tolosako Babarrunaren uzta garaia, herriko produktu kuttunenari balioa ematen dion egun handia, eta, horrekin batera, festa giroan murgilduko da Tolosa». 

Azoka, dastaketa eta bi lehiaketa

Trianguloa plaza izango da jaiaren erdigune, han egingo baita Babarrunaren Festako azoka berezia, 09:00etatik 14:00etara. Hestebeteak, gaztak, barazkiak, gozoak eta, nola ez, babarrunak erosteko aukera izango da ekoizleek jarriko dituzten 23 postuetan. Lanean, ordea, goizean goiz hasiko dira sukaldariak, Tolosako Babarrunaren Ekoizleen XXXI. Lehiaketako parte-hartzaileen babarrunak prestatzen. 06:30ean hasiko dira, eta aurten 24 ekoizlek hartuko dute parte.

Bi ordu beranduago, 08:30ean, Gure Kaiola Elkartearen XXXVII. Lehiaketa Gastronomikoari hasiera emango zaio, San Frantzisko pasealekuan, Artxiboaren aurrean. Aurten ere 24 bikote arituko dira lehian. Azken lehia horrek irauten duen bitartean, Gure Kaiola Elkarteak postu solidarioa ere izango du San Frantzisko pasealekuan bertan.

Gaztaina erreak salduko dituzte, baita edaria ere, eta irabaziak Senegaleko Kellesensa elkartera bideratuko dituzte. Lehiaketa gastronomikoan kozinatzen diren babarrunak beti aurreko urteko ekoizleen lehiaketako irabazlearenak izaten dira; aurten, Sebas Gartziarena berastegiarrarenak. Hain zuzen ere, bera da Kellesensa GKEaren sortzailea.

Ekoizleen lehiaketako epaimahaikideak Kontxi Dorronsoro, Andoni Riaño, Lidia Olaizola eta Eli Belaunzaran izango dira. 11:00etan hasiko dira dastaketarekin. Lehiaketa gastronomikoko epaimahaian, berriz, Gure Kaiola Elkarteko bazkide beterano eta lehenengo irabazle izandakoa egongo da: José Luis Peciña. Berarekin batera, ondorengo sukaldariek osatuko dute epaimahaia: Enrique Fleischmann, Izaskun Olariaga, Sonia Tapia eta Jokin Zabalak. Horiek 12:30ean ekingo diote lanari, eta sari banaketak 12:45ean eta 13:30ean egingo dira, hurrenez hurren, Trianguloa plazan eta San Frantzisko pasealekuan.

Tartean, 12:00etan, Babarrunaren Kofradiako kideek uzta berriko babarrun-platerak banatuko dituzte Trianguloa plazan. Ohiturak agintzen duen moduan, bazkalorduan elkarte eta tabernetan babarruna izango da protagonista, babarrun jateak egingo baitira.

Aurtengo azokak ere izango du berezitasun bat: Tolosako Babarrunean oinarritutako postrea aurkeztuko du Gozona gozotegiak, bereziki azoka honetarako egindakoa. Raquel Ibañez gozogileak azaldu duenez, «babarrun formako pastak dira, laranjaz edo urra kremaz beteak. Postre arina da, eta bisitariek eramateko formatuan eskainiko dugu». Babarrun jate baten ondoren aproposa izan daitekeen beste postre bat ere sortu dute festa egun honi begira, gazta, irasagar eta intxaurrarekin egindakoa: «Postre arina da, bazkari astun baten ondoren jateko aproposa». Biak ala biak azokan izango dira eskuragarri.

Erromeria ibiltaria

Aurtengo berrikuntzetako bat eguerdian izango den dantza-erromeria ibiltaria da: trikitilariak, dultzaineroak, Udal Txistulari Banda eta Udaberri Dantza Taldeko dantzariek egingo dute. Trianguloa plazatik abiatuko dira, eta Lopez-Mendizabal pasealekuan, Plaza Zaharrean eta Plaza Berrian barrena ibiliko dira festa giroa herriko kaleetara zabaltzen.

11:30etik aurrera, Gure Kaiola Elkartetik abiatuta, Zintza txaranga ere ibiliko da kalez kale. Ez da festa kutsuko ekitaldi bakarra izango, erraldoiak eta buruhandiak ere aterako baitira. Arratsaldean, berriz, musikak hartuko ditu kaleak: 20:00etan eta 00:30ean ibiliko da Jainekin txaranga eta 23:00etan Gozategi taldeak kontzertua eskainiko du Plaza Berrian.

Ekoizleei aitortza

Festaren aurkezpen ekitaldian, Gure Kaiolan, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak azpimarratu duenez, «Babarrunaren Festa Tolosako herriaren eta tolosarron izaeraren eta elkarlanaren adierazle garbia da, urtez urte eragile askoren lanari eta ilusioari esker antolatzen duguna». Alkateak ekoizleen lana ere goraipatu du: «Beren lana eta ahalegina ezinbestekoak dira, gure nortasunaren, kultur-ondarearen eta tokiko ekonomiaren oinarrietako bat. Hala ere, ez dugu ezkutatu behar gero eta gutxiago direla ditugun Tolosako babarrunaren ekoizleak, eta, horregatik, eskualdeko belaunaldi berriak animatu nahiko nituzke, etorkizunera begira gure babarruna azoka, saltoki eta plateretan presente egon dadin».

Tolosako Babarrunen Ekoizleen Elkarteko kide eta iazko irabazle Sebas Gartziarena ekoizleak ere hartu du hitza. «Iaz uzta berandu heldu zelako atzeratu behar izan genuen festa. Urte zaila izan zen, baina aurten zorionez ez da halakorik gertatu. Uzta bikaina izan dugu, eta pozik gaude Tolosako babarrunaren kalitatea berriz ere erakutsi ahal izango dugulako».

Gregorio Mancisidor Gure Kaiola Elkarteko lehendakariak adierazi duenez, «Gure Kaiolarentzat festa hau oso berezia da, Tolosak babarrunarekiko duen lotura eta tradizio biziaren adierazpena. Urtero sortzen den giroa paregabea da, eta jende guztia gonbidatu nahi dugu parte hartzera eta jaiaz gozatzera».

Ildo beretik hitz egin du Armintz Gorrotxategi Kofradiako kideak: «Urte osoko ziklo baten amaiera ospatzen dugu uzta garaia heltzearekin batera. Prozesu baten amaiera da, hortik dator guztiok elkartu eta festa egitearena».

Bestetik, Azahara Dominguez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuak balioan jarri du babarrun kilo bakoitzaren atzean dagoen «lan eta esfortzu isila». «Hori ezagututa baino ez dugu lortuko egunero gozatzen dugun janaria bere neurrian baloratzea. Eta horixe da, hain zuzen ere, aldunditik Zatoz eta zaindu Turismoko Plan Estrategiko berriarekin lortu nahi duguna, gozatzea bai, baina baita ere inguratzen gaituenaz, baliabideez, pertsonez eta gure bizitza ulertzeko eta bizitzeko moduari eusten dioten balioez jabetzea; izan ere, errespetu eta ezagutza horretatik abiatuta baino ezin izango dugu gure lurraldearentzat etorkizun iraunkorra bermatzen jarraitu».

Azaroaren 22ko egitaraua:

06:30

XXX. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketaren hasiera

Trianguloa plazan

08:30

Gure Kaiola elkarteak antolatuta, XXXVII. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoaren hasiera

San Frantzisko pasealekuan

09:00 - 14:00

Azoka berezia 

Trianguloa plazan

11:00

Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako epaimahaiak bere lanari ekingo dio

Trianguloa plazan

11:00

Buruhandi eta erraldoiak

Gernikako Arbolatik

12:00

Udal txistularien eta Udaberri dantza taldearen eskutik, dantza-erromeria ibiltaria, trikitilari, dultzainero, txistulari eta dantzariekin

Trianguloa plaza (ondoren kalejira Alde Zaharrean)

12:00

Tolosako Babarrunaren Kofradiaren eskutik, Tolosako babarruna jateko aukera

Trianguloa plazan

12:30

Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoko epaimahaiak bere lanari ekingo dio.

San Frantzisko pasealekuan

12:45

Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako sari banaketa

Trianguloa plazan

13:30

Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoren sari banaketa

San Frantzisko pasealekuan

14:30

Tolosako elkarte eta tabernetan babarrun jatea

 

20:00

Jainekin txaranga

Alde Zaharrean

22:30

Gozategi

Plaza Berrian

00:30

Jainekin txaranga

Alde Zaharrean

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!