Martxel Iztuetak kontratua berritu du Baikorekin

Ataria 2025eko azaroaren 13a

Baiko Pilota eta Martxel Iztueta akordio batera iritsi dira eta beste bi urtez luzatu dute kontratua, 2029 urtera arte.

Pilotari profesional bezala hiru urte bete berritan, Martxel Iztueta atzelari tolosarrak beste bi urtez sinatu du Baikorekin, 2029ra arte. Datozen lau urteetarako ilusioz gainezka dagoela aitortu du Iztuetak: «Oso eskertuta nago nigan jarri duten konfiantzagatik, eta hobetzen jarraitu nahi dut».

Profesionaletan egin dituen lehen urteei dagokienez, Iztuetak oso positibotzat jo ditu: «Hiru urte oso politak izan dira, eta bide horretatik jarraitu nahi dut». Igande honetan bertan jokatuko du Bilbon, Lasorekin batera, Lau eta Erdiko Eusko Label Txapelketako finalaren atariko partidan, Elordi-Rezustaren aurka.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!