Astelehenean jarriko da martxan Tolosako baratze-parkean izena emateko epea

Ataria 2025eko azaroaren 14a

Iurreamendi egoitzaren ondoko lurretan dauden 80 baratzeetako 76 esleituko ditu udalak zozketa bidez, izena eman eta baldintzak betetzen dituzten guztien artean; gehienez lau urterako esleituko dira baratzeak erabiltzeko lizentziak.

Tolosako Iurreamendi egoitzaren alboko lurretan kokatuta dagoen baratze-parke ekologikoko baratzeak erabiltzeko lizentziak emateko prozedura abiatu du udalak. Gehienez lau urtez erabiltzeko lizentziak izango dira, eta astelehenean zabalduko dute izena emateko epea.

80 baratze daude parke horretan, eta horietako 76 esleituko ditu udalak deialdi honetan, zozketa bidez: mugikortasun urriko edo 70 urtetik gorako herritarrentzako altuerako baratze maila bat, irabazi asmorik gabeko elkarteentzat beste bat eta izena ematen duten gainerako norbanakoen artean 40 metro koadroko 74 baratze. 70 urtetik gorakoek azken baratze horiek erabiltzeko ere eman dezakete izena; hala ere, modalitate bakarrerako eskaera egin dezakete. Hau da, mugikortasun urriko altuerako baratzea erabiltzea eskatuz gero, ezingo dute gainerako baratzeen zozketarako izena eman, edo alderantziz.

Tolosan erroldatuta dauden herritarrak izan daitezke onuradunak, baldin eta herrian benetan bizi badira, gutxienez deialdia argitaratu baino hiru urte lehenagotik. Baldintza gehiago ere badaude, besteak beste, eskatzaileak edo bere bizikidetza-unitateko kideren batek baratzerako aproposa den lurrik ez izatea, ez jabetzan, ezta gozamen-eskubidean edo alokairuan ere. 

Abenduaren 1era bitarte eman ahal izango da izena, eta bide hauetakoren batean aurkeztu beharko da eskaera-orria eta gainerako dokumentazioa:

  • Pertsona fisikoek:
    • Tolosako Udalaren Egoitza Elektronikoan (astelehenetik aurrera).
    • Aurrez aurre, Udate arreta bulegoan.
    • Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozein bide erabiliz.
  • Pertsona juridikoek eta nortasun juridikorik gabeko entitateek:
    • Tolosako Udalaren Egoitza Elektronikon (astelehenetik aurrera).

Epea itxita, eskaera guztiak egiaztatu ondoren, onartutakoen behin-behineko zerrenda osatuko du udalak, eta bost eguneko epean erreklamazioak aurkezteko aukera izango da. Horiek ebatzita, onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko dute, eta eskatzaile bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio zozketarako. Aurrerago jakinaraziko dira zozketaren eguna, ordua eta tokia.

Zozketa egin eta gero, esleitutakoen behin-behineko zerrenda eta itxaron-zerrenda argitaratuko dituzte. Onuradunek bost eguneko epea izango dute onartzeko edo uko egiteko, eta gero argitaratuko da behin betiko zerrenda. Baldintzak begiratu eta informazio gehiago izan nahi duen orok Tolosa.eus/baratze-parkea web-orria bisitatu edo ingurugiro@tolosa.eus helbidera idatzi dezake.

Orain arteko lizentziak amaitu eta berriak eman arteko denbora tartean, parkean hobekuntza lanak egingo ditu udalak, bereziki baratzeak egonkortzeko eta bideak txukuntzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!