Gelede maskarei buruzko erakusketa jarri dute Topic zentroko anbiguan, eta abenduaren 7ra arte egongo da ikusgai.
Gelede izeneko gurtza XIV. mendean sortu zen Afrikako Beningo Ketu eskualdean, eta handik Yoruba komunitate osora hedatu zen. Yoruba komunitateak bere burua eskaintzen dio Yemoja jainkosari; bera da guztien ama, eta baita uraren, sorginkerien, sexualitatearen, familiaren eta elikaduraren jabea ere. Hitz batean, Yemoja jainkosak amaren babesa eskaintzen die bere seme-alaba guztiei.
Yorubatarrek emakumearen botere jainkozkoari egiten dioten gurtza horren barruan, Gelede deituriko maskarada egiten dute. Herrietako merkatuetan egiten dira, emakumeek, gehienetan, bertan lan egiten dutelako, eta gizarteko eremu horretan boterea dutelako. Era berean, ospakizunaren helburuetako bat oparotasuna eskatzea denez, merkatua leku egokitzat dute yorubatarrek. Urtean behin egiten dituzte, martxoa eta maiatza artean, nekazaritzarako urtarorik oparoenean.
Gizonezkoek egiten dute dantza, eta emakumez mozorrotzen dira, oihal handiez baliatuz. Bular aldean ere betegarriak jartzen dituzte, eta emakume itxurako maskarak janzten dituzte, Yemoja jainkosa imitatze aldera. Beren maskulinitatea, emakumearen boterearekin orekatzea da euren nahia.
Aipatzekoa da, egunez, Gelede zeremonian erabiltzen dituzten maskarak, aldatu egiten dituztela gauerako. Efe du izena eguzkia sartu bezain laster hasten den ospakizunak. Kasu honetan, emakume nahiz gizon itxura duten maskarak erabiltzen dituzte yorubatarrek, eta ilunagoak dira aurpegiak, sorginkeria kutsua emateko helburuz.
Bigarrenez ikusgai
Ez da Topic zentroan maskara hauek ikusgai jarri dituzten lehen aldia. Izan ere, 2012. urtean maskara horiek jarri zituzten, baina kasu hartan, artean Ursela Voorhuis izeneko Herbeheretako emakume baten bilduma pribatukoak ziren, eta 43 pieza ikusi ahal izan ziren.
2023. urtean, baina, txotxongilo etxekoak izatera pasa zen bilduma osoa. Bildumagile herbeheretarra hil ostean, Tolosako zentroak erostea erabaki zuen, «maskara horiek gordetzeko eta erakusteko leku egokia zela uste izan duten oinordekoen oniritzia jaso ondoren».