Tolosako ingeles akademia bateko hiru lankidek sortu zuten Arthur's Toys musika taldea 2017an. Ingelesa ikasteko liburu bateko pertsonaietako bat zen Arthur, eta hortik abiatuta sortu zuten izena. Eduardo Vitoria teklatu-jotzailea eta Xabi Garayalde abeslaria izan ziren taldeko lehen kideak, eta beranduago batu zen Miren Odriozola gitarra-jotzailea. Hirurak tolosarrak dira.
2019an argitaratu zuten lehen diskoa, taldearen izen bera daramana. «Ordura arte egindako lana nonbait gorde nahi genuen, fisikoki», adierazi du Odriozolak. Disko hartan Garayaldek jo zuen baxua, abesteaz gain. Berriki, bigarren diskoa argitaratu dute: Mamuekin jolasten. Lan honetan Ivan Alzate tolosarrak jo du baxua. Lehen diskoan programatutako bateria bat izan zuten. Bigarrenean, berriz, Salvatore Ermenegildo Iruñean bizi den italiarrak jo du. «Zorte handia izan dugu, bateriaren falta oztopoetako bat zelako», esan du Odriozolak. Hori dela eta, «sonoritate aldetik oso bestelako diskoa» dela nabarmendu du.
Sei urte igaro dira bi diskoen argitalpenen artean, horietako batzuk, gorabeheratsuak. Tartean, pandemia bat eta itxialdia izan dira. Hala ere, lanean jarraitu du taldeak. «Uste dut pandemia eta gero guztiok izan ditugula krisi txikiak, baina guk ez dugu musika utzi», azaldu du Odriozolak. Hala, azken urteotako kantuak berriro ere disko batean gordetzea nahi zuten, «altxor txiki bat edukitzeko».
Azken bi urteak «pertsonalki nahiko gogorrak» izan direla aitortu du Odriozolak. «Xabik idazten ditu kantuen hitzak, eta berak esandakoaren arabera, gure bizipenetatik abiatuta, pentsarazten dizkien gauzez hitz egiten du». Mamuekin jolasten abestian bere azken bi urteotako esperientzia «nahiko irudikatuta» dagoela gaineratu du.
Hirukote berria
Otsailean grabatu zuten diskoa, eta egin beharreko nahasketak egin ondoren, uda ondoren argitaratu zuten. Bihar aurkeztu behar zuten, etxean, Tolosan. Kontzertua ematekoak ziren BOX.A Arte Elkartean, baina azken orduko arrazoiengatik bertan behera geratu da; Jok hirukoteak ere parte hartu behar zuen saioan. Jokin Larraza gitarra-jotzaile tolosarraren egitasmo berria da Jok. Jon Martija kuadrillako lagun eta bateria-jotzaileak eta Hazurbaltzak taldean aritutako Fran Nieto baxu-jotzaile ondarrutarrak osatzen dute taldea. Bada, Martijaren ideia izan zen bi taldeak kontzertu berean aritzea. «Gogoa zuen kontzertu bat egiteko, eta, aldi berean, aukera ona iruditu zitzaion diskoa aurkezteko baliatzea», esan du Larrazak.
2009an argitaratu zuen lehen diskoa Larrazak: Inoiz baino. «Aspaldiko abestiekin egin nuen, ia aurreko mendekoekin. Kantuak gordetzeko aitzakia izan zen. «Grabatzen ez baditut, galdu egingo dira», pentsatzen nuen. Zenbait musikari elkartu ginen, kantuak grabatzeko eta kontzertuak egiteko. Oso gustura aritu nintzen», azaldu du.
Gaur egun egiten duen musika «bestelakoa» dela aitortu du. «Inoiz ez dut arazorik izan konposatzeko, eta Jonek eta biok abesti ugari sortu genituen». Hala ere, bikote formatua «nahiko tristea» zela ohartu ziren, eta aplikazio baten bidez jarri ziren harremanetan Nietorekin. «Hasieratik lortu genuen bat egitea, musikalki nahiz pertsonalki».
Larrazak nabarmendu du «energia handia» daukala hirukote formatuak. Urtebetetik gora daramate entseguak egiten, eta aurrez zituzten abestiei forma ematen. «Errepertorio landua genuen eskuartean, eta begiz jota genuen egunen batean kontzertu bat egitea, egindako lana erakusteko», esan du Larrazak.
Bat-batean sortutakoak
Bi taldeen proposamena antzekoa da: ez dute bilatzen inolako estilorik; ateratzen zaien moduan egiten dute musika. Bat-batean konposatzen dituzte kantuak, entseguetan. Funtzionatu dezaketela pentsatzen dutenean, grabatu egiten dituzte, eta gero, egun batetik bestera findu.
90eko hamarkadako pop-rock musika lantzen dute. Elikatu ziren horretatik jarraitu dute musika egiten. «Gurea ez da gaur egun egiten den musika mainstream-a. Gure garaiko seme-alabak gara», esan du Odriozolak. «Azken hiru hamarkadatan musika asko kontsumitu dut, eta ziur badaudela influentzia berriak, baina soinuak hamarkada hartara eramaten nau», gaineratu du Larrazak.
«Gurea ez da gaur egungo 'mainstream' musika; gure garaiko seme-alabak gara»
Miren Odriozola
Arthur's Toys taldeko musikaria
Arthur's Toys taldearen lehen diskoko bi kantu ingelesez dira; bigarrenean, berriz, gaztelaniazko hitzak dituzte bik. Gainerakoak euskaraz idatzitakoak dira. «Horrela ateratzen zaizkigu», esan du Odriozolak. Larrazak, berriz, euskaraz idatzi zituen Inoiz baino diskoko abestiak. «Berez, naturalagoa egiten zait ingelesez idaztea, batez ere musika ingelesa kontsumitu izan dudalako, baina neure buruari exijitu izan diot egiten dudan guztia euskaraz egitea, gure kultura delako, gure altxorra, eta zaindu behar dugulako. Esfortzua egiten dut euskaraz idazteko, baina naturalki ingelesez idazten ditut abestiak; gero, euskarara itzultzen ditut», azaldu du Jok taldeko musikari tolosarrak.
Hitzordu garrantzitsua
Arthur's Toys talde eraberrituak, beraz, diskoa aurkeztu behar zuen. Jok hirukoteak, berriz, lokalean entseatutakoa plazaratzea zuen helburu. «Gure kapsulan egoten gara, eta kontziente gara abestiak ondo daudela. Beti da polita gure lana ingurukoekin partekatzea, entzun dezaten, eta euren iritzia ezagutu dezagun», esan du Larrazak. Hirukotearen asmoa ez da kontzertu ugari egitea. «Gure martxan jarraitu nahi dugu, abestiak egiten. Hori bai, ostiralekoa hitzordu garrantzitsua zen, eta ilusio handia genuen».
Odriozolaren taldea ere gogotsu dago. «Mundua asko aldatu da, eta sare sozialak ez dira gure indargunea. Helburua ez da kontzertu mordoa lotzea, baina ahal bada, diskorako egindako lana zabaltzen saiatuko gara». Tolosarrentzat «zaletasun hutsa» da musika. «Ondo pasa nahi dugu, bizitzako beste alorretan egin ezin ditzakegun gauzak landu».
«Neure buruari exijitu izan diot egiten dudan guztia euskaraz egitea»
Jokin Larraza
Jok hirukoteko musikaria
Inguruko lagunak eta senideak joatekoak ziren kontzertura. «Festa bat egin nahi genuen, etxeko giroa sortu, eta ondo pasatu. Areto txikia, bildua eta goxoa da, eta aukera ematen du horretarako», esan dute.