Rafa Gorrotxategi maisu txokolategilea dinastia oparo bateko kidea da. Matias birraitona izan zen artzaintza utzi eta gozogile hasi zen lehena (1925), Jose Mari aitonak hartu zion hari lekukoa, eta Jose Mari aitak eraman zuen jarduna maila gorenera —Armintz eta Joanes semeak ere gozogileak dira—. Bada, Gorrotxategiren mendeurrena tradizioa eta artisautza omentzeko baliatu nahi du Rafa Gorrotxategik, eta horregatik herritar guztiei irekita dagoen topaketa egingo du gaur, 19:00etatik aurrera, Tolosako Zerkausian. Gonbidatu asko izango direla aurreratu du gozogileak, besteak beste, Edurne Pasaban mendigoizalea, Ainhoa Arteta sopranoa eta Nerea Eizagirre futbolaria izango dira bertan. Ekitaldia Julen Telleriak gidatuko du.
Ekitaldia mendeurrena dela eta sortu duen gozo berria aurkezteko baliatuko du: Lima eta Limoizko Turroia Trufa Zuriarekin. «Turroi fin honekin herritarrek 100 urte hauetan Gorrotxategi familiarengan jarritako konfiantza eskertu nahi dugu», esan du gozogileak. Turroi berriarekin batera bertako produktuak dastatu ahalko dira Jakitea elkartearen eskutik, eta zuzeneko musika ere egongo da. «Ospakizunaz harago topaketak familiaren ondarea, historia eta tokikoa sustraitzea balioetsi nahi ditugu, baina baita etorkizunera begira jarri eta belaunaldien arteko lekuko aldaketa nabarmendu ere», gaineratu du.
Rafa Gorrotxategi
Rafa Gorrotxategik 24 urterekin hasi zuen gozogile ibilbidea familiako tailerrean, hau da, aiton-amonak 1925eko azaroaren 1etik Tolosako erdigunean zuten obradorean. 2016an proiektu berri bati ekin zion enpresa berri bat sortuz familiako tradizioari jarraipena eman ahal izateko. Teknika eta zapore berriak txertatu dizkio gozogintzari. Txokolatearen eta Argizariaren Museoa sortu zuen eta bertan kakaoaren bost mende baino gehiagoko historia ezagutzeko aukera eskaintzen du. Museoan garai bateko tresnak ditu eta baita urteetan zehar bildu dituen objektu historikoak ere.