Emaitza nabarmenak etxeko topaketan

Ataria 2025eko azaroaren 12a

Gimnastika erritmikoko V. Tolosa CMO Topaketa egin zen larunbatean egun osoan zehar, eta hainbat klubetako 800 gimnasta inguruk hartu zuten parte.

Antolatzaile gisa aritzeaz gain, Tolosa CF Gimnastika taldea lau talderekin lehiatu zen, eta goizetik arratsaldera bitartean hainbat kategoriatan aritu ziren, oinarrizkoak goizean eta gorengo mailakoak arratsaldean.

Parte hartu zuten klubak Hego Euskal Herrikoak eta Espainiakoak izan ziren. Espainiako hainbat lekutatik etorri ziren: Kanariar Uharteak, Kantabria, Madril, Errioxa, Gaztela eta Leon, Asturias eta Aragoi. «Ekitaldiak maila handiko lehiaketa eta giro jendetsua ekarri zituen Tolosara, eta bertan aritu ziren gimnastek lan eta prestakuntza handia erakutsi zuten. Giro paregabea izan zen Uzturpe frontoian», azaldu dute antolatzaileek.

Tolosa CF Gimnastikaren parte hartzeak nabarmen egin duela aurrera zehaztu du klubak: «Taldeek gogoz eta arduraz lan egin dute, eta horrek eragin positiboa izan du lehiaketan, baita etorkizuneko erronketarako prestaketan ere, hau da, Castellon eta Madrilen egingo diren Espainiako txapelketetan eta Erreginaren Kopan parte hartzeko». Emaitzak ere nabarmenak izan direla zehaztu du. Oinarrizko infantilak txapeldun izan ziren, eta talde adierazgarriaren sari berezia jaso zuten epaileen eskutik. Kadeteak laugarren postuan sailkatu ziren, hirugarren egin zuen taldearekin berdinduta. Juniorretan ere gauza bera gertatu zen: laugarren izan ziren hirugarren postuarekin berdinduta. Senior taldeak 15. postuan amaitu zuen, eta arrisku gehienaren saria jaso zuen epaileengandik. «Topaketa hau ez zen soilik lehiaketa bat izan, baita kirolaren eta talde-lanen garrantziaz hausnartzeko aukera ere», azaldu du klubak, eta gaineratu du ekitaldiak erakutsi zuela etorkizunerako prestaketa eta helburu handiko talde sendoa dagoela.

CMO Valves, Garaje Tolosa eta Udarko Promoren laguntza txalotu du klubak, «urtez urte bidean laguntzen jarraitzeagatik eta gimnasten ametsak egia bihurtzeko baliabideak eskaintzeagatik». Topaketan laguntzaile gisa aritu ziren beste denda, erakunde eta enpresei ere eskertu die.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!