Seme-alaben hizkuntzan nola eragin ikasteko bi hitzaldi, Galtzaundin

Ataria 2025eko azaroaren 11

Tolosako Udaleko Euskara Sailak antolatu ditu, eta UEMAren bidez emango dira. Lehena, guraso erdaldunei zuzendutakoa da, euskaraz jakin gabe ere seme-alabei laguntzeko; bigarrena, berriz, guraso euskaldunentzako, seme-alaben hizkuntza-ohituretan eragiteko gakoak lantzeko.

Tolosako Udaleko Euskara Sailak bi hitzaldi antolatu ditu familientzat, seme-alabekin eta euskararekin lotuta. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen bidez emango dira bi saioak.

Lehena familia erdaldunei zuzendua dago. Seme-alabei, nahiz eta euskaraz ez jakin, nola lagundu landuko dute. Tolosan eskolatutako umeak D ereduan ari dira, euskaraz, baina guraso batzuek zailtasunak izaten dituzte seme-alabei laguntzean, euskaraz ez dakitelako. Azaroaren 19an izango da hitzaldia, 17:30ean Galtzaundiren Plaza Berriko egoitzan; gaztelaniaz izango da.

Bigarren hitzaldia guraso euskaldunei begirakoa da, eta hau izango da izenburua: Nola eragin gure seme-alaben hizkuntza-ohituretan? Saioaren helburua da seme-alaben hizkuntza-jokabideak ulertzea, eta familiak nola eragin dezakeen lantzea. Abenduaren 2an izango da saioa, euskaraz. Hau ere Galtzaundiren egoitzan izango da, eta 17:30ean hasiko da.

Bi saioak irekiak izango dira, doakoak, baina aurrez eman behar da izena; gaztelaniazko saiorako, lotura honetan, eta euskarazko saiorako, lotura honetan.

UEMAren Hedatu hezkuntza-proiektuaren barruan txertatu dituzte saioak. Tolosako ikastetxe guztietan lantzen dute proiektua, eta hiru jomuga nagusi ditu: ikasleak, hezitzaileak eta familiak. Hain justu ere, hitzaldi hauekin familietan eragitea da helburua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!