Jurema Martin Lemiñak erakusketa jarriko du Aranburu Jauregian

Ataria 2025eko azaroaren 11

Urrian Hernaniko Biteri Kultur Etxean egon zen ikusgai erakusketa. Argazkia: Imanol GA

'Pelofuego' ezizenez ezaguna den artista tolosarrak 40 artelanekin osatu du 'Itzulera ezkutuaren esnatzea' bilduma. Ostiralean izango da erakusketaren inaugurazio ekitaldia, eta abenduaren 13ra bitarte egongo da ikusgai.

Jurema Martin Lemiña Pelofuego artista tolosarrak Itzulera ezkutuaren esnatzea erakusketa inauguratuko du ostiralean Aranburu Jauregian; 19:00etan hasiko da ekitaldia. 40 artelan inguru biltzen ditu, tartean, zeramikarekin egindako eskulturak eta olio-pinturak zein akrilikoak. Azken urteetako lanaren emaitza dira, eta bereziki nabarmentzen dira tamaina handiko margolanak eta izaera antropomorfikoa duten eskulturak, karga sinboliko eta emozional handikoak.

Pelofuego 2019an hasi zen bilduma egiten. Eraldaketa pertsonala aztertu zuen, gizakiaren barne-ibilbidea irudikatzen duten izaki sinbolikoen bidez. Artistaren arabera, «pertsona orok badu totem edo espiritu-animalia bat, eta hori bizitzan zehar aldatzen joan daiteke, barneko bilakaera islatuta». Horrela, bere lanak aurrekariak islatzeaz gain, subkontzientean geratu diren emozioak ere islatzen ditu. 

Ikusleari erreakzio emozional eta pertsonala eragitea da erakusketaren helburua. Pelofuegok bere lana elkarrizketa gisa ulertzen du: «ikusle bakoitzak interpretatzen ditu artelanak, esperientzia pertsonaletik abiatuta; esanahi berriak sortzen ditu, eta eztabaida artistikoa aberasten du».

Erakusketa abenduaren 13ra bitarte egongo da ikusgai, ohiko ordutegian. Asteartetik larunbatera bitarte bisitatzeko aukera egongo da, 17:30etik 20:30era. Jaiegunetan itxita egongo da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!