ELKARRIZKETA

«Pertsonaia gorputzetik lantzea gustatzen zait»

Jon Miranda Labaien 2025eko azaroaren 14a

Irati Marin Dominguez aktorea. J.M.

Gaur, 21:00etan, ETB1n estreinatuko da Go!azen telesailaren hamabigarren denboraldia. Izar pertsonaia jokatu du Irati Marin Dominguez aktore tolosarrak azkeneko bi denboralditan, eta udaberrira arte telesailaren inguruko kontzertuetan parte hartuko du.

Sorkuntza mundua gustatzen zaio Irati Marin Dominguezi (Tolosa, 2001): irakurtzea, idaztea, kantatzea eta interpretatzea. Beti izan du bere burua artistatzat, eta txikitatik jakin du aktore izan nahi zuela. Lortu du. Ikasten jarraitzeko aukera ematen dio Go!azen telesailean parte hartzeak.

Madrilen Real Escuela Superior de Arte Dramaticon egin dituzu interpretazio ikasketak. Hara joan aurretik zein esperientzia zenuen interpretazio munduan?

Sei urterekin hasi nintzen eskolan antzerkia egiten. Gero, bolada batean, ez nuen horrekin jarraitzeko aukerarik izan, eta 16 urte bete eta berehala Tolosako kultur etxeko antzerki tailerrean eman nuen izena. Bestela, abesbatzan parte hartu izan dut urte askotan, eta gitarra jotzen ere badakit. Beti jakin izan dut sorkuntzaren mundu horretan aritu nahi nuela, baina oso zail ikusten nuen. Ikasketak erabakitzeko garaian esan nien gurasoei nire ametsa oholtza gainean aritzea zela, baina banekiela ez zela posible izango. Hori esan eta hurrengo egunean antzerkia non ikasi nezakeen azaltzen zuten eskuorri pila batekin etorri zitzaizkidan. Eskertzen diet nigan jarri zuten konfiantza.

Zergatik erabaki zenuen Madrilera joatea eta ez Bilbon geratzea?

Bilboko eta Madrilgo eskoletan sartzeko hauta-probak egin nituen, eta bietan onartu ninduten. Oso pertsona gutxik izaten dute sartzeko aukera, hortaz, lorpen handia izan zen niretzat. Madrilera joatea aukeratu nuen, nagusiki, han espezializatzeko aukera ematen dizutelako. Nik antzerki fisikoa egin nahi nuen. 

Nondik nora antzerki fisikoarekiko interesa?

Teknikarekin du zerikusia. Pertsonaia gorputzetik lantzea gustatzen zait, koloreak, arropak, formak irudikatzea eta jokatuko dudan paper hori gorpuztea. Antzerki fisikoaren mundu horrek ate asko zabaltzen dizkizu: clown-aren mundua alde batetik, baina baita dantza garaikidearena ere, zerbait esatearren. Maskara lanketak ere asko gustatzen zaizkit, alegia, hitzik esan gabe gorputza erabiliz zerbait adieraztea. Eta espezialista ez naizen arren, eskolan landu genituen esgrima, borroka eszenikoa, akrobazia eta horrelakoak.

Zer moduzkoak dira arte dramatikoko ikasketak?

Gogorrak. Ikasketa exijenteak dira eta ordu gehienak eskolatik atera gabe ematen nituen; egunean, erraz, 10-12 ordu. Eskolak badu prestigioa, eta esaten dute han ikasiz gero aukera gehiago dituzula interpretazio mundua aritzeko, baina nik Madrilen ikasi nuen garaian casting gehienak Euskal Herrian egin nituen.

Horregatik erabaki zenuen itzultzea? 

Bai eta hemengo giroa eta sozializatzeko modua gehiago gustatzean zaizkidalako. Profesionalki, euskarak ate asko zabaltzen dizkizu. Madrildik itzuli nintzenean zortea izan nuen, eta interpretazioarekin lotutako hiru lanetan hasi nintzen aldi berean: M.A. laborategian klaseak eman nizkien unibertsitatean sartzeko hauta-probak prestatzen ari zirenei; Tolosako Topic-en bisita dramatizatuak egiten nituen asteburutan; eta Anartz Zuazuaren Borobil konpainiarekin pare bat obratan hartu nuen parte, zeintzuetan unibertsitateko ikasleekin parte hartze kontuak lantzen ziren. Hori gutxi ez, eta ikus-entzunezko errealizazioko goi mailako ikasketak ere egin nituen. 

Nolatan hartu zintuzten 'Go!azen' telesailean?

Madrilen ikasten nenbilela dagoeneko egin nituen Go!azenerako castingak baina ez ninduten aukeratu. Hirugarren saialdian suertatu zitzaidan aukera. Iazko apiril-maiatz aldera esan zidaten hartu nindutela, eta beste lanak utzi eta buru-belarri sartu nintzen proiektuan.

Aurretik jarraitzen zenuen telesaila?

Pelikularen boom hori guztia jarraitu nuen, zazpi bat urte nituen, eta gogoan dut Leidorren pelikula estreinatu zutenekoa. Hasierako denboraldien jarraitzaile sutsua izan nintzen, eta gero, telesailak egin zuen lauzpabost urteko etenaren ostean berriro hasi zirenean utzi egin nuen. Ni ere koskortuta nengoen ordurako, eta adin horretako gazteei pasatzen zaien bezala, ikusi agian bai, baina ez nuen aitortu nahi izaten. Handik urte batzuetara, castingetara aurkezten hasi nintzenean, orduan bai, jarraipen gehixeago egin nien aurreko denboraldiei.

Gustura zaude esperientziarekin?

Bai. Euskal Herrian aktore gazteek ikasteko duten aukera hoberenetakoa da Goazen.

«Euskal Herrian aktore gazteek ikasteko duten aukera hoberenetakoa da 'Go!azen' telesaila»

Ez zizun bertigoa eman kantuan eta dantzan ibili behar izateak?

Bai. Dantzan hainbestean, baina kantuan ez nintzen behin ere kanpora begira aritu, Go!azenen hasi arte nahikoa ezkutuan neraman. Egia da unibertsitatean musika eta kantu klaseetan oinarrizko jakintza batzuk jaso nituela, baina ez gehiegi. Segurtasun falta sumatzen nuen hasieran, eta izan nuen iruzurtiaren sindromea deitzen zaion hori ere. Baina beldurra berehala kendu zitzaidan, telesailean sartu eta egin behar izaten duzun lehenengo gauza denboraldiko abestia grabatzea izaten baita. 

Izar pertsonaia gorpuzten duzu telesailean. Baduzu harekin antzekotasunik?

Bueno... Ez naiz Izar % 100, baina ni neu ere banaiz perfekzionista. Edonola ere, interpretatzen duzun pertsonaietako bakoitzean topatzen duzu zeurea den zeozer. 

Denboraldi honetan asko aldatuko al da Izar?

Ezin dut gauza handirik esan. Basakabin adingabeen zentroetatik datozen ikasleentzat bigarren aukeren programa bat jartzen dute martxan, eta gauzak dezente aldatuko dira. Nire pertsonaiari dagokionez, esan dezakedana da asko kanbiatuko dela Izar; aurreko denboraldiko pertsonaiarekin alderatuta oso-oso ezberdina izango da.

Erronka izan da aldaketa hori zuretzat?

Bai. Gidoia pasa zidatenean pentsatu nuen pertsonaia erabat diferentea gorpuztu beharko nuela. Beti mantentzen da aurretik datorren memoria hori, pertsonaia nolabait eraikita daukazu, baina aurtengo denboraldian asko aldatzen da Izarrek sentimenduak kudeatzeko duen modua, eta horretara egokitu behar izan dut. 

Nola grabatzen duzue telesaila?

Ekainean hasten gara bideokliparen grabaketarekin eta hori izaten da egunik gogorrena, edo behintzat ordu gehien eskatzen dizkiguna. Handik aurrera, bi hilabete eta erdiz, gutxi gorabehera, astelehenetik ostiralera egiten ditugu grabazioak, eta egunean hamar bat ordu ematen ditugu lanean. Bi unitatetan filmatzen da telesaila, beraz, aldi berean bi eszena grabatzen dira leku ezberdinetan, nagusiki, Donostian eta Urnietan. Lanegun beteak izaten ditugu, ez dugu atsedenerako tarte handirik izaten. Etxera joan eta hurrengo eguneko gidoiak edo abestiak grabatu behar baditugu haien koreografiak ikasten ditugu. Nahikoa intentsua da lana.

Udako oporraldi gabe geratzen zarete.

Bai, egia da, baina leku pribilegiatu batetik hitz egiten dut, ez zait gehiegi inporta uda gabe geratzea Go!azenen parte hartzea aukera paregabea delako. 

Ondo moldatzen zarete lankideen artean?

Oso ondo. Hain lan exijentea eta zaila izaten da, elkarren babesa beharrezkoa dugula. Udaleku batean bezala bizi gara ia, egunero hamar ordu baino gehiago pasatzen ditugu elkarrekin. Talde giroa sortu dugu, eta gerora egiten dugun kontzertu biran are estuago bihurtzen da harremana. Alde batetik bestera ibiltzen gara, eta ordu asko ematen ditugu elkarrekin. Lankide izatetik lagun izatera pasatu gara.

«Alde batetik bestera, ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin, lankide izatetik lagun izatera pasatu gara»

Kontzertu bira zer moduzko lana da?

Oso atsegina. Bost bat hilabetetan 60 kontzertu egiten ditugu, eta edozein antzokitara goazela bete egiten dugu; abendua eta urtarrila izaten dira emanaldi gehieneko hilabeteak, baina udaberria amaitu arte aritzen gara emanaldiz emanaldi. Kontzertuetan dantza, kantua eta antzerkia uztartzen ditugu. Abestiak telesailean agertzen direnak dira, eta horietako bakoitzak bere esanahia du. Gidoitxo bat izaten dugu prestatuta gaztetxoei azalpenak emateko, kantu eta kantu artean.

Nola daramazu ezaguna izateak dakarren guztia?

Gozamena da egin duzun lanak horrelako harrera duela ikustea. Alde horretatik oso eskertuta nago. Zinemaldian egin genuen aurre-estreinaldian, adibidez, bi aldiz bete genuen Belodromoa eta pase bakoitzean hiru mila pertsona baino gehiago egon ziren. Ikaragarria da. Maitasun handia jasotzen dugu, eta gurasoek asko eskertzen digute egiten dugun lana; esaten digute haien seme-alabentzat erreferente garela, eta euskaraz egitera bultzatzen ditugula umeak.

«Gozamena da egin duzun lanak horrelako harrera duela ikustea. Oso eskertuta nago»

Famak ez dizu une deserosorik ekarri?

Ez dakit deserosoa, baina egia da ikusmin handia sortzen dugula. Etxeko ataritik atera eta berehala sumatzen ditut begiradak. Parke baten aldamenetik pasatu eta umeren bat konturatzen bada segituan gerturatzen zaizkit beste denak argazki eske. Saiatzen naiz haientzat tarte bat hartzen eta atsegina izaten, nahiz eta beti ez zaidan erosoa egiten. Inauterietan, adibidez, asmatu zuten zein karrozatan nengoen, eta ume asko inguratu zitzaizkidan, izugarria izan zen. Hala ere, errespetu faltak oso tarteka izaten dira, eta horrelakoak pasatzen direnean, gehienetan umeen aldetik baino gurasoen partetik ematen dira. Dena den, esan beharra dago gehien-gehienek oso ondo tratatzen gaituztela.

Momentu horiek kudeatzen ikasi duzu?

Bai, ari naiz pixkanaka ikasten. Pertsona irekia naiz berez, ez dut arazorik harremanetarako, baina horrelakoetan antsietate sozial moduko bat sortzen zait. Badakit nire arazoa dela, nik landu beharreko gauza bat dela. Izar bezala noanean ongi daramat, baina neure burua Irati bezala aurkezten dudanean kosta egiten zait, batez ere, autoexijentziagatik eta perfekzionismoagatik. Uneoro analizatzen dut neure burua, itxura, arropak, esandakoak... Nire irudia leku guztietan hainbestetan ikustearekin gogaituta ibili naiz azkenaldian, eta sare sozialak ere kendu ditut denboraldi baterako. Pixkana lantzen ari naizen kontua da, eta badakit irakaspen bat izango dela niretzat Goazenen inguruan sorten den zalaparta hau guztia.

Zer espero duzu aurtengo denboraldiaz?

Espero dut jendeari gustatzea. Aurre-estreinaldietan, behintzat, jendea kontentu sumatu dugu: Zinemaldian aurrena eta gero Hego Euskal Herriko hiriburuetan, eta joan den asteburuan UEMAko udalerri askotan eskaini zuten lehen kapitulua. Hemendik aurrera ostiralero botako dute atal berri bat ETB1n eta segida-segidan jarriko dute Makusi plataforman. Ea jendeari gustatzen zaion. Esan izan didate fenomeno bat izaten dela ostiraletako hori, umeak lagunen etxeetan elkartzen direla pizza afaldu bitartean atala ikusteko.

Garrantzitsua iruditzen zaizu 'Go!azen'-ek egiten duen lana euskararen normalizazioan?

Gure hizkuntza zaindu eta haren garrantzia zabaltzeko proiektu bat da Goazen. Erraza da gaur egun beste hizkuntzekin kutsatzea eta egunerokotasunerako euskara ahaztea. Uste dut Goazenek erakusten duela erabilgarria dela euskara gazteek elkarrekin erabil dezaten. Gainera, garrantzitsua iruditzen zait euskal kultura zabaltzeko egiten dugun lana, euskal kantuen bertsioak ematen ditugu eta.

Jarraituko al duzu datorren denboraldian?

Ez dakit. Pausoka ekoizpen etxearen eta ETBren arteko negoziazioaren araberakoa da. Pentsatzen dut aurrera jarraituko duela telesailak, eta gero erabaki beharko dute zein pertsonaiek jarraituko duten. Ez da ohikoa izaten hiru urtetan baino gehiagotan telesailean irautea, pertsonaiak helduago bihurtzen baitira eta haiei ere pasa egiten zaielako udalekuetan egoteko adina. Aktoreontzat, badago aukeraren bat jarraitzeko, begiralearen papera interpretatzeko aukera ematen badizute, baina telesailean bi bakarrik dira begiraleak eta ez da erraza. Hortaz, ikusiko dugu. Ni oraingoz, oso gustura nabil eta aprobetxatuko dut momentua, gero gerokoak. Jakin behar da proiektuei agur esaten. Tristea izan daiteke, baina ezin dugu betirako hor geratu. Ni beti egongo naiz eskertuta Go!azenekin.

Non jardun nahi zenuke etorkizunean?

Gustatuko litzaidake proiektu handiagoetan parte hartzea; Netflix, Prime, Movistar eta horrelako plataformetako telesailetan eta pelikuletan aritzea izugarria izango litzateke. Kamera aurrekoa asko gustatzen zait, baina baita atzean aritzea ere, horregatik ikasi nuen ikus-entzunezko errealizazioa. Igora Filmsen aritu nintzen iaz lanean, kamera laguntzaile. Pare bat gidoi ere idatzi ditut, eta antzerkien zuzendaritzak egin ditut. Erregidore bezala aritzea ere gustatzen zait, zuzeneko ikuskizunak koordinatzen. Badakit pantaila aurreko lana bukatuz gero, atzean hasiko naizela lanean, edo behintzat horretan saiatu nahi nuke. Ez da erraza izango, baina ahaleginduko naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!