Ospakizun eta omenaldi bikaina

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko azaroaren 10a

Osagai asko izan zituen Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestrak bere 45. urteurrena ospatzeko eta taldearen sortzailea omentzeko ostiralean Leidorren egin zuen kontzertuak. Akordeoia oinarri izan zuten interpretatutako obrek, baina dantzari, akrobata eta abeslariek parte hartu zuten haietako zenbaitetan. 

Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestrak kontzertu hunkigarria egin zuen ostiralean Leidor aretoan. Orkestraren 45. urteurrena ospatzeko emanaldia izan zen, baina ez hori bakarrik. Izan ere, 2022an zendu zen Isidro Larrañaga Beloki –orkestraren sortzailea– omentzeko baliatu zuen kontzertua orkestrak. Horretarako, kontzertuko zenbait unetan, Iñigo Asensio ontzen ari den eta 2026an aurkeztuko duten Larrañagari buruzko dokumentaleko zenbait eszena proiektatu zituzten; dokumentalaren aurrerapen-irudiak izan ziren.

Lehenik, Pozik fandangoa interpretatu zuen orkestrak. Larrañagak sortu zuen, eta Xabi Zubeldia orkestrako kide ohiak egin zuen orkestrarako moldaketa. Kontzertuan Udaberri dantza taldeko sei dantzarik dantzatu zuten fandangoa. Suit irlandarra izan zen bigarren obra, eta haren atzetik, Eronera inauterietako habanera jo zuen orkestrak. Joxe Mendizabal orkestrako kide ohiak sortutako kantua da. Ondoren, Amelie abestia jo zuten, eta Iñar Sastrek pianoarekin lagundu zuen orkestra. Berdinki konpainiako Irati Gonzalezek eta Koldo Arakistainek akrobaziak egin zituzten obra horretan.

Kontzertuko hirugarren zatian orkestraren ibilbidean oso garrantzitsuak diren bi pieza jo zituzten: Praefugium eta Hungariar Rapsodia. Azken honekin, lehen aldiz nazioarteko lehiaketa batean garaipena eskuratu zuen orkestrak. Gero, kontzertu osoko erritmo bizieneko obra interpretatu zuen orkestrak: Ghost Love Score. Eta ez ziren akordeoi doinuak soilik entzun. Izan ere, Ander Zubillagak gitarra elektrikoa jo zuen, Ioritz Alberdin baxu elektrikoa eta Klara Mendizabal sopranoak ahots ikusgarria daukala erakutsi zuen.

Indar handiko obra hori jo ondoren heldu zen kontzertua azken txanpara. Bi pieza falta ziren. Batetik, Iñar Sastrek sortutako Isidro zortzikoa. Udaberriko dantzariak berriro igo ziren oholtzara zortzikoa dantzatzeko. Bestetik, Isidrok oso gustuko zuen tango bat. Obra honetan ere dantzariak izan ziren: Xabi Otamendi eta Miren Nazabal. Bikain aritu ziren, eta koreografia dotorea egin zuten. Bi obra horietan, orkestrako egungo kideez gain, 45 urteotan orkestratik igaro diren zenbait partaidek ere jo zuten akordeoia. Guztira, 50 musikari izan ziren oholtzan. Tartean ziren lehen aipatutako Zubeldia eta Mendizabal.

Azken bi piezak jo aurretik heldu zen kontzertuko une hunkigarriena. Orkestrak Larrañagaren emazte Ester Moreno omendu zuen –ikusleen artean zegoen–. Isitxo Larrañaga orkestrako zuzendariak lore-sorta eman zion bere amari. Orkestrak Isitxo bera ere omendu nahi izan zuen. Hala, oholtzara itzultzean, lore-sorta eta oparia jaso zituen bere seme Aitzolen eskutik. Behin kontzertua amaituta, taldeko argazkia atera zuen orkestrak gonbidatuekin batera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!