'Larruz' ahuntz-gazta izan da txapelduna

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko azaroaren 8a

IV. Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azoka izan da goizean Tolosan. Ekitaldien artean gazta eta esnekien txapelketa egin dute, eta Markina-Xemeingo Muniozguren gaztandegia izan da garaile. Bigarrenez irabazi du lehiaketa, 2023an ere txapeldun izan baitzen.

Euriak ez du herritar nahiz bisitarien asmoa zapuztu, eta jendetza batu da IV. Euskal Herriko gazta eta esnekien Esneki azoka berezia egin den Tolosako hiru guneetan: Beotibar pilotalekuan, Artxiboaren parean eta Trianguloa plazan. Tolosako Udalak, HAZI fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak sustatu dute, eta Basque Culinary Center, Esneki zentroa - Leartiker, EFRIFE, GIFE, Esnekigileen Elkartea eta Tolomendi izan dituzte laguntzaile. Bada, laugarren edizioak euskal esnekigintzaren kalitatea eta aniztasuna nabarmendu ditu berriro, eta lehen sektoreari balioa eman dio.

Askotariko ekintzak izan dira. Batetik, familientzako bi jarduera egin dituzte Artxiboaren parean: Errapetik ahorainoko bidea, behiak jezten ikasteko; eta Esnetan, gazta freskoa nahiz natillak egiten ikasteko. Parte hartzaileek aukera izan dute esnearen jatorria, ekoizpen-prozesua eta eraldaketa gertutik ezagutzeko. Bestetik, Euskal Herriko Gazta eta Esnekien IV. azoka berezia egin dute Trianguloa plazan. Aurten 24 ekoizlek parte hartu dute, eta bisitariek aukera izan dute gazta- eta esneki-sorta zabala ezagutu, dastatu eta erosteko. Azkenik, Beotibarren Euskal Herriko Gazta Mahaia jarri dute. Leartiker Esneki Zentroko adituek gidatuta, euskal gazten aniztasuna ezagutzeko dastaketa gidatua egin dute, eta 80 lagunek parte hartu dute, lau txandatan banatuta.

Ekintza nagusia, ordea, Beotibarren egin den Euskal Herriko zazpi lurraldeetan ekoiztutako esne, gazta eta jogurt moten txapelketa izan da. Aurten 38 gaztandegitako 86 produktuk parte hartu dute, zortzi kategoriatan banatuta: gazta freskoak, pasta bigunak, gazta urdinak, behi-gazta onduak, ardi-gazta onduak, ahuntz-gazta onduak, jogurtak eta behi-esne pasteurizatua. Parte hartu duten gaztandegi guztiek norbere esnearekin ekoizten dituzte produktuak.

Maila bakoitzeko irabazleen artean hautatu da txapeldunen txapelduna, hau da, Euskal Herriko gazta onenaren izendapena jaso duena. Markina-Xemeingo Muniozguren gaztandegiko Larruz ahuntz-gazta izan da garailea. Pozarren jaso dituzte garaikurra, diploma eta txapela Iban eta Gorka Muniozguren anaiek. Gainera, bigarrenez irabazi dute lehiaketa, 2023an ere txapeldun izan baitziren.

Pasta bigun onena, Orexakoa

Eskualdeko zenbait esnekigilek parte hartu dute txapelketan, eta horietako bik sari bana jaso dute. Batetik, Orexako Oihan Txiki Kooperatiba garaile izan da pasta bigunen kategorian, Orexa Biguina produktuarekin. Bestalde, Leaburuko Mahala Baserriko Produktuak etxearen jogurt naturala hirugarren izan da jogurten kategorian.

Aurten ez da txapelketarik izan esne erosleen mailan. Antolatzaileek adierazi dutenez Euskal Herrian ekoizten diren esnekien %95 esne propioarekin ekoizten dira. Hori dela eta, soilik esne propioarekin ekoitzitako esnekien kategorietako txapelketa egitea erabaki dute.

Publikoak ere izan du aukera lehiaketako gaztak dastatzeko; epaimahaia lanean ari zen bitartean Beotibar pilotalekua irekita egon da.

IV. Esneki Txapelketako saridunak. Euskal Herrian ekoitzitako gazta eta esneki mota guztien lehiaketa:
  • Esneki Sari Nagusia, Euskal Herriko gazta onena:
    • Larruz ahuntz-gazta - Muniozguren gaztandegia (Markina-Xemein).
  • Maila bakoitzeko irabazleak:
    • Gazta freskoak: Txuria Moraita - Moraita gaztandegia (Laguardia).
    • Pasta bigunak: Orexa Biguina - Oihan Txiki Kooperatiba (Orexa).
    • Gazta urdinak: Urraki gazta urdina - Urraki esnekiak (Errezil).
    • Ardi-gazta onduak: Remiro Gazta - Remiro gaztandegia (Eulate).
    • Behi-gazta onduak: Ixtileta - Pirineki esnekiak (Aurizberri).
    • Ahuntz-gazta onduak: Larruz - Muniozguren gaztandegia (Markina-Xemein).
    • Jogurtak: Etxeko jogurta - Pirineki esnekiak (Aurizberri).
    • Behi-esne pasteurizatua: Txikiñena - Txikiñena gaztandegia (Berriatua).
Erlazionatuak

Esnekiz busti da Tolosa

Josu Artutxa Dorronsoro aza 08 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!