Euskal Barrok Ensemblek nazioarteko bira hasiko du bihar

Ataria 2025eko azaroaren 7a

Europako hiru hiritan kontzertuak egingo ditu Enrike Solinis musikari bilbotarrak zuzentzen duen taldeak; taldeko kideetako bat da Miren Zeberio tolosarra.

Enrike Solinis musikari bilbotarrak zuzentzen duen Euskal Barrok Ensemble taldeak nazioarteko kontzertu-bira egingo du bihartik aurrera ospe handiko Europako hiru antzokitan. Miren Zeberio musikari tolosarra taldeko kideetako bat da, baita Maika eta Mixel Etxekopar zuberotarrak ere.

Bihar izango da lehen kontzertua, Bruselan (Belgika). Concertgebouw jaialdian parte hartuko du Euskal Barrok Ensemblek, eta Sound Factory museoan egingo du saioa 20:00etan. Euskal Herriko eta Andaluziako XII. eta XV. mendeen arteko musika tradizionala joko dute.

Bigarren kontzertua azaroaren 14an (ostirala) egingo du Hernen (Alemania). Tage Alter Musik jaialdiko saioa izango da Kreuzkirche elizan, eta 16:00etan hasiko da. «Bizkaiko Golkoan hasiko den bidaia zirraragarri batean murgilduko da publikoa. Antzinako kantu paganoetatik, Goi Erdi Aroko epopeia heroikoetatik eta Mariaren gurtza mistikoaren adierazpide ezberdinetatik itsaso zabalera bidaiatuko dute entzuleek. Juan Sebastian Elkanok munduari eman zion bira irudikatuko dute», azaldu du taldeak.

Azkenik, hilaren 16an (igandea) Sofian (Bulgaria) dagoen Bulgariako Musika Akademia Nazionalean emango du kontzertua 18:30ean. Saio horretan XVI. eta XVIII. mendeetan konposatutako obrak joko ditu taldeak.

Lehen mailako hiru hitzordu izango direla aurreratu dute: «Nazioarteko proiekzio sendoa berresten du, baita interpretazio historizistan erreferente gisa dugun eginkizuna ere».

Antzinako musika ulertzeko

Mare Cantabricum programa aurkeztuko du musika taldeak. Errepertorioak Kantauri Itsasoaren itsas- eta kultura-identitatea lantzen du, edo oraindik gutxi ezagutzen diren baina garrantzi handia duten euskal figura historikoak berreskuratzen ditu, adibidez, Subh. Euskal ondarea ikuspegi artistiko unibertsal batetik zabaltzeko konpromisoa berretsi du Euskal Barrok Ensemblek.

Zeberiok esan du Solinisek nazioarteko bakarlari eta enbaxadore modura egindako ibilbidea sendotuko duela bira honekin. «Antzinako musika ulertzeko modu paregabea izango da: zorroztasuna, sormena eta euskal sustrai kulturalekiko lotura sakona uztartuko ditu», azaldu du.

Musikari tolosarrak nabarmendu du hiru saioek modu esanguratsuan laguntzen diela Euskal Herriak munduan duen proiekzio kulturalari. «Euskal musika-interpretazio historikoaren Europako panoramaren barruan kokatzen jakin duen taldearen etengabeko lanaren beste aintzatespen bat izango dira», esan du Zeberiok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!