Iaz antolatu zuten lehen aldiz Barnebidean Fest jaialdia eta aurten berriro ere errepikatu dute. Azaroaren 16an izango da, Bonberenearen aretoan. «Kanpora begira jartzen gaituen mundu txoro honi kontra eginez, 'barnerabidean' jarri garenon festa xume bat ospatu nahi dugu», esan dute antolatzaileek. «Erlazio sare osasuntsuak sortzeko abiapuntua norbere barnean hasten dela sinetsita, egun osoko egitarau berezia prestatu dugu».
09:30etik 10:00etara egingo zaie jaialdian parte hartuko dutenei harrera, eta ondoren ekitaldiekin hasiko dira. Lehenbizi meditazio aktiboa egingo da, ondoren elikadura kontziente eta praktikoari buruzko hitzaldia, eta goizeko ekitaldiekin amaitzeko Lurhats taldearen kontzertua. Ondoren, bazkaltzeko tartea hartuko da. Bakoitzak bere bazkaria eramango du eta denen artean elkarbanatzea da asmoa. Bazkaldu eta gero, bibrazio bainua izango da, ondoren masajea mugimenduan eta jaialdia amaitzeko senda kanten saioa. Antolatzaileek esterilla eramatea eskatu dute, zenbait saioetarako beharko delako.
Antolatzaileek ez dute zehatu prezio zehatz bat jaialdian parte hartzeko, eta ekarpena 20 eta 45 euro bitartekoa izatea proposatu dute. Informazio gehiagorako eta izena emateko bi telefono zenbaki dituzte: 630 21 44 83 (Gaxpi) eta 634 42 26 73 (Imanol).