Bost jardunaldi jokatuta, sailkapeneko bigarren postuan dago Eguzkitza Sagardotegia TAKE saskibaloi taldea, lau partida irabazi eta bat galduta. Haimar Martin entrenatzaileak dio ezin direla oraindik gauza asko ondorioztatu: «Egia da sailkapenean dinamika on bat ikusi daitekeela, baina partida bakoitza mundu bat izan da. Desberdintasun handia dago gure multzoan, eta ez nuke oraingoz ondorio nabarmenik aterako». Bi multzo daude taldearen mailan, Gipuzkoako lehen mailan, eta zazpi talde daude bere multzoan. «Hiru talde indartsu daude: Arrasateko Ointxe, Easo eta gu. Hor ibiliko gara goiko postuengatik borrokan».
Martinentzat lehenengo denboraldia da emakumezkoen lehen taldeko entrenatzaile bezala. «Jokalari guztiek maila ezagutzen dute, baina nik ez. Hasieran ezjakintasuna nuen gai batzuen inguruan, eta aurretik egon diren entrenatzaileekin hitz egin dut, baita jokalariekin ere, eta uztailean lan dezente egin genuen jokatzeko ideiaren inguruan». Oraindik ere taldea ezagutzen ari dela gaineratu du: «Pixkana erritmoa hartzen goaz. Batzuetan heldugabe ikusten da taldea, baina oso ilusionatuta gaude. Lan handia dugu egiteko, eta lan oso ona egin ahal duen taldea da».
Defentsan beti oso ondo antolatuta jokatzea gustatzen zaio Martini. «Iruditzen zait maila honetan guk defentsa aldetik maila oso ona ematen badugu, emaitzak etorriko direla». Partidak irabazteko jokalariei mezu bera esaten die: «Lortu behar dugu aurkariek gu baino puntu gutxiago sartzea, eta ahal dela 30 puntuen bueltan ibiltzea. Horrek ahalbidetu digu guri partidak irabazi ahal izatea, eta momentuz lortzen ari gara». Bide horretatik, entrenatzaileak nabarmendu du puntu gutxien jaso duen taldea dela, eta horrela izaten jarraitu nahi duela denboraldia amaitu bitarte.
Hainbat aldaketa izan dira taldean. Entrenatzaile berriarekin batera, Markel Pascual bere laguntzailea ere iritsi da taldera. «Bion artean gabiltza buru-belarri taldea ahalik eta modu hoberenean aurrera eramateko». Jokalarien aldetik, baja bat izan da, eta bi jokalari Erasmus programarekin kanpoan izango dira: bat abendua bitarte, eta bestea abenduan joango da. Nukleoa mantendu da, eta bi jokalari berri gehitu dira taldera: bat lau urtez kanpoan ikasten aritu dena, eta bestea aurreko denboraldian jokatu ez zuena eta berriro animatu dena saskibaloian jokatzera. 11 jokalari dituzte fitxekin, eta Martinek nahiago luke talde luzeagoa izatea: «Urtean zehar beti izaten dira lesioak, eta hobby bezala hartzen denez, beti izaten dira partidetara etorri ezin diren jokalariak. Egia da 11 taldekide izatea ez dagoela gaizki, eta konpromiso oso ona dutela jokalari guztiek».
Denboraldiko helburuei dagokienez, sasoiko lehen zatian lehen lau postuetan sailkatzea da lehenengoa. Bi multzoetako lehen lau taldeek euren arteko beste multzo bat osatuko dute, gerora igoera fasean parte hartzeko. Sasoiaren bigarren zatian, talde bakoitzak lehen zatian aurkari izan ez dituen lau taldeen aurka jokatuko du, etxean zein kanpoan. Azkenik, lehen lau sailkatuek finalerdiak jokatuko dituzte. Martinek esan du helburua lehen lau talde horietan sartzea dela.