Mago izaten hasi aurretik ezagutzen zuten elkar Beñat Zubizarreta Regillagak (Tolosa, 2004) eta Asier Saizar Diazek (Tolosa, 2005), Tolosaldea IKT igeriketa taldean aritu izan baitira. Igeriketako zenbait txapelketetan, proba eta proba artean atseden hartzen zuten bitartean, Zubizarretak magia trukoak egiten zizkien taldekideei. Orduan, zaletasuna elkarbanatu zezaketela ohartu zen Saizar. Gaur egun, informatika ikasten ari dira, eta tarteka magia saioak egiten dituzte.
Noiz murgildu zineten magia munduan?
Asier Saizar: 13-14 urte nituela hasi nintzen. Ordurako truko edo jolasen bat ezagutzen nuen, baina, batez ere, Youtuben tutorialak ikusita hasi nintzen trukoak ikasten. Julio Ribera magoaren kanaleko bideoak ikusten nituen, eta bere trukoak ikasten nituen, ondoren senideen aurrean egiteko. Gerora, urte batzuetarako utzi nuen magia, baina Beñat trukoak egiten ikustean, berriro sartu zitzaidan harra. Duela bi urte murgildu nintzen berriro magia munduan.
Beñat Zubizarreta: Betidanik oso gustuko izan dut magia. Haurra nintzenean beti saiatzen nintzen truko errazak ikasten eta egiten; jolasean aritzen nintzen. Duela zortzi urte inguru edo, telebistan hasi nintzen magia ikusten, eta orduan kontziente nintzen zer zen. Etxean, Tamariz magoaren bideoak erakusten zizkidaten, eta urteak pasa ahala, ikasten joan naiz. Liburuekin ere ikasten dut.
Saizar: Niri ere betidanik gustatu izan zait, baina uste dut 13-14 urte eduki arte ez nuela interes handirik izan trukoak etengabe egiteko.
Hastapenetan nola egiten zenituzten magia trukoak?
Saizar: Ni etxeko logelan aritzen nintzen, eta ikasketekin eta etxeko lanekin uztartzen nituen magiarako orduak. Entseguak egiten nituen, trukoak ondo egiten ikasteko. Ondoren, senideei eta lagunei erakusten nizkien.
Zubizarreta: Ni etxekoak nazkatu arte aritzen nintzen, truko bakoitza behin eta berriz egiten. Gogaituta amaitzen zuten.
Magoen trukoak ikustean txunditzen zineten?
Zubizarreta: Nik jakin-min handia izaten nuen. Tamarizen bideoak ikusten nituenean harrituta geratzen nintzen. Ez ziren nolanahiko trukoak; goi mailakoak izaten ziren. Beste mundu bateko trukoak ziruditen.
Eta magia ikuskizunetara joateko ohitura zenuten?
Saizar: Nik ez dut ondo oroitzen, baina etxean badaukat argazki bat Tolosan mago bat niri truko bat egiten ari den momentukoa. Ez nuen ohitura handirik zuzeneko magia ikuskizunetara joateko. Horretan baino gehiago aritzen nintzen etxean mago ezagunen bideoak ikusten. Orain, ordea, orduan baino jakin-min handiagoa daukat.
Zubizarreta: Magia munduan murgiltzen hasi nintzenean, Gasteizko Magialdia jaialdira joan nintzen gurasoekin. Europa mailan egiten den jaialdi handienetakoa da, eta bultzada handia izan zen niretzat.
Azken urteotan gora egin du magiarako zuen interesak?
Saizar: Nire kasuan, behintzat, bai. Nik duela bi urte ekin nion berriro magiari. 2023ko uda intentsitate handiko garaia izan zen, eta, bat-batean, zerotik ehunera igaro zen magiarako nuen interesa. Magia jaialdi askotara joan nintzen, eta antzokietan antolatutako saio ugari ikusi nituen.
Zubizarreta: Behin magia munduan sartzen zarenean, ia ezinezkoa da bertatik ateratzea.
Asko ikasiko duzue magia jaialdietan, ezta?
Zubizarreta: Geroz eta ikuskizun gehiago ikusi, orduan eta gehiago ikasten duzu. Gainera, jaialdietara joaten garen magoak lagun bihurtzen gara; elkar ezagutzeko eta trukoak partekatzeko aukera ederra izaten da. Liburuak irakurrita ez ezik, jaialdietan ere asko ikasten da.
Saizar: Espainian maila altua dago, munduko onenetakoa da. Tamarizek asko lagundu du horretan. Gainera, mago topaketetan trukoak elkarri erakusteko ohitura handia dugu; ez dago sekretismorik. Askok uste dute mago bakoitzak bere trukoak ezkutuan eramaten dituela, baina ez da horrela. Gauza asko partekatzen ditugu elkarrekin, eta hori da ikasteko modu onena.
Magia kontsumitzeko eta trukoak ikasteko ohitura handia duzue?
Saizar: Batez ere, liburu eta bideoetatik ikasten dugu. Duela urtebete Xixka Gipuzkoako Magia Elkartean hasi ginen ikasten. Asteazkenero Donostian elkartzen gara zenbait mago. Gure artean hitz egiteko eta trukoak ikasteko espazioa da. Liburutegi handi bat dute bertan, eta handik liburuak hartzen ditugu. Hilabetean behin goi mailako mago bat etortzen da hitzaldia ematera eta trukoak erakustera.
Ikastaroak egiten dituzue, beraz. Baina, horrez gain, ikasketetan zabiltzate buru-belarri. Denbora beharko duzue guztia uztartzeko, ezta?
Zubizarreta: Nahi dena egiteko beti dago denbora.
Etxean nola aritzen zarete trukoak egiten?
Zubizarreta: Mahai bat hartu eta objektu batekin jolasten hasten naiz. Trukoak modu askotara probatzen ditut, nahiz eta batzuetan oso zaila den zerbait berria sortzea.
Saizar: Gero, lehen ikusleak etxekoak izaten dira. Haiek esaten digute azterketa gainditu dugun ala ez.
Abenduaren 12tik 14ra Legazpin egingo den Magia Jiji-Jaja Lehen Jaialdian parte hartuko duzue. Kalean ere aritzen zarete, beraz.
Saizar: Duela gutxi hasi gara magia jaialdietan parte hartzen. Irailean Azpeitian aritu ginen, eguerdian, tabernetan, mahaiz mahai trukoak egiten. Legazpin ere formatu berean ariko gara.
Zuentzat ona izango da kalera atera eta jendeari trukoak egitea, ezta?
Zubizarreta: Bai. Gainera, gertuko magia gustatzen zait gehien. Politena da. Herritarrek trukoak gertutik ikusi ditzake, eta guk haiekin hitz egin dezakegu. Antzokien kasuan, urruneko magia egitean ez da gauza bera gertatzen.
Inoiz pentsatu duzue Tolosan jaialdi bat antolatzea?
Zubizarreta: Gustatuko litzaiguke, eta noizbait hitz egin dugu horri buruz. Oraingoz egitekoen zerrendan daukagu ideia.
Saizar: Euskal Herrian mago asko gaude, eta asko oso onak dira. Posible litzake horiek Tolosara ekarri eta jaialdi bat antolatzea.
Zubizarreta: Gure adin inguruko magoak ere geroz eta gehiago gara, eta guztiok gaude gauza berriak antolatzeko ilusioarekin.
Hain justu, mago gazte asko zaudete une honetan Euskal Herrian, ezta?
Saizar: Esango nuke belaunaldi bat baino gehiagotako magoak gaudela. Gu baino mago gazteagoak ere badaude, 14, 15 edo 17 urte dituztenak. Euren jaialdi propioak antolatzen dituzte, eta maila handiko ikuskizunak egiten dituzte.
Zubizarreta: Gogotsu gaude. Kuadrilla handia gara, eta jaialdietan parte hartzeko aukera daukagu.
Baduzue idolorik?
Saizar: Zalantzarik gabe, Tamariz. Baina badira gehiago. Dani DaOrtiz nabarmenduko nuke kartekin. Ikaragarri ikasi dut berari esker. Joaquin Matas ere aipatu beharra dago.
Zubizarreta: Mago asko ditut gustuko. Batetik, Penn & Teller estatubatuarrak. Gertuko magian, Migel Angel Gea nabarmenduko nuke. Magia klasikoa egiten dute, baina kontzeptua asko lantzen dute aurretik.
Legazpiko jaialdiaren kasuan, ia mago denak mutilak zarete. Aipatu dituzuen idoloak gizonezkoak dira. Ez al dago emakumezko magorik?
Saizar: Hutsune handia dago. Ez dakit zergatik, baina emakumezko mago oso gutxi daude. Guk, adibidez, magoen artean dugun kuadrillan zorte handia daukagu, Maria Arandia gurekin ibiltzen delako. Gainera, gu baino saio gehiago egin ditu. Hala ere, emakumezko mago gehiago behar dira.
Zubizarreta: Pena da. Lehen tabernetan aritzen ziren magoak, eta horietan ez zen emakumerik egoten. Magoek ez zieten uzten gerturatzen ere, sekretismoagatik. Ondorioz, gaur egun emakumezko mago erreferenteak falta dira. Hala ere, pixkanaka emakumezkoak hasi dira magia munduan murgiltzen, eta geroz eta gehiago dira. Euskal Herrian hiruzpalau dira.
Zein da zuen indargunea?
Saizar: Zalantzarik gabe, gertuko magia. Hori praktikatzen dugu gehien. Ikuslearengandik metro batera egiten den magia da. Ni, batez ere, kartekin eta txanponekin aritzen naiz.
Zubizarreta: Etxean praktikatzeko errazena da, ezin garelako etxean ilusio handiko kutxa erraldoiekin trukoak egiten hasi.
Eta zein trukorekin ez duzue asmatzen edo kostatzen zaizue gehiago?
Zubizarreta: Gauza zail asko daude, orduak eta orduak eskatzen dituztenak. Manipulazioa, esaterako, magia mota oso teknikoa da.
Saizar: Airean kartak agerrarazi eta desagerraraztea, esaterako. Oso zaila da, eta guztia perfektuki egin behar da. Halako trukoak gustagarriak dira ikusteko, baina egiteko ez horrenbeste. Ordu askoko entrenamenduak eskatzen dituzte.
Perfekzioa izango da magiak duen ezaugarri zailenetako bat, ezta?
Zubizarreta: Mago gehienak trajea jantzita agertzen dira, eta denbora eta musika koordinatuta izaten dituzte.
Saizar: Zenbait truko koreografiak dira.
Zer da magia zuentzat?
Zubizarreta: Jolas bat da. Haurrei jostailuak oparitzen dizkieten moduan, nik nahikoa daukat hiru txanpon eta pilota txiki batekin. Oso gustuko dut ni dibertitu ahala publikoa gozaraztea.
Saizar: Ikaragarri gustatzen zait truko bat egitean publikoarekin izaten dugun elkarrekintza.
Biak: Asko gozatzen dugu magia egiten dugun bakoitzean.
Aurrera begira zer asmo dituzue?
Saizar: Oraingoz, zaletasun bat besterik ez da. Biak informatika ikasketak egiten ari gara. Nik oso gustuko dut, eta adibidez, azaroaren 27tik 30era Donostiako jaialdi batean parte hartzera gonbidatu naute; bost minutuko ikuskizun azkar bat egingo dut. Dotore egunean ere aritu nintzen. Halako aukerak aprobetxatu nahi ditut, eta, batez ere, gozatu egin nahi dut.
Zubizarreta: Ni sormenari eragiten entretenitzen naiz. Trukoak probatzen hasi eta gauza propioak sortu nahiko nituzke. Horrez gain, noizbait Tolosan jaialdi handi bat antolatzea nahiko nuke.
Magian ere dena asmatuta dago?
Saizar: Guztia ez, baina gauza asko bai. Ez da erraza truko berriak sortzea, eta zerbait ona okurritzea ia ezinezkoa da.
Zubizarreta: Truko berri bat beharrean, mago bakoitzak bere bertsioa egiten du; gurera moldatzen ditugu trukoak. Inoiz zerbait txukuna egiteak eta jendeari gustatzeak beste edozer gauzak baino poztasun handiagoa ematen du.
Magiatik bizi ahal izatea posible ikusten duzue?
Saizar: Oraingoz, zaletasuna ikasketekin uztartzea gustatuko litzaidake. Informatika mundua ez dut albo batera utzi nahi, eta magia saio gehiago egin ahalko banitu, gustura egongo nintzateke. Historian zehar mago asko egon dira magian soilik jarduten ez zirenak, baina oso onak ziren eta ikuskizunak egiten zituzten.
Zubizarreta: Adibidez, Arturo de Ascanio kanariarra mago oso garrantzitsua izan zen. Mago askoren idoloa izan zen, eta teoria asko sortu zituen, baina ofizioz abokatua zen.