Tolosako Targazki Argazkilari Elkarteak bigarrenez antolatu du argazki rally lehiaketa. Azaroaren 15ean (larunbata) izango da. Bi kategoria izango dira: gazteena, 16 urtera artekoak; eta helduena, 17 urtetik gorakoak. Parte hartzaileek egun horretan Tolosan bertan egin beharko dituzte argazkiak. Bost gai izango dira, eta rallya hasi aurretik jakinaraziko ditu elkarteak.
Izen ematea egunean bertan izango da Targazkiren lokalean (Emeterio Arrese 2, 1), gizarte eta kultur zentroaren eraikinean; 9:00etatik 10:00etara egin beharko da. Parte hartzaile bakoitzak 10 euro ordaindu beharko du; gazteentzat doakoa izango da. Partaide guztientzako hamaiketakoa egongo da.
Targazkik tolosar argazkilari oro animatu du lehiaketan parte hartzera. Kamera digitalarekin eta JPG formatuan egin beharko dituzte argazkiak. Bakoitzak dagokion memoria-txartelarekin hasiko du rallya; aldez aurretik formateatuta egongo da. Parte hartzaileren batek SD txartelik erabiltzen ez badu, argazkiak deskargatzeko bere USB egokigailua eramatea eskatu dute antolatzaileek. Gazteek telefono mugikorrarekin egin ditzakete argazkiak. Euren kasuan, argazkiak ateratzeko, kargagailuko edo komunikazioko kablea eramatea gomendatu dute.
Behin argazkiak eginda, elkartearen lokalean deskargatuko dituzte, 13:00etatik 14:00etara. Parte hartzaile bakoitzak gehienez 37 argazki deskargatu ahal izango ditu, kontrol-argazkia barne. Irudiak ezabatzeko aukera izango dute. Ondoren, gai bakoitzeko argazki bat aukeratu beharko du bakoitzak, eta egindako hautaketarekin email bat bidali beharko du targazkirallya@gmail.com helbidera. Hautaketa bidaltzeko azken eguna azaroaren 21a izango da. Mezu horretan, parte hartzailearen zenbakia, izena eta aukeratutako argazkien zerrenda adieraziko dira, baita irudiak bertikalak edo horizontalak diren ere. Ez dira argazkiak emailez bidaliko, antolatzaileek izango dituztelako.
Parte hartzaileek zenbait baldintza bete beharko dituzte lehiaketan:
- Txartelaren lehen argazkia elkartearen lokaleko parte hartzailearen erretratua izango da, lehen kontrol-argazki gisa. Derrigorrezkoa izango da eta ez du puntuaziorik izango.
- Kamerako doikuntza klasikoak onartzen dira: saturazioa, kontrastea... baldin eta argazkiak egin aurrekoak badira.
- Kolorea eta zuri-beltza baimenduko dira.
- Kameraz kanpoko edozein elementu (filtro, aldatzaile, flash...) baimenduta dago. Efektuak sortzekotan, argazkiak egiterakoan sortu behar ditu, ez ondorengo edizio edo manipulazioagatik.
- Debekatuta dago kamerek eskaintzen dituzten sormen-edizioko efektuak erabiltzea, hala nola, kolore selektiboa,
miniatura-efektua, posterizazioa... baita irudien ondorengo edizioa ere, bai kameran bertan, bai kanpoko gailuetan.
Ordainsariak onenentzat
Behin epaimahaiaren erabakia ezagututa, saridunei jakinaraziko die antolakuntzak. Sari banaketa ekitaldia Tolosako kultur etxean egingo dute abenduaren 12an 19:30ean. Lehen sailkatuak 120 euro eta garaikurra jasoko ditu; bigarren sailkatuak 90 euro eta garaikurra; eta hirugarren sailkatuak 70 euro eta garaikurra. Saririk gabeko bertako argazkilari onenak 50 euro eta garaikurra jasoko ditu. Eta azkenik, gazte onena 50 eurorekin eta garaikurrarekin sarituko dute. Antolatzaileek adierazi dute epaimahaiaren epaia apelaezina izango dela.
Tolosako argazki rallya Herriz Herri ligaren parte da. Beraz, lehiaketako emaitzek ligarako balioko dute. Informazio gehiago esteka honetan.