Hiru hilabetez itxita egongo da Usabalgo kirol parkea eta Olarrain auzoa lotzen dituen bidea

Ataria 2025eko azaroaren 5a

Orain arteko zoladura guztiz altxako dute eta, berria egin aurretik, egonkortasun handiagoa emango diote. R. C.

Astelehenean erabat itxiko dute bizikleten eta oinezkoen bidea; lurra hondoratuta dago zenbait puntutan, eta egonkortze- eta konponketa-lanak egingo dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldundiak erabat itxiko du Usabalgo kirol parkearen eta Olarrain auzoaren arteko bidegorria eta oinezko bidea astelehenean. Lurra hondoratuta dago tarte horretako zenbait puntutan, eta zoladura guztiz konpondu nahi dute. Horretarako, orain arteko zoladura guztiz altxako dute eta, berria egin aurretik, egonkortasun handiagoa emango diote. Maldan dagoen 170 metro inguruko tartea da kaltetuena, eta hor zentratuko dira lanak batik bat. 

Zoladura eraitsiko denez, bidea guztiz moztu beharko da, eta ezingo da bertatik pasa. Itxiera Usabalgo kirol parkearen amaieran eta Olarrain auzoko autobidearen bidegurutzean egingo da. Aldundiaren arabera, ondo bidean, hiru hilabeteko epea beharko dute lanek gutxi gorabehera.

Bidegorriko obraren planoa. Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!