Paper kaletik Iurre auzora sartzeko errepidearen norabidea aldatuko dute

Ataria 2025eko urriaren 30a

Iurre auzoan norabide aldaketa egingo duten errepidearen irudia.

SAM zubiaren bidegurutzeko trafikoa arintzea da aldaketaren helburua; Berazubi estadioaren alboko aparkalekutik ateratzean, orain arteko bide bera jarraitu beharko da ateratzeko. Asteartean egingo dituzte seinale aldaketak eta pintaketa lanak.

Trafikoaren norabide aldaketa berri bat egingo dute Tolosan. Hain justu, Paper kaletik Iurre auzora sartzeko errepidearen norabidea aldatuko dute, hau da, Norvegiarren lorategien albokoarena. Asteartean, azaroaren 4an, egingo dute aldaketa. Egun horretan egingo dituzte seinale aldaketak eta pintaketa lanak. Hori egiteko, ezingo da kale horretan aparkatu, 07:00etatik aurrera. Lanak bukatu bezain pronto aparkatzeko aukera egongo da berriro.

Udalak esan du aldaketaren helburua dela SAM zubian eta inguruan izaten den trafikoa arintzea, ibilgailu gutxiago igarota, zubiko bidegurutzeko segurtasuna hobetzeko. «Gaur egun Iurre auzotik ateratzeko bide bakarra hori da, ez du ikuspen ona ibilgailuen gidarientzat eta irteera koskan dago. Tarteka, gainera, Iurramendi pasealekuko erabiltzaile ugari, oinezkoak zein bizikletan doazenak, pasatzen dira», azaldu dute.

Aldaketaren ondorioz, Iurre auzoko 1-13 zenbakietako garajeetako irteera, Paper kale aldera egin beharko da, halabeharrez. Udalak nabarmendu du bizilagunen ordezkarien eskaria dela. Supermerkatu parera iritsita ere, eskuinera hartu ahal izango da, Paper kalera. «Horrek, ibaiaren albotik doan bideko trafikoa gutxituko du». Berazubi estadioaren alboko aparkalekutik ateratzean, berriz, orain arteko bide bera jarraitu beharko da ateratzeko, ibaiaren albokoa, alegia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!