Alpino Uzturrekoak bikain Euskal Herriko Txapelketan

Ataria 2025eko urriaren 30a

Euskal Herriko Gurpil Gaineko Eski Txapelketa izan zen jokoan asteburuan esprint modalitatean, Iruñeko Antoniutti pistan, eta Alpino Uzturre elkarteko kideek maila handia erakutsi zuten.

June Aranburu bigarren izan zen absolutu mailan eta lehenengoa 18 urtez azpikoan. Magali Lekuek, berriz, bosgarren postua lortu zuen absolutu mailan eta hirugarrena 18 urtez azpikoan. Master mailako Harkaitz Lavega senior mailan lehiatu zen, eta ezin izan zuen finalerdietara pasatu; master mailan hirugarren izan zen. 

Gaztetxoetan ere maila bikaina erakutsi zuten Alpino Uzturrekoek. Libe Curras lehenengoa izan zen eta Inge Arin bigarrena 16 urtez azpiko mailan. Azkenik, Iker Aranburu izan zen irabazlea 14 urte azpiko mailan. Maila guztietan, emakumezkoetan zein gizonezkoetan, 1.030 metroko ibilbidea egin zuten parte hartzaileek. 

Iruñeko proba Espainiako Koparen azkena izan zen. Hori horrela, Espainiako Koparen behin betiko sailkapenak ondorengoak dira: 14 urtez azpiko mutiletan, Iker Aranburu bigarren izan da; 16 urtez azpiko nesketan, Libe Curras lehenengo eta Inge Arin bigarren; eta 18 urtez azpiko nesketan, June Aranburu bigarren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!