Tolosala Garaje Tolosak jokalari berri askorekin hasi du denboraldia

Imanol Garcia Landa 2025eko urriaren 30a

Gizonezkoen areto futboleko Hirugarren Mailan ari da jokatzen talde tolosarra. Lehen bost jardunaldi jokatu eta gero, hirugarren postuan dago, hamahiru punturekin.

Tolosala Garaje Tolosa taldea hirugarren postuan dago ligako lehen bost partidak jokatu ondoren. Gizonezkoen areto futboleko Hirugarren Mailan ari da lehiatzen talde tolosarra, eta hamahiru puntu ditu, lau partida irabazi eta bat berdindu ondoren. «Liga hasierarekin nahiko kontentu gaude. Gure helburua beti izaten da partida guztiak irabaztea», esan du Javi Mujika entrenatzaileak. Aurten liga parekatuagoa izango dela uste du. «Hasieratik emaitza onak lortzea zaila da. Jende berri asko dago taldean, eta denak ondo moldatu arte gure helburua da emaitza onak ateratzea, eta horretan ari gara».

Sailkapenean Donipari taldea dago lehen postuan, bost partidak irabazita, eta hamahiru punturekin hiru talde daude, tartean Tolosala. Oraindik hasiera bakarrik dela nabarmendu du Mujikak: «Askotan ondo hasteak ez du esan nahi denboraldi osoan ondo joango zarenik. Donipari bai dela talde indartsua, aurten jende berria ekarri du, eta sailkapenean goran egongo den taldea izango dela ziurra da». Aurreko denboraldian goiko postuetan ibili ziren beste talde batzuk ez dituztela partida guztiak aurrera atera azaldu du entrenatzaileak: «Hamargarren jardunalditik aurrera gehiago zehaztuko da zein den talde bakoitzaren lekua ligan. Hasieran, egutegi errazagoa baduzu, posible da emaitzak aurrera ateratzea. Baina taldeak mailara egokitzen direnean, zailagoa izaten da partidak irabaztea. Partidak ez dira beti berdinak izaten gure mailan, ezusteko asko izaten dira, eta urtean zehar sailkapenean aldaketa asko izaten dira».

Mailaz igotzeko zaitasuna

Mailaz igotzeari dagokionez, ligan lehen postuan geratzen dena zuzenean igoko da, eta bigarrenetik bosgarren postura sailkatzen direnak fase bat jokatuko dute hurrengo denboraldiko Espainiako Kopan jokatzeko. Hiru urte daramatza Mujikak Tolosalako entrenatzaile bezala, eta hasieratik beraien helburua taldea goiko postuetan egon eta ahal bada mailaz igotzea dela esan du: «Gure ligan orain bakarra igotzen da, eta oso zaila izaten da. Lehen igoera fase bat jokatzen zen lehen lauen artean, eta aukera gehiago izaten ziren. Orain denboraldi oso ona egin behar duzu».

Denboraldi hasierako erronka taldekide berri guztiak taldera egokitzea da. «Lehen partidetan puntuak lortuta, beste lasaitasun eta konfiantza bat ematen dio taldeari denboraldi osoa aurrera ateratzeko», esan du Mujikak. Aurreko denboralditik bost jokalarik jarraitzen dute, eta beste guztiak berriak dira. «Jende berri asko ekartzean, saiakera egiten ari zara oraindik eta talde lehiakorragoa egiteko, eta hori ere entrenatzailearentzat beste exijentzia maila bat da». Emaitzak lortzen ari direla baina jokoaren aldetik gehiago kostatzen ari zaiela gaineratu du: «Bakoitzak bere jokatzeko modua ekartzen du, bere ohiturak, eta jendea elkar ezagutzeko denbora behar izaten da. Baina lehen esandakoa, emaitzek laguntzen dute egokitzapena errazten eta jokalarien motibazioa handitzen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!