Euskal Ligako bigarren maila ari da jokatzen Toloboleiko emakumezkoen senior taldea, aurreko denboraldian mailaz igo eta gero. Lehenengo hiru partidak galdu dituzte. «Mailaz igo ondoren, bagenekien ez ginela dena irabazten hasiko», esan du Ane Gorostegi jokalariak. «Beste taldeak gu baino maila bat gorago jokatzen egon dira aurreko urteetan. Guretzat liga berri bat da, eta presioa ere beste maila batekoa da».
Ondo entrenatzen ari direla gaineratu du Gorostegik, baina espero zutela maila berrian ez zirela hain erraz ariko. Lehenengo bi partidetan sentsazioak «gorabeheratsuak» izan direla esan du: «Urduritasunak txarrerako eragin digu». Asteburuan hirugarren partida galdu arren, beste maila batean aritu zirela nabarmendu du: «Ligako sailkapenean puntan doan talde baten aurka jokatu genuen, eta irabaztear egon ginen. Beste sentsazio batzuk izan genituen, eta partida oso ona egin genuen».
Bi set irabazi zizkien aurkariei, eta berdinketa hausteko bosgarren setean tanto gutxigatik galdu zuten tolosarrek. «Gure entrenatzaileak esan zigun talde horrek urteak eta urteak daramatzala jokatzen liga honetan, beste lasaitasun batekin iristen direla bosgarren set batera, urduritasuna hobeto kudeatzen jakingo zutela, baina guk harro egon behar dugula lehen postuan dagoen taldeari horrela aurre egiteko gai izan ginelako». Lehen bi partidetan maila «nahiko txarra» erakutsi ondoren, asteburuan «beste kalitate bat» ikusi zela dio. «Gu pozik gaude, eta motibazio txute bat izan da». Maila berrira egokitzen ari direla zehaztu du Gorostegik, eta entrenatzaileak esandakoak ekarri ditu gogora: «Liga honetan urteak daramatzan jendea dago, baita goragoko mailetan jokatukoak ere. Gu, berriz, orain gutxi hasi gara boleibolean jokatzen; nire laugarren urtea da, adibidez. Guretzako salto handia izan da liga honetan aritzea».
Zenbait aldaketa izan dira taldean. Besteak beste, ikasketengatik hainbatek utzi egin dute taldea. Fitxaketa bat ere izan dute, Amalur Gomez astigartarra. «Gure laguna zen, eta aurten taldez aldatzea erabaki du». Beste bi jokalari, Maddi Mokoroa eta Oihane Yurrita, jubenilen taldetik igo dira. «Aurreko denboraldian gurekin ere aritu ziren tarteka, baina aurtengoan denboraldia hasieratik hasi dute». Horrez gain, lehen taldean aritu zen Mireia De la Parra berriz bueltatu da. «Aipatu nahiko nuke fitxa dugun hamahiru jokalari gaudela, baina gurekin entrenatzera beste hiru neska etortzen dira, eta funtsezkoak dira entrenamenduentzako». Entrenatzaileari dagokionez, Esteban Chialvok jarraitzen du postuan.
Taldearen helburua maila berri horretan ahalik eta ondoen egitea da. «Mailara gehiago egokitzen garen heinean, postu on batean geratu nahi dugu», esan du Gorostegik. Bestalde, boleibolaren presentzia indartu nahi dute herrian: «Harrobian dauden neska horiek guztiak talde erreferente bat izatea, eta talde hori maila altu batean lehiatzea. Gazteek lehen taldera iristeko motibazio hori izatea. Horrez gain, boleibolari Tolosan bere tokia ematea, eta, adibidez, partidak Usabalen jokatzeaz gain bertan entrenatu ahal izatea».