Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestrak 45 urte ospatuko ditu

Ataria 2025eko urriaren 29a

Isidro Larrañaga soinujole eta orkestraren sortzailea ere omenduko dute, haren heriotzaren hirugarren urtemugaren atarian; emanaldia azaroaren 7an izango da, 20:00tan hasita, Leidorren.

45 urte bete dira Isidro Larrañaga akordeoi orkestra sortu zutenetik. 1980. urtea zen eta ordurako Isidro Larrañaga Beloki soinujoleak ibilbide oparoa osatua zuen instrumentista lanetan. 1975ean sortu zuen oraindik bere izena daraman musika eskola. Haren eskolak jasotakoak dira mende erdi honetan orkestratik igaro diren akordeoilari ia guztiak. Larrañaga hil zela hiru urte beteko dira abenduan, eta hura omentzeko omenaldia egingo diote orkestraren urteurren festarekin batera. Azaroaren 7an egingo dute emanaldia, 20:00etan hasita, Tolosako Leidor aretoan.

Talde batek hainbeste urte irautea ez dela erraza dio Isitxo Larrañaga orkestrako zuzendariak eta Isidro Larrañagaren semeak: «Ostiralero biltzen gara akordeoia jotzeko eta ikasten jarraitzeko asmoarekin. Orkestrako kideei esker mantentzen dugu hau dena, konpromiso handia dagoelako honen atzean, baita jarrera eta gogoa ere, eta hori gabe ezinezkoa litzake hau mantentzea. Honaino iritsi gara ez zuzendariarengatik, taldekideengatik baizik».

Tolosako Udalaren babesa ere izan dute urte guzti hauetan, eta urteurren festa ere elkarlanean antolatuko dute. Goiuri Eceiza Kultura eta Berdintasun zinegotziak azaldu bezala, «Leidor bada leku bat kanpoko artistak etortzeko, baina herriko eragileentzako etxea ere izan behar du, eta orkestraren kasuan, ondo ezagutzen dute Leidor eta Leidorrek ondo ezagutzen du taldea». Tolosa, eragile kultural asko dituen herria dela gaineratu du zinegotziak, «eta herritarrekin lanean aritzen garenean parte hartze prozesu guztietan agertzen den hitz bat da erreferentea, eta uste dut emanaldi honek oso ondo barnebiltzen duela kontzeptu horren garrantzia; Isidro Larrañaga erreferente bat izan zela, belaunaldi asko hartu zituen babespean eta, zalantzarik gabe, erreferente titulua merezi du».

EMANALDI BEREZIA

Egungo orkestrako kideak igoko dira oholtzara, baina baita urte guzti hauetan orkestratik igaro diren beste hainbat partaide ere. «25. urteurrenean egin zen bezala, iraganeko kideei oholtza partekatzeko gonbita luzatu diegu. Denbora pasa da eta askok akordeoia oso baztertuta izan dute urtetan, hala ere, asko animatu dira eta ia 50 lagun izango gara agertokian bi pieza jotzen», esan du Iñigo Asensio orkestrako kideak.

Bi pieza horiek orkestrari oso lotuta egon diren bi musikariek sortu dituzte. Batetik, Iñar Sastre pianistak moldatu duen Zortzikoa, eta, bestetik, Joxe Mendizabal akordeoilariak ondu duen inauterietako Habaneraren moldaketa: Eronera. «Gure ibilbidean oso barneratuta egon den Zortziko erritmo bat oholtzaratu nahi genuen, eta bagenekien askotan gurekin jo duen Iñar Sastrek osatu zezakeela. Beste hainbat moldaketa eskatu izan dizkiogu, baina San Joan Zortzikoari keinu bat egingo zion pieza original bat nahi genuen. Era berean, orkestrak urtetan inauterietan ere presentzia izan du eta orkestrako kide izandako Joxe Mendizabalen Eronera orkestra formatuan ere jo nahi genuen», azaldu du Asensiok.

Hala ere, horiek ez dira azaroaren 7an estreinatuko diren pieza bakarrak izango, orkestrako kide izandako Xabier Zubeldiari ere eskakizun berezia luzatu baitiote; Larrañaga sortzailearen fandango bat abiapuntu hartuta, hura orkestraren formatura molda zezan. «Erronka bat izan da, Isidroren estiloa eta fandango baten freskotasuna orkestra modura interpretatzea edo egokitzea. Baina oso polita zen aitaren pieza bat jotzea eta ez genuen dudarik egin», adierazi du Larrañagak.

Ibilbideko beste hainbat pieza izan direnak ere joko ditu orkestrak; besteak beste, Pragako europar mailako txapelketan lehen aldiz garaipena lortu zuten Franz Liszten Hungariar Rapsodia kantua. Akordeoia protagonista izan arren, beste hainbat artistek eta gonbidatu berezik ere parte hartuko dute. «Udaberri dantza taldeko kideez gain, tango dantzariak, akrobatak eta bestelakoak izango ditugu. Ander Zubillaga gitarra elektrikoan, Ioritz Alberdi baxu elektrikoan eta Klara Mendizabal sopranoa ahotsean ere oholtzan izango ditugu Ghost Love Score abestian», gaineratu du Asensiok.

OMENALDIA

Aipatu bezala, urteurren festarekin batera, omenaldia ere egingo diote orkestrako sortzaile izan zen Isidro Larrañagari. «Momentuan jende askok idatzi zigun, omenaldiren bat egin nahi bagenuen, parte hartzera etorriko zirela. Arrazoi ezberdinak medio momentuan ez egitea pentsatu genuen, baina etorkizun hurbilean orkestraren 45. urteurrena zegoela ikusita, hura omentzeko une ezin hobea zela erabaki genuen», kontatu du Asensiok.

Horretarako Larrañagaren dokumental bat ontzen ari da Asensio, eta horren aurrerapena ikusteko aukera izango da urteurren festan ere. Asensio, orkestrako kide izateaz gain, kazetaria eta dokumentalgilea da, eta urteak egin ditu Larrañagaren hainbat momentu grabatzen. Plano guzti horiek beste hainbat protagonisten elkarrizketekin jostu ditu eta horren emaitza izan da dokumentala. «Aspaldi hasi nintzen, jakitun Isidroren mailako musikari batek behar zuela dokumental bat izan. Nolabait haren istorioak kontatzen duelako ere orkestraren istorioa bera», azaldu du.

Dokumentala 2026an amaitu eta estreinatuko dute, baina ekitaldi berezi hau ere baliatu nahi dute herritarrei ikus-entzunezko zertzelada batzuk erakusteko.

Dagoeneko sarrerak salgai daude, eta horretarako interesa dutenek Leidor aretoaren leihatilan edo leidorantzokia.janto.es webgunean dituzte salgai, 5 euroko prezioan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!